apirila 08, 2015

MONDRAGONES HIL DA. 1965



1917an txapeldun

Aste honetan betetzen dira berrogeita hamar urte pilotak emandako txapeldunik bikainenetakoa hil zela. Erramu Igandea zen, aste santuko ataria, 1965eko apirilaren 11. Euskal Herriko pilotaririk erraldoienetakoaren bizia betiko itzali zen Arrasate bere jaioterrian: Juan Bautista Azkarate Egaña Mondragonés pilotari mitikoa historia izatera igaro zen. Herria lutuz jantzi zuen albistea Euskal Herriko lau haizeetara barreiatu zen abiadura handiz, euskaldun guztien ondarea baikenuen Juan Bautista.

Arrasaten jaioa, 1891ko ekainaren 24an, Juan Bautista Azkarate txiki-txikitatik ekin zion pilota jolasteari, Zaldibar estreinatu berriko frontoian ikus zezaketelarik bere herrikideek egunero. Donostian egin zuen soldadutza eta Gipuzkoako hiriburuan eman zuen lehen partidu profesionala. Eta handik aurrera hogeita hamar urtez bere artea eta bere dohainak erakutsi zituen Euskal Herriko frontoietan. Bitxia da, soldadutzatik lizentziatu ondoko lehen partidua galdu egin zuela “Zapaterito de Lequeitio”ren kontra, beraien arteko apustuan: ehun "ogerleko" (25 pezeta)  jokatu zuten.

1940 inguru
Handik hilabete gutxira, ordea, lehen titulua bereganatu zuen Mondragonések, 1917an, hain justu Lekeitioko pilotariaren beraren kontra, Eibarko Astelena frontoian. Hamar urtez izan zen txapeldun guztien txapelduna. Juan Bautistak goi mailako beste pilotari bati entregatu zion nagusitasuna: Atano III.ari, 1927ko urtarrilaren lehenean. Diotenez, partidu hartan mila pezeta kobratu zuen arrasatearrak, marka oso bat garai haietarako.

Eta markaz hitz egiten badugu, derrigorrezkoa da azaltzea zein nolakoak utzi zituen Mondragones-ek frontoietan. Bere bi eskuekin, palankak bailiran, pilota frontisetik beste inork inoiz ez botatako tokietaraino helarazten zuen. Aurreko marka guztiak hautsi zituen. Hogeita bost urteko ibilbide aintzatsua izan zen Mondragonésena eta hamarkada oso batean kantxetako jaun eta jabe izan genuen. Pilotari moduan aritzeari 1942an utzi zion arrasatearrak. Baina pilotaren munduarekin segitu zuen lotua, kantxako epaile moduan.

Bere agurrean
Hil aurreko azken urteetan gaixorik egon zen, erretiratua Santa Agedako osasun zentroan, Alzheimerek jota. Eta gibeleko gaixotasun batek Gasteizko Santiago Ospitalean ebakuntza egitera eraman zuen 1965eko apirilean. Heriotzaren berri eman zuten egunkarietan irakurtzen zen hurrengo egunetan:

Atano III.arekin
Mondragonés ha muerto. Su recuerdo permanecerá vivo mientras queden en alto las paredes de un frontón. El finado era al frontón lo que el sol para el hombre, el agua para los peces. En el alma popular, Mondragonés arrastraba el interés de las masas como las grandes figuras de todas las actividades que actúan cara al público. Fue el ídolo de las multitudes, fue – don Juan Bautista- el hombre sencillo y cordial, el hombre bueno que encerraba en su gran humanidad un corazón de niño, el pelotari respetado y querido de todos, porque todos sus gestos y su vida sólo emanaban respeto. Fue un señor” (Juan de Eguizale. Diario Vasco, 1965-04-13)

“Fue caballero de las canchas. Y campeón indiscutible en sus tiempos de pelotari, porque su pegada fulminante supera todas las marcas que hasta entonces se recordaban. No hace aún muchos días me decía un veterano aficionado que con las pelotas que actualmente se emplean en los partidos profesionales Mondragonés hubiese tenido que jugar en frontones de “herramienta” Y no hubiera tenido contrarios. (La Hoja del Lunes de San Sebastián, 1964-04-12)

“Mondragonés era un niño grande, sabía ser niño y jamás se encastilló ni vivió en la urna de cristal que le alejara del alma del pueblo. La pelota da ídolos populares en el mejor sentido de la expresión y no figurines y señoritos de nuevo cuño, que se aislan de quienes les encumbran y de quienes le aplauden. Mondragonés fue figura “per se” y el público extendió el certificado que queda en la Historia de la Pelota como modelo” (Juan de Eguizale. Diario Vasco, 1965-04-14)

“Por encima de su fenomenal categoría como pelotari, don Juan Bautista Azcárate Egaña destacó también por su caballerosidad, por su pundonor. Fue un profesional ejemplar, querido y mimado por todos los públicos. Y el homenaje que se le tributó al abandonar las canchas constituyó una ingente manifestación de adhesiones y simpatía a la gigantesca figura del glorioso Mondragonés” (Ezquiaga. La Voz de España. 1965-04-13)

Iturripeko frontoian
Erramu Igande hartan programatutako pilota partidu guztietan jokalariek lutuzko zintarekin egin zuten. Eta frontoietan isiluneko tartetxoa gorde zen arrasatearraren omenez. Arrasaten ere, Iturripe futbol zelai zaharrean Juventud Deportiva Mondragoneko jokalariek lazo beltza eraman zuten arratsalde hartako partiduan eta publikoak minutu bateko isilunea egin zuen, hildako herritarraren oroimenez.

Zaldibarko frontoian
Hileta elizkizunak Arrasateko Parrokian egin ziren, astelehenean. Eta herri osoak eskaini nahi izan zion adeitasuneko azken agurra txapeldunari. Hilkutxa Bolinaga, Zurdo de Mondragón, Joxe Arriaran eta Pako Arriaran herriko pilotariek eraman zuten. Pilotari asko agertu zen hileta elizkizunetara, erretiratutakoak – Atano III besteak beste- eta artean jokatzen ari zirenak, Hilario Azkarate orduko txapelduna buru.

Danok Bat elkartean
Iturripeko frontoian dauka bere irudia Mondragonesek, Zaldibarko frontoian ere plaka batek gogoratzen digu pilotari handiarenganako herriaren miresmen eta eskerrona, eta Danok Bat elkartean Mondragonesen busto bat ikus daiteke, Jose Lopetegi eskulturagile donostiarrak egina.

Mondragones zenaren oroitzapena txertatua dago oraindik arrasatearron artean, pilotaren historiak eskainitako txapeldunik handienaren heriotzatik mende erdia igaro den arren.


MONDRAGONES-i BURUZKO GEHIAGO





Argazkiak: Josemari Velez de Mendizabal, Angel Etxebarria

apirila 01, 2015

ASTE SANTUKO IRUDIAK, ARRASATEN



Oinazetako Ama Birjinaren pasoa
Pare bat aldiz ukitu dut lehenago Arrasateko Aste Santuko prozesioen gaia eta bihar osteguneko ospakizun erlijiosoen aurrean   oraingoan ere gai berera nator. Garaiak aldatu dira, ohiturak ere bai, baina ez da egia txikiagorik iragana aldaezina dugula eta gaurko irudi hauek Arrasate desberdin batera garraiatzen gaituzte.

Lehen argazkian Oinazetako Ama Birjinaren pasoa ikusten da. Irudia ostegun arratsaldeetan ateratzen zen eta baita ostiraletan ere. Beraz, argazkia noizkoa den ez dago zehatzik esaterik. Erregimeneko propaganda ofizialaz apaindutako Biteri Eskolen aurretik igarota gero egun Garibay kalea dugunetik gora egiten du prozesioak. Eskoletako orman uztarri eta gezietako ikurra nabaritzen da eta haren azpian irakur daiteke: Obrero: Un muro protector contra la miseria; eso es el Seguro de Enfermedad. Instituto Nacional de Previsión. 

Arrasateko Aste Santuari buruz asko idatzi zuena Jose Mari Uranga historiagilea da. Argitaragabeko bere idazkietan azaltzen duenez, Oinazetako Ama Birjinaren irudia 1746koa da eta Ameriketan ari zen Fray Juan de Arkarazo herriko semearen oparia dugu. Zazpi urte geroago herriko Ana Arizaga andreak urrezko lepokoa oparitu zuen.


Hilobiaren pasoa
Irudiari Arrosarioko Kofradiak ematen zion babesa eta argazkiko lehen planoan ikusten denez, Domingo Arzamendi bide zen garai hartan Kofradiako burua. Bere atzean Frantzisko Arrizabalaga organo jole eta abesbatzen zuzendaria doa. Eta horren ondoren, tipleak eta abesbatza nagusia. Oinazetako Ama Birjinaren irudia dator jarraian, guardia zibilek inguratuta, eta segituan kleroa eta udal korporazioa. Haien buruan Julio Otaduy Riviere ikusten da argazkian. Hori alkatetzara 1952ko apirilaren 30ean heldu zen, behin urteko aste santua igaro ondoren. Beraz, argazkia, gutxienez, 1953koa da.

Bigarren argazkitik ezin daiteke asko azpimarratu, kalitateak ahalbidetzen ez digulako. Ostiral arratsaldeko prozesioari dagokio, hori bai, egun hartan protagonismoa Hilobiaren pasoari baitzegokion. Hilobi berria 1923koa da, barruko Kristo Etzana aurrekoa bera badugu ere. Bigarren argazki hori ez da aurrekoaren urtekoa, giro eguzkitsua antzematen baita.

Bi argazkiak toki berdintsutik daude aterata, hots, gutxi gora behera, lehengo Roneo enpresatik, Garibay kalean. Prozesioak gaurko egunkari saltokitik ari ziren pasatzen, Biteri eskoletatik igaro ondoren.

Garaiak aldatzen ari dira, etengabe.

Argazkiak: JMVM
Gehiago Arrasateko Aste Santuari buruz: