Lehen
karlistadak (1833-40) gogor jo zuen Aramaion eta bere ondorioak sakon nabaritu ahal
izan ziren ibarrean. Alde bateko eta besteko armadak liskar odoltsu
jarraikietan sartzen ziren eta herriak pairatzen zuen ondorioa. Gora behera
askoko aroa izan zen eta Aramaioko udalak denetariko presio eta aldaketak bizi
behar izan zituen, orain liberala - Isabel II erreginaren aldekoekin- bihar karlista - Carlos V hautagaiarekin zeudenekin- izatera pasatuz.
Verasteguik sinatutako dokumentua |
Dokumentu
bat dakart gaur hona, 1837ko apirilekoa. Ibiltzeko babesa zen, Aramaion
karlistak nagusi izan ziren unekoa, eta bitxikeria bezala azaldu gura izan dut.
Idazkia Aramaion bertan dago sinatua, nork eta Valentin Verastegui Arabako
karlisten buruak.
Dokumentuan
Verasteguik babesa ziurtatzen dio Gervasio Saenz de Sampedrori Nafarroara igaro
ahal izateko. Arabako Zalditeriako Eskuadroiko kadetea zen Gervasio eta ziurrenik misio
sekreturen batek eramango zuen nafar lurretara.
Gervasio
kadetea Guardian jaioa zen, 1816an, eta Casimiro Saenz de Sampedroren semea
genuen. Azken hau eta Valentin Verastegui izan ziren 1833an Arabako karlisten
buruzagitza eskuratu zutenak, Fernando VII hil ondoren. Biak armada
absolutistan ibilita gero – 1830ean Mina jeneralaren inbasio liberala zanpatu
zuten- Isabel IIaren kontra eta karlisten aldera egin zuten.
Valentin Verastegui gasteiztarra zen
(1789) Prudencio Maria Verastegi zientzia gizon eta Diputatu Nagusi izandakoaren
semea. Legeak ikasi zituen Zaragozan.
Napoleonen kontrako gerran aritu zen eta 1826an Arabako Diputatu Nagusia
hautatu zuten. 1833ko urriaren 7an Arabako milizien
buru nagusi izendatu zuen bere burua. Gasteizera sartu zen eta Don Carlos V
aldarrikatu zuen errege, foruei zin eginez. Diputazioa baliogabetu zuen,
Gobernuko Batzorde Nagusia sortu zuen eta bera lehendakari jarri zen.
Lehen
karlistadako egokiera hartan Arabako buru bezala aritu ondoren, 1838ko
ekainean, Urizaharreko batailan, karlistak garaituak izan ziren eta ondorioz
Verasteguik alde egin behar izan zuen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina