abendua 13, 2023

AZPIAZU ANAIA-ARREBAK BILBON "MIRENTXU" ABESTEN, 1960an

Ezkerretik, Amaia, Pako eta Txaro
San Jose ikastetxeko patioan

1960ean gertatu zen. Mondragón sortu zuteneko zazpigarren mendeurrena ospatzen ari zela denetariko ekintzak antolatu ziren herrian eta entzutetsuenetakoa musikarekin izan zuen zerikusia. “Nire hautzaroko Arrasaten” (1996) liburuan argitaratu nuen:

“Guridiren “Mirentxu”rekin iritsi zen musika egitaraura, Arrasate Mondragón bihurtu zeneko zazpigarren mendeurrena ospatu zenean. 1960ko ekainaren 11, 12 eta 13an, Jesus Aranbarriren zuzendaritzapean, antzezpen musikatua borobildu zuten Arrasateko artistek Ideal Cineman. Baliteke izatea Aranbarrik zuzendutako azken obra, hurrengo hilean hil baitzen. Eszenako zuzendaria, berriz, Fertxu Aranburu izan zen. Urte bereko abenduaren 22 eta 23an Bilboko Coliseo Albian errepresentatu zuten obra eta Fertxuri “regidor de escena”ren titulua eman zioten egitarauan”

Arrasateko emanaldietan, hiru gaztetxok hartu zuten parte, dantzatuz eta abestuz. Publikoa irabazi zuten euren iaiotasun eta artearekin anaia-arrebak ziren, Amaia, Txaro eta Pako.

Bilboko emanaldi hartara ez zen Arrasaten aritutako abeslari eta musikoen talde berdina joan. Bilboko ABAOk antolatu zuen - "Mirentxu" obraren mende erdia gogoratzeko- eta Bizkaiko hiriburuko Sociedad Coral eta ABAOko koruetako abeslariekin osatu zuten elenkoa. Arrasatetik hiru lagun bakarrik joan ziren, aipatu Fertxu Aranburu (1) eta horren loba Txaro eta Pako Azpiazu gaztetxoak. 
Deigarria da, dena den, ABAOren esku-orrian hiru gaztetxoen argazkiak agertzen zirela eta hiruak zeuden programatuta. Baina, diodan moduan, Txaro eta Pakok bakarrik abestu eta dantzatu zuten espektakuluan, neska Bixenta bezala eta mutikoa Teodororen paperean. Modu txukunean egin bide zuten euren lana, “La Gaceta del Norte” egunkarian, S.Ruiz-Jalon kritikoak abenduaren 23an idatzitakoari erreparatuz:

“La orquestación de “Mirentxu”, el manejo de voces, los coros, todo parece prendido en el paisaje, del que la música de Guridi ha tomado sus delicadas tonalidades. Pero también hay perfiles netos, como la canción de los pequeños cuando entran en escena siguiendo el vuelo de los pájaros, y que en un delicioso motivo popular, cantado muy bien por los pequeños María Rosario y Francisco Azpiazu, cantado con verdadera gracia y mímica. ¡Bien por los chavales”

Pakok oroitzen duenez, espektakulua amaitu zenean Txaro eta berarengana gizon bat hurreratu zen eta egindako saioarengatik zoriontzeaz gain opari bat egin nahi ziela azaldu zien neska mutikoari. Txarok erantzun zion: “Bizikleta bat” Eta handik zenbait egunetara azpiazutarren etxera txirrindua heldu zen, hiru anaia-arrebentzat. Oparia egin ziena Jesus Garay zen, Athleticeko futbolaria, Barcelona C.Fk fitxatu berri zuena.

Musika abentura txiki bat hiru arrasatear gaztetxo haiek duela hirurogeita hiru urte bizi izandakoa! Bai horixe. 

ABAOk prestatutako esku-egitarauan Bilboko Coliseo Albiaren eszenategira atera ziren artista guztien argazkiak ikus zitezkeen eta haien artean zeuden gure hiru ordezkarienak ere:


(1) Fertxuk ere abestu behar izan zuen Bilbon, abeslari protagonista bat gaixotu ei baitzen.

Argazkiak: Pako Azpiazu

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina