azaroa 29, 2023

EUSKARAREN EGUNA ARRASATEN. 1927


Nahiko luze aritu nintzen duela asko 1927an Arrasaten ospatutako Euskararen Egunaz. Eta gaur gaira itzuli nahi dut “Euzkadi” egunkariak ekintza haren gain adierazitakoa hona aldatuz. Interesgarria iruditu zait euskararen inguruan gure herrian izandako mugimendua bere osotasunean kokatzeko. Argazki bat besterik ez da baina pelikula osoa ulertzen lagun dezakeelakoan nago. 
 
Arrasateko Plaza, 1927ko Euskararen Egunean
Artikulu hura “Luzear” izenordearekin sinatzen zuen Ander Arzelus Toledo donostiarrak. Normalean, El Dia eta Argia egunkarietan idazten zuen baina egun hartan Euzkadiko orrialdeak ireki zitzaizkion eta bertara bota zuen Arrasaten ikusitakoaren gaineko iritzia. Irailaren 3 eta 4an izan ziren ekintzak eta 11ko bere kronikan honela deskribatzen zuen “Luzear”ek: 

Arrasateko erriak, euskal anaitasuna nai dutenai ongi-etorria Ona arrasatearrak nai zutena garbi adieraziaz, erri sarreran gure begiak aurren-aurrena arkitu zuten idazkuna. Ta euskal anaitasun bila bazebiltzan, biotza zabal eduki lezakete arrasatear anaiak, egun osoa anaitasun orren agerkairik biñañena izan zalako. Itxaropen aundia generaman baña askoz aundiagoa ekarri degu andik. 

Aurrerantz ez dira jai antolatzaileak nora jo ez dakitela ibiliko: jai orrek nun eta nola egin bear diran erabakiko duan bazkun bat izango bai-dute. Bazkun oneri laguntzea izango da aurrera errietako eukaltzaleen egin bearra. Batzorde orren berri emango degu. Jaunak bere argia bialdu  bezaie bazkun berria bide zenetik eraman dezaten” 
 
Peli Ugalde euskaltzalea
“Luzear”ek aipatzen duen batzorde horretan arrasatear bat sartu zen, karlista eta euskaltzalea bera, Antonio Pagoaga, hain zuzen. Besteak oso izen ezagunak genituen euskal mugimenduan – Arzelus bera, Linazasoro, Urreta, Labayen- eta horiek eragingo zioten aurrerantzean Euskararen Egunen nondik norakoari, jaiaren arrakasta bermatze aldera. Kronikari honela ematen zion amaiera “Luzear”ek: 

“Gu onenbestez etxeratu giñan, esan bezela eramandako itxaropena geituta, biotza onelako jai gose aundiagorekin, an uzten genitun anai maite guziai bostekoa estutu ondoren. Eskerrak jai ori eratzen alegin osoan ibili diran euskaltzale sutsu guziai ta batez ere gure lagun on-ona dan Ugalde tar Peli, zarata ta ixkanbila gabe, apal-apal, lan egin bear zan tokian bakarrik arkitu genuen eusko anai jatorrari. Peli, Arrasateko euskal egun ori guziak gogoan izango degu: an izan giñanak izan giñalako ta izan etziranak, orrexegatik, izan etziralako. Betoz, betoz, zorionean euskal egunak

Argazkiak: JMVM 

EUSKARAREN EGUNAZ GEHIAGO:

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina