martxoa 15, 2023

JUVENTUD DEPORTIVA MONDRAGON ETA KRISIA HERRIKO FUTBOLEAN


Arrasateko futbolaren historia txikian badira zenbait barne historia eta kirol modalitate horren bilakaera gradu zehatzean ulertzeko gogoan eduki beharko lirateke, nahiz eta gehienetan ihes egingo duten, ziurrenik herritar gehienontzat bat ere axolarik izan ez dutelako. Egia esan, iragan denboraren ikuspegitik aztertuta ia-ia ahaztuta geratu dira gorabehera asko, baina iruditzen zait pelikula osoko fotograma batzuk berreskuratzea interesgarria gerta daitekeela. Eta futbolaren historiari buruz apurtxo bat idaztea erabaki nuenean gaur dakardan istorioa ere osagai garrantzitsua zela pentsatu nuen. Ez noa ezer asmatzera, izan ere ondoko datu gehien-gehienak idatzita daude. Horrek ez du esan nahi, inolaz ere, egia hutsa denik, finean egia aurpegi askotakoa baita, nork begiratzen dionaren araberakoa. 

Juventud Deportiva de Mondragón elkarteak 1963an publikatutako memoria-txosten batean oinarritu naiz gaurkoa idazteko. Txosten haren sarrerak zalantzarako zirrikitua uzten zuen irekita, ez baitzegoen oso garbi zein zen txosten egileen benetako asmoa, batez ere “No llevamos ningún ánimo polémico” esaeraren atzean zetorrena zertara zetorren galdegai geratzen baitzen. Baina noan txostenaren laburpeen txiki batekin.

Juventud Deportiva de Mondragón (JDM) 1941ean jaio zen, gizarte garapenaren atzetik zebiltzan herriko gazte batzuen eskutik. Ez zen soilik kirol ariketa bultzatu zituena, baina izatez – eta gazteen artean normaltzat har daitekeen moduan- kirol praktikak, eta batez ere futbolak, protagonismo handia hartu zuen hasieratik. 

Idatzi nuen aurreko batean, gerra osteko gizarte giroa ez zela oso samurra Arrasaten eta zauri ireki gordinak nabaritzen ziren herritarrengan. Arrasateko kirol suspertze lanetan Jose Mari Urangak burutu ahalegin eta ekimenaz aritu nintzen beste behin – Unión Deportiva Mondragón sorraraziz, eta haren deskribapena nahikoa da mundrautarren arteko harreman zailari buruzko ideia zehatza egiteko. Baina urtean aurrera zihoazen eta normaltasuna heltzen ari zen kaleetara… Teorian, behintzat. Uranga herriko luistarren lehendakaritzatik garatu zuen bere lana, eta 1940ko uztailean utzi zion Unión Deportiva Mondragonen lehendakari izateari.

Gertatu zen, eta Jose Mariren erabakiarekin zerikusi izango zuelakoan nago- 1940ko maiatzaren 10ean hogei gaztek Ekintza Katolikoaren Gazte Elkartea sortu zutela, Rafael Amozarrain lehendakari hautatuz. Helburuetariko bat, kirol praktika areagotzea zen. Hori dela eta, 1941eko ekainaren lehenean, JDM elkartearen lehen ekintza izan zen, modu ofizialean. Egun hartan, Maalako futbol zelaian, Ekintza Katolikoaren Gazte Elkartearen sail autonomo bezala aurkeztu zen JDM, artean Juventud Deportiva de Acción Católica. Lehendakaria Jose Aiala izango zen. Berarekin zuzendaritzan, Alvaro Oregi, Luis Aretxaga, Jose Egidazu, Pako Azpiazu, Eugenio Balzategi, Imanol Arizaga eta Bizente Sagasta zeuden. 
Jose Aiala

Esan behar da Jose Mari Urangaren zuzendaritza batzordean egon zela Aiala, baina 1939-40 amaitzear zegoela dimisioa azaldu zuen, arrazoi bitxi batengatik. Denboraldian jokalarien artean agindutako primak amaiera osteko afari batean inbertitzea zegoen adostuta. Baina hilabete bat falta zela, hiru futbolarik espainiar armadara joateko deia jaso zuten, hain zuzen ere gerran abertzaleekin borrokatu zirenak: Ramon Aranbarri, Roman Fernandez eta Benito Etxebarria. Orduan, jokalari guztiak afarian egon ahal izateko, zuzendaritzak hura aurreratzea erabaki zuen. Jose Aialak ezetza eman zuen eta ondorioz zuzendaritzan egoteari utzi zion.

Baina itzul gaitezen 1941eko ekainaren lehenera. Egun hartako kirol egitarauan honakoa iragarri zen: atletismo erakuspena, Gipuzkoako zenbait herritako atletekin. Arrasateko Rafael Agirre eta Maria Luisa Atekak prestatutako Euskal Dantza Talde Mistoaren erakuspena. Eta azkenik, futbol partidua. Aurrez aurre, Gasteizko hamaika jokalari eta Juventud Deportivakoak. Beraz, lehen aldiz izen horrekin aritzen zela. Diodan, gasteiztarrak Angel Sukiak - artean Gasteizko Apaiztegiko agintarietako bat, eta urtetara kardenala izango zena- hautatu zituela. Suposatzen dut, beraz, futbolariak apaizgaiak izango zirela. 

JDM sailetan egituratu zen: dantza, antzerkia, areto kirolak, futbol, pilota, atletismo, mendirako zaletasuna, uda txangoak eta abar, bakoitza bere arduradunekin. Finantzazio bide bezala, tonbola, zozketa eta kiniela batzordeak osatu ziren. Maalako zelaiaren jabeekin sinatu zuen hura erabili ahal izateko kontratua, 425 pezeta urteko, baina 1943an terrenoa Elmari saldu zioten eta JDMk beste toki baterako urratsak eman behar izan zituen. Aurrenik, Osiñako landan egokitu zen futbol zelaia, probisionalki. Eta aukera desberdinak aztertu ondoren, azkenik Uribarri auzoko Uribar Zubi baserriaren ondoko Iturripera jo zen, 16.000 metro karratuko lautadatxoa zeukana.

Juventud Deportiva de Acción Católica  zen futbol taldearen zamari eusten ziona eta ekonomikoki defizitarioa zen: 1944an, 13.000 pezetako galera eman zuen. Uribarriko terrenoak eta egokitzapenerako gastuak 194.286 pezetaraino heltzen ziren eta JDAC-ek Gipuzkoako Aurrezko Kutxara eta Banco Guipuzcoanora jo zuen, maileguaren eske. Bankua prest agertu zen 90.000 pezeta hipotekarik gabe uzteko, baldin eta herriko enpresa batzuek bermea eskaintzen bazuten. Horrezaz gain, maileguak %4ko interesa izango zuen. Eta betiko enpresek aurrerako urratsa eman zuten. Honela banatu zen maileguaren bermea: Unión Cerrajera (% 50) Elma (% 20) Asam (% 8´5) La Industrial Mondragonesa (% 8´5) ABC (% 5) MCM (% 5) Altuna, Garay y Cia (% 3) 
Iturripe zelaia egokitzen, 1945eko maiatza

Goi mailako dirutan sartuta, Ekintza Katolikoaren baitan planteatu zen kirol elkarteri nortasun juridiko berezia ematea eta horrela jaioko zen Juventud Deportiva de Mondragón, katolikotasunaren gaineko izenondoa kenduz. Estatutuak Ignazio Goikoetxea Arrasateko legegizonak erredaktatu zituen eta Ekintza Katolikoaren zentroan  1944ko apirilaren 10ean onartu ziren. Urte hartako irailaren 12an JDM-en sortze batzarra burutu zen. Zuzendaritza Batzordea honela geratu zen: lehendakaria, Jose Aiala; lehendakari ordea, Bizente Sagasta; idazkaria, Luis Aretxaga; diruzaina, Enrike Landaluze; bokalak, Luzio Berezibar, Jose Luis Urzelay eta Jabier Aranzabal; kontsiliario, Jose Maria Arizmendiarrieta.

Iturripeko zelaiaren inaugurazioa 1945eko ekainaren 24an izan zen, Artziprestazgoko Kongresu Eukaristikoaren amaiera bezala. Ordurako, zelai berriaren kostua 217.000 pezetakoa zen. Argitu behar da, terreno haiek erosi zirenean Iturripeko hegoaldean gorde zela zati bat Eskola Profesionalaren etorkizuneko hedapenerako. Eta horren gainean Rikardo Olaran arkitektoak 1947an Eskola Profesional Berriaren aurreproiektua prestatu zuen. Handik gutxira, Eskola Profesional Berriaren Promoziorako Plana eta JDM-en Kirol Instalakuntzen Plana bateratu egin zituzten eta Iturripeko terrenoak expropiatu egin ziren Eskola eraiki ahal izateko. Iturripe berria Eskolaren inguruan egingo zen. 
Iturriperen inaugurazioa, 1945eko ekainaren 24

Bien bitartean JDM-en ekintza, batez ere, futbolaren barruan ematen zen. Gaurko nire ekarpen hau idazteko oinarritzat hartu dudan memoria-txostena oso gogorra da JDM-en baitan eramandako kudeaketari dagokionez. Begira zer dakarren zati batean: 

“Será preciso que reconozcamos que también a nosotros nos alcanzó el contagio peninsular de la “futbolitis” Hemos conocido crisis de directivos realmente lamentables, hasta el punto de resultar difícil la caza de presidente por las dificultades económicas antes aludidas, o también situaciones inexplicables de directivos que asumieron los cargos considerándose portavoces de intereses imaginarios, con actitudes de intransigencia o cerrazón dignas de mejores causas” 

Edota beste hau ere, argigarria, guztiz, elkartean bizi ari zen giroa azaltzen duena: 

Rafael Amozarrain
“En realidad las condiciones en que se desenvolvía el fútbol y los criterios administrativos de sus directivos no podían conducir a otra cosa que a la acumulación de dificultades en cada ejercicio. De hecho, los espectadores del fútbol, sus socios de numero y abonados, no han cubierto a lo largo de ese período los gastos de sostenimiento del fútbol” 

Baina, nik uste dut, arazoa ez zegoen bakarrik alde ekonomikoan. Ordurako – 1963an JDMk ondasun ugari zituen, besteak beste 1947an erositako Gurea zinea.  Zertara zetorren, bestela, memoria-txostenean irakurtzen zen beste hau? 

“Hay alguien en Mondragón que en buena ley pueda tener celos por la ayuda mutua que pudieran prestarse estas dos instituciones la Escuela y Juventud Deportiva,… ¿Hay alguna incompatibilidad…? ¿Es que el porvenir de nuestro pueblo y de nuestros jóvenes no requiere de esta acción paralela o complementaria?... 

Jose Martinez de Ubago
Se han hecho a lo largo de 18 años tres ediciones de los estatutos… Se pueden reclamar derechos inexistentes cuando los socios de número que de ello presumen podrían informarse debidamente mediante la lectura de unas pocas páginas… Tal vez, si hubieran podido disponer de algunos falsos estatutos cabría hablar de la existencia de buena fe en estas reacciones. Pero o no han leído ningún estatuto o si lo han leído no han podido menos de ver bien claras las cosas” 

Eta 1963an JDM-ek berak deitzen duen Hirugarren Etapari eman zitzaion hasiera. Aipatu memoria-txostenean zioten bezala, aurrekoak baino aberatsagoa izatea espero zuten, batez ere, kirol praktikari zegokionez. Ondorioz, futbol saileko zuzendaritza batzordeak –Agustin Maidagan buru-  dimisioa azaldu zuen eta Rafael Amozarrainek eskuratu zuen JDMen lema. Baina 1965-66 denboraldian JDM-en futbol saileko bazkideek uko egin zioten bertan jarraitzeari eta futbol elkarte berri bat sortu zuten: Mondragón Club de Fútbol. Presidentea, Jose Martinez de Ubago izango zen.

Argazkiak: JMVM

ARRASATEKO FUTBOLARI BURUZ GEHGIAGO

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina