|
Inaugurazio-ekitaldia, 1973ko apirilaren 2. Ezkerretik, Josiña Etxebeste, Zahdi Labib, Pedro Basterretxea, Mohamed Haraga, Santiago San Martin, Alfonso Gorroñogoitia, Javier Mogelos eta ezezaguna |
Gaurko ekarpen honetan, duela
berrogeita hamar urte Arrasaten izandako ekintza baten gaineko aipamena egin nahi
dut. Egunkari zaharretan arakatzeko nire zaletasunak ahalbideturik, Arrasate S.C.I-ren eskutik 1973ko apirilean garrantzi handiko jardunaldiak antolatu zirela irakurtzeko aukera izan dut eta horixe konpartitu nahi dut irakurleekin.
"Jornadas de
aproximación a la cultura y problemas del mundo árabe" izeneko ekintza izan zen. Zer dela eta?
Aipatu kooperatibak irabazi berri zuen Libian soldatutako hodiko lantegi bat
eraikitzeko konkurtsoa, mundu guztiko beste lehiakideen artean, eta enpresaren buruei otu zitzaien aukera ona
zela mundu arabiarra arrasatearren aurrera ekartzeko. Eta, aldi berean, pentsatu zuten Arrasatetik Libiara lanera joan
beharko zuten tekniko eta langileentzat lurralde haren gaineko berri zabala ez zitzaiela gaizki etorriko. Egitarau
erakargarria osatu zuten jardunaldietarako. Irakur dezagun iragarritakoa
“1. El mundo árabe-musulmán y occidente. Hoy y ayer 2.Formación de la
cultura árabe-musulmana. Arabia. Concepción del mundo preislámico. El sentido
del Islam. La misión de Mahoma. Expansión del Islam y sociedad política, ley y
derecho. 3. Desarrollo de la cultura árabe-musulmana. El original de la
espiritualidad islámica. El encuentro con la ciencia y la filosofía de la
antigüedad. 4. Las aportaciones del mundo árabe-musulmán. Europa, año 1000.
Conocimiento de la cultura helenista a través de los árabes. La península
ibérica y la Escuela de Traductores. Aportaciones científicas, teológicas y
místicas, filosóficas, económicas y políticas. 5. El agotamiento de la cultura
árabe-musulmán clásica. Migraciones mongolas y turcas. 6. El renacimiento del
mundo árabe-musulmán. La rebelión árabe ante el colonialismo. Porvenir del
mundo árabe-musulmán”
Arrasate S.C.I-ren garaiko zuzendaritza batzordeko burua zen Josiña Etxebestek jardunaldiak aurkeztean
azaldu zuenez, beren enpresako langileentzat ez ezik, Ularcoren gainerakoentzat
eta, oro har, euskal erakundeentzat ere interesgarriak ziren, mundu
arabiarraren eta gurearen arteko zubiak sendoagoak bilakatzeko bitartekoa
bilaka baitzitezkeen. Eta gehitzen zuen:
|
Miguel Cruz Hernandez |
"Uste dugu herri desberdinen arteko ezagutzak esfera ekonomikotik at
ere egon behar duela, eta arlo kultural, historiko, erlijioso eta politikoa
hartu behar ditu kontuan giza-maila batean jartzeko, hornitzaile-bezero
binomioa aberastuz, adiskidantza, elkar ulertze eta kooperazioaren bidez"
Jardunaldien hasiera
apirilaren 2an, astelehen arratsaldean izan zen, herriko Udaletxearen areto
nagusian eta inauguraziora Mohamed Haraga Libiako enbaxadorea azaldu zen
Arrasatera. Berarekin batera, ekitaldian Zahdi Labib Estatu Arabiarren Ligako
ordezkaria ere egon zen; halaber, Santiago San Martin Gipuzkoako Diputazioaren lehendakari ordea
eta, noski, Arrasateko agintariak Pedro Basterretxea alkatea buru. Alkateak
enbaxadorea Urrezko Udal Liburuan sinatzera gonbidatu zuen eta Arrasateri
buruzko euskaraz eta gaztelerazko argitalpen batzuk oparitu zizkion.
Arratsalde hartako saioan,
Gillen Azkoaga Ularcoren Formakuntzarako Zerbitzu buruaren hitzaldi txiki bat
izan zen, Miguel Cruz Hernandez (1) Salamankako Unibertsitatearen
katedradunaren ikasgai magistralaren aurretik. Katedraduna kultura arabiarra
eta mendebaldeko munduari buruz aritu zen.
Jardunaldiek jarraipena izan
zuten hurrengo egunetan Ulgorreko areto nagusian, Pedro
Martinez Montavez (2) Madrilgo Unibertsitate Autonomoaren katedradunaren hitzaldiarekin; eta Eskola
Profesionalean, Islamiar Ikaskuntzen Institutuak utzitako pelikula baten
proiekzioarekin eta Mahmud Sobh eta Pedro Martinez Montavezen
olerki-errezitalekin.
Horra hor, Arrasatetik mundu
arabiarraren aurkezpen xume baina baliotsuaren laburpena. Diodan, nik ditudan kazeta-erreferentziak
herriko korrespontsalei esker lortu ditudala. Tokiko informazioaren txokoan
agertu ziren egunkarietan. Arrasate urruti, oso urruti zegoen eta dago, informazioa zerbitzatzen diguten zentroetatik. Jardunaldi haiek ez zuten, antza
denez, argazki bakar bat ere merezi izan Gipuzkoarako. Eskerrak Josiña Etxebesteri, ekitaldietako Epelderen erreportaje grafikoa gordetzeagatik.
A! eta Arrasaten
jardunaldiak eskaintzen ari ziren bitartean, Anwar el Sadat Egiptoko
presidenteak “erabateko konfrontazioa” aldarrikatzen zuen Israelekiko, eta Gaddafik
“mugimendu azkarrak” iragartzen zituen judutarren kontra. Golda Meier Israeleko
lehen ministroak zioen Richard Nixonek arma gehiago agindu ziola. Eta Parisen
buruzagi palestinar bat hil zuten Israeleko zerbitzu sekretuek.
Argazkiak: Josiña Etxebeste
(1) Miguel
Cruz Hernández, politiko, filosofo eta arabiar munduan aditua zen; Salamankako
alkatea izan zen Francoren garaian, Albaceteko gobernadorea eta trantsizioan
estatu idazkaria.
(2) Pedro
Martínez Montávez, arabiar kulturan aditua, Hiizkuntza Arabiarraren
Ammango Akademiaren kidea eta Herri Palestinarraren Lagunen Elkarteko
lehendakaria izan zen. 2023an hil da.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina