apirila 20, 2022

ARRASATEKO LASAGABASTER “MALALETXE”. OROITZAPENAK

 

Guillermo Lasagabaster
Aitortu behar dut “Malaletxe. Haritzaren ezpala” liburuxka nire eskuetara heldu zenean egundoko ezustea eraman nuela, arrazoi bikoitzarengatik: pertsonaiaz ezer gutxi nekielako, eta heldu zitzaidaneko bidearengatik. Guillermo Lasagabaster Gorosabel “Malaletxe” arrasatearra, batez ere, erreferentziaz ezagutzen nuen, Jesus Trincado zenarekin hamarkadatan izan nuen gutundegiko apunteetan agertzen baita noizean behin. Bestalde, Miren Altuna eta Juan Ramon Garai “Memoria partekatu baterantz” liburuaren egileek ere toki ematen diete Lasagabasterren dokumentuei. Horrezaz gain, oso azaleko ezagutza zen nirea, bat-batean etxera “etorri” zitzaidan pertsonaiaren gain.

Esan dudan moduan, liburua ezohiko bide batetik erdietsi nuen. Karmele Zuatzubizkar lagunak igorri zidan, berez moldiztegiko oinik ez duen liburuaren ale bat. Eta alde honetatik ere, misterio apur batek estaltzen du – niretzat behintzat- oparitxoaren nondik norakoa, izan ere Karmelek ere ez dauka oso garbi nola eta zergatik heldu zen bere eskuetara orijinala. Nork utzi zuen bere etxean, hori bai: Jose Mari Ugalde Ariznabarreta “Larguito”. Duela hamabost urte izan zen hori, eta ordudanik gauza asko jazo dira… besteak beste Ugalderen heriotza, 2017an. Informazio iturri zuzena izan zitekeenaren faltan, eta inportanteena liburuaren mamia zenez gero, irakurtzeari ekin nion.

Diodan, autobiografia bat dela, baina zenbait pasartetan hirugarren batek betetzen ditu  Guillermo Lasagabasterrek utzitako hutsuneak, edota horrek emandako pistei jarraitzen diena, datu gehiagoren bila. Eta iruditzen zait izenik gabeko “beltz” horrek argi apur bat jartzen duela, apunteen sortzailearen datu eta uneko ikuspuntuen jarioan. Distantziaren objektibitateak lagundu egiten dio osotasunari.



Idazle “anonimo” horrek (1) ematen ditu, bestalde, Guillermoren gaineko datu pertsonalak. Horrela ezagutzen dugu, sendi errepublikazale baten baitan jaio zela 1907an, eta Unión Cerrajera S.A enpresan sartu zela lanera hamalau urterekin, Felix Arano maisuaren ikasle izan ondoren. UGTn afiliatu zen eta 1934ko gertaera odoltsuetan esku hartu zuen,  Arrasateko Iraultza Batzordearen kidea zenez.

Liburua, gehien bat, Guillermo Lasagabasterrek berak idatzitako apunteek osatzen dute. Miguel Amilibia Matxinbarrena Gorteetako diputatu donostiarraren eskabideari jarraiki ekin zion arrasatearrak idazteari eta baita ekarpena Amilibiak Ameriketara eraman ere 1939 aldean. Itxura guztien arabera Guillermo 1966an hiltzean artean esku izkribuak berreskuratu gabe zeuden. Felix semea izan zen koadernoak urte batzuk geroago hartu eta itxura emateari lotu zitzaiona. Miguel Amilibia eta bere anaia Tatxo izan ziren 1934ko iraultzaren osteko epaian arrasatearrak defendatu zituztenak eta orduan sortu zen Miguel eta Guillermoren arteko adiskidantza.

Liburuan Guillermoren oroitzapenak biltzen dira, 1936ko kolpe militarra eta 1939ko azaroaren 9 bitartekoak. Azken data horretan utzi zion idazteari Guillermok, ziur asko Miguel Amilibiak eraman zituelako ozeanoz bestaldera esku izkribuak, hamarkada batzuk igaro ondoren Guillermoren sendiari itzuli zitzaizkionak. Bitxia bada ere, eta ni oso oker ez banago, Guillermoren emaztearen izena agertzen den arren abizena ez da inon irakurtzen. Berehala zuzenduko dut nire hutsa, emakume hura Angeles Ugalde arrasatearra izan ez bazen. Elorrion ezkondu ziren eta Felix eta Edurne seme alaba izan zituen bikoteak.

Lasagabaster, Arriaran eta Laspiur
sozialista arrasatearrak Tarbesen, 1947an
Testuaren bloke nagusia, Guillermo Lasagabaster eta Fermin Ibañez Azkoaga “Faja Roja”
arrasatearrek Santanderreko Corban Apaiztegian egokitutako kontzentrazio eremutik burututako ihesaldiari dago egokitua. Eta oso erakargarria egiten da kontakizuna, hurbildik aurkezten baititu Lasagabasterrek bizi izandako abentura gogorrak. Santander-Donibane Garazi ibilbidea oinez egin zuten bi iheslariek eta oraingo lasaitasunetik gustura irakurtzen dira, ezagunak ditugulako aipatzen ditut,  Aramaio eta Arrasatetik igarotzean jasandakoak.

Guillermok berak kontatzen duenez, Santanderreko Kontzentrazio Eremuan zegoenean, kartzelari batek abisatu zion bere bizia arriskuan zegoela, Arrasatetik iritsitako informeak kontrakoak baitzituen. Labur bilduz, Marcelino Orejaren hiltzaileetariko bat izatea leporatzen zioten, pistolari, sozialista eta Donostiako Maria Cristina Hotelaren erasotzailea izateaz gain. Ondorioa heriotza zigorra zen. Zirkunstantzia haietan Angeles emaztea eta Felix astebeteko semea izan zituen bisitan, 1937ko urriaren 16an. Eta orduantxe erabaki zuen ihes egin behar zuela.

Bere asmoaren berri eman zien bertan zeuden arrasatear batzuei eta Fermin Ibañezek erantzun zion bera ere prest zegoela handik alde egiteko. 1937ko urriaren 18an burutu zuten ihesa. Eta bidean gorriak eta bi pairatu ondoren azaroaren 25ean ailegatu ziren bi arrasatearrak Ipar Euskal Herrira. Merezi du irakurtzea, askatasun egarriz dagoen pertsonak norainoko gaitasuna duen jabe gaitezen.

Guillermo, Angeles eta Felix semea

Baina ez zen Donibane Garazin Lasagabasterren abentura amaitu, izan ere Euskadiko Gobernuaren Ordezkaritzaren bitartez, Kataluniako frontera aldatzea eskatu zuen eta 1937ko abenduaren 14an hara iritsi zen. Oso kontakizun mingotsa egiten du Guillermok Kataluniako kanpainari buruz. Miliziano eta ezkerraren joko maltzurraz jabetuta zeharo galdu zuen ilusioa borrokarako eta indar faxistek bultzatuta 1939ko urtarrilaren 31an Frantziako mugaz bestaldera igaro zen, eta Argéles sur Mer errefuxiatuen esparrura sartu zuten.

Errefuxiatu berri baten bizitza hasten zen orduan eta 1939ko martxoaren 15ean EAJ-n afiliatzea eskatu zuen. Munduko gerrak, bestalde, zenbait tokitara eraman zuen hala beharrez sendiarekin edo bakarrik, eta Frantzian ez ezik Austria, Polonia eta Alemanian bizi izan zen. Azkenik, Tarbes lurraldeko Ossun herrixkan egokitu zuen sendiak bere egoitza, eta bertaraino biltzen ziren inguruetako adiskide arrasatearrak, iraganeko istorioak elkarri azaltzeko eta etorkizun hobearen alde topa egiteko. Guillermo Lasagabaster Gorosabel Ossunen hil zen, 1966an.

Amaitzeko, diodan liburuxka horren kopia Arrasateko Liburutegi Publikoan dagoela, irakurri nahi duenaren zain.

       (1)    Bihoakio nire eskerrona, egin duen lan politarengatik.

      Argazkiak: Liburutik aterata

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina