martxoa 20, 2013

ASTE SANTUA ARRASATEN


Aste Santua Arrasaten, 1889an, Portaloian

Iristen ari zaizkigu Aste Santuko jaiak eta honez gero askok erreserbatuta daukate lurralde epelagoetako hoteleko gela, astebeteko oporraldia emateko irrikan. Beste asko, inoiz baino gehiago nonbait, denok dakizkigun arrazoiak tarteko, herrian bertan geratuko dira. “Hemen ere ongi ibil daiteke”  entzungo diegu batzuei, beren hitzetan konbentzimendu larregirik  ohartuko ez zaien arren.

Bada, egia da hemen ere ongi eman daitekeela oporretako atsedena eta gure inguruko bazterrak ezagutzeko aprobetxa dezakegula aukera. Aste Santua ez da duela ehun urtekoa, ezta mende erdikoa ere. Gizartearen bilakaera etengabeak usadio diferenteren agerpena dakar eta modak gero eta etereoagoak bihurtzen dira, laburragoak.  Erdi Aroko garaikoak irudi daitezkeen arren, XX. mendearen bigarren erdialdera arte Aste Santuko ospakizun erlijiosoek arrasatear guztien beta betetzen zuten. Aurreko mendeetan izan zen bezalaxe. Gaur egungo mentalitatearekin nekez uler daitekeena.

Hilobia, 1955ean
Aste Santuko arrasatear ospakizunetako ospea apala izan da. Herritarrentzat pentsatua modu xehean emateko,  ezer berezirik gabe. Prozesioak, monumentuak, elizetako bisitak … modu xumean eratzen ziren, nabarmenkeriarik gabe. Zertxobait idatzi nuen Aste Santuko giroaz “Nire haurtzaroko Arrasate” liburuan (1) Erramu Igandean ekiten zitzaion, San Joseperainoko prozesioarekin eta Berpizkundeko Igandeko mezak ematen zion amaiera aste osoko ekintzen zerrendari.

Xehetasun aipagarriak
Ostegun arratsaldeko prozesioa (lehen argazkia)  oihal ubel batek estaliriko gurutzearekin hasten zen. Atzean zihoazkion Vera Kruzeko Kofradiaren pendoia, San Bizente Ferreren irudia, Ortu Santuko irudia ehun laranja eta ereinotzeko adaxkekin, Kristoren zigorkatzea (katxoborratxuak) irudiak, Pilatosen “Ecce homo” irudia, Kristo gurutzearekin irudia, Kristo gurutzatua irudia, Oinazetako Ama Birjinaren irudia, eta horien artean tartekatuta arrasatear kofradia desberdinen banderak eta gidoiak. Horien guztien atzetik elizako abeslariak, alkatea eta zinegotziak, erretorea eta gainerako abadeak eta eliztarrak agertzen ziren. Ortu Santuko laranjak San Jose kofradiako bi maiordomok erosten zituzten eta prozesioa amaitzean herriko pobreen atean banatzen ziren.
 
Ostiral arratsaldeko prozesioan (bigarren argazkia) protagonismoa Hilobiaren irudiak hartzen zuen. 1923ra arte San Frantziskotik ateratzen zen. Behin hilobi berria egin ondoren San Juan Bataiatzaile eliza nagusitik irteten zen, eta Maalatik zehar Etxe Txikiak, Nafarroa eta Biteri Etorbideak gaindituta berriro Erdiko Kaletik parrokiaraino iristen zen. Musika Bandak laguntzen zuen hil-doinuak jotzen, eta baita Parrokiako Abesbatzak “Stabat Mater Dolorosa” eta “Atozte pekatariak” kantatuz. Hilobiaren kargu Arrosario Santuko kofradia zegoen.

Katxoborratxuak, 1955ean
Katxoborratxuak (hirugarren argazkia) 1747an egin zituen Juan Antonio Velez de Ontañón irudiegile ospetsuak. Udalak eta eliz-kabildoak osatutako batzorde batek 165 errealen truke itundu zuen artistarekin hiru piezatako enkargua. Kristo lotuta agertzen da, bi soldaduk –bata berdez margotuta, “Pipar”, eta bestea gorriz, “Tomate”) zigorkatzen duten bitartean. San Pedro kofradiari zegokion pauso honen ardura.

Karraka
Karrakak (laugarren argazkia) Aste Santu osoan gehien atsegin genituen uneetakoa karrakak jotzen zirenekoa izaten zen. Asteazken arratsaldean, elizan iluntasuna egin ostean –teniolak- haur eta gazteek karrakak eragiteari ekiten genion, zalaparta handia sortuz. Ezagutzen dut, teniolako iluntasunaz baliaturiz, kateorratz edo inperdibleekin emakumeen gonak lotu zituena. Horretaz jabetuta, Jose Luis Iñarra erretoreak hurrengorako gogoa kendu bide zion.

Monumentuetara bisitak ziren ostegun eta ostiral santuko beste ekintza bat. Eliza desberdinetan eraikitako monumentuetan oihal zuriz estaliriko gurutzea jartzen zen, bandeja batzuek inguratuta. Bisitak sendian egiten ziren normalean, eta arrosarioko estazio bat otoiztu ondoren limosna uzten zen. Gau-gurtzaileek osteguneko gaueko 10etan ekiten zioten otoitzari eta hurrengo goizaldera arteko zaintzari.


    ((1)    Jose Mari Uranga historialariari ere zor dizkiot datu batzuk.

martxoa 13, 2013

ASTE SANTUKO SERMOIAK ARAMAION, 1867an


Aste Santuko prozesioa Aramaion XX.an


Elizaren pisua nabarmena izan da mendetan gure gizartearen arlo askotan. Gaurko kasuak alderantzizko norabidea duela irudi daitekeen arren, funtsean elizaren maindire guztiz ahaltsua ikus daiteke prozesuan. Zaila zen bereiztea non amaitzen zen elizaren eskua eta non hasten zen gizarte zibilarena. Irakur dezagun 1867ko kasu bat. 

Aramaioko alkatea Juan Domingo Urduña zen urte hartan; alkate ordeak, berriz, Frantzisko Zabala eta Gerbasio Ruiz de Mazmela. Otsailaren 24an bilkura izan zen Udaletxean, eta gai zerrendan, besteak beste, urte hartako Aste Santuko sermoiak nork egin behar zituen erabaki behar zen. Gaia heldu zenean:

 “El segundo regidor D. Josef Domingo de Echave expuso que el Ayuntamiento debía disponer de proporcionar Predicador para los Sermones de Semana Santa, cuyos estipendios se pagan de los fondos comunes. El Sr. Alcalde Presidente dijo que no había más discusión; se levantó y salió del local diciendo que tenía que asistir a la Misa Conventual, en la que había predicación de la Bula de la Santa Cruzada” 


Alkatearen ateraldia ikusita, gainerako zinegotziek – ahoa bete hortz- gaiarekin  segitu zuten eta bigarren erregidoreak proposatu zuen Gerbasio Ruiz de Mazmelaren esku uztea sermolariaren hautaketa , eta  bi abaderi –Ozerin eta Iturzaeta  ezagunei- aldez aurreko betoa ipini zitzaien. Zinegotzi guztiak bat etorri ziren, lehen alkate ordearen salbuespenarekin.  Eta horrela geratu zen egun hartako bilera.

Martxoaren 10ean beste bilera bat izan zen. Aurreko akta irakurri ondoren, denok ontzat eman zuten alkatea ezik. Gai zerrendako azken gaia, berak bilkura amaitutzat eman ondoren onartu zela argudiatu  zuen. Eta eztabaida piztu zen:
Udaletxea
 “Se puso a discusión sobre si el Alcalde Presidente tenía facultades o no, sin la autorización de este Ayuntamiento, para proporcionar Predicador para los Sermones de Semana Santa y demás, que se costean de los fondos comunes. El Sr. Alcalde dijo que siendo costumbre que los Alcaldes proporcionan los Predicadores, estaba ya convenido con D. Bernabé de Ocerin, coadjutor de la villa de Ochandiano para los de Semana Santa. El primer teniente de alcalde expuso que el Ayuntamiento autoriza al Alcalde sin que pueda hacerlo sin dicho requisito. Y pidió que se le dé autorización siempre que el predicador sea diferente a los presbíteros Ocerin e Iturzaeta, pues aunque sean dignos predicadores dividen a los concejales en su preferencia. El regidor Manuel María Echevarria dijo que si viene otro distinto de los que dice el alcalde, no se pagará ningún gasto ni salario” 

Bistan zegoen ez zirela ados jartzen Aramaioko Udaletxean urte hartako Aste Santuko sermolariari zegokionez. Pedro Jose Lasaga zinegotziari, ordea, argitu egin zitzaion panorama bere burura honako ideia hau azaldu zenean: 

“Enviar al Gobernador de Ntra. Muy Noble Provincia las actas de la reunión anterior y la de hoy, para que en vista de ellas resuelva definitivamente si será el alcalde o el Ayuntamiento quien disponga de nombrar el predicador”

Gobernadoreak aztertu egin zuen auzia eta martxoaren 27an deliberatu zuen Udalari zegokiola sermolariaren hautaketa. Udalak, apirilaren 7ko bileran, agindu zien bi alkate ordeei lehen bai lehen aurkitzea sermoien kargu egingo zen abadea.  Hamar bat egun geratzen zitzaizkien. Sermoiak nork eman zituen ez dakigu, baina garbi dago urte hartan ez zirela Ozerin eta Iturzaeta balizko sermolarien artean egon.

martxoa 06, 2013

CANUTO ARANZABAL DENDA-TABERNA





Canuto Aranzabal

Adineko arrasatearren gogoan “Canuto” izena herriko denda-taberna batekin egon da lotuta. Eta txoko honetan azaldutako beste kasu batean bezala –Karrikiri dendari nagokio- gutariko askok urtetan uste izan genuen Canuto ere izengoitiren bati zegokiola. Bada, ez. Izen propioa genuen eta Arrasatera XIX mendearen hondarretan heldutako Angiozarreko gizakume batena zen. Angiozartarra izanik, ezin zuen beste abizenik eduki: Aranzabal.

Canuto Aranzabal Aldekoa Angiozarren (garai hartan Elgetako auzorik garrantzitsuena) jaio zen, 1852ko urtarrilaren 19an. “Agurlaeta” –Aguleta bihurtua- baserrian hiru seme munduratu ziren 1846 eta 1852 bitartean, eta Juan Paulo nagusia geratu zen maiorazko, beste biek –Canuto eta Maximo- Ameriketarako bidea hartu behar izan zutelarik. Lehenik Cuba hautatu zuten helburu baina karibear uhartean txakurrak ere oinutsik zihoazela ikusi ondoren Mexikora aldatzea otu zitzaien eta horixe egin zuten 1872an. Cuba artean espainiar kolonia zelako, bertako gobernadore politikoak luzatu zien anaiei Mexikorako beharrezko igarobidea.

Canutoren igarobidea, Cubatik Mexikora joateko 1872an
 Baina mexikar lurraldean ere ez bide zitzaien panorama kolore argiz azaltzen eta bi anaiek Euskal Herrira itzultzea erabaki zuten, XIX amaitu aitzin. Eta bi anaiak Angiozarrera ailegatu ziren lehenik baina aurki Arrasaten ipini zituzten begiak euren bizimodua aurrera ateratzeko.

 Canuto 1892ko ekainaren 8an ezkondu zen Arrasateko San Juan Bataiatzailean Saturnina Gantxegi Idigorasekin. Gantxegitarrak Bergaratik zetozen, aita Juan herri hartan jaio zelarik. Saturninaren ama Karmen, aldiz, Bedoñakoa (garaian Aretxabaletako auzoa) zen. Eta Ferrerias kaleko 30. zenbakian bizi ziren, Frantzisko, Saturnina eta Inozentzia seme-alabekin. Sendiko burua ofizioz sarrailaria zen eta Vergarajauregui, Resusta y Cia enpresan lan egiten zuen.

Canutoren denda-taberna, 1915ean
 Etxebizitzaren Olarte kaleko aldean gantxegitarrek denda-taberna bat zeukaten –“gantxegixena”- eta Canuto beraiekin hasi zen lanean. Eta negozioetarako erakutsitako trebetasun eta gogoa zela-eta, handik gutxira negozioaren titularra bilakatu zen. Canuto oso gizon atsegina bide zen eta aurki biderkatu zuen bere bezeroen kopurua. Apopiloak ere hartu zituen etxean eta negozioa oso ondo joan zitzaion. Feriako ostiraletan bikain betetzen zuen kutxa baserritarrekin, ederto prestatutako okel egosia eta tripakiek erakarrita. Ardo pitxarrak ere bata bestearen ondoan husten ziren. 

 Eta dendan, batez ere baserri-gaiak saltzen zituen: igitaiak, aitzurrak, aizkorak, sardak, sokak eta hamaika produktu gehiago. Etxe-kontsumorako gaiak ere han zeuzkan Canutok saltzeko prest: xaboiak, zartaginak, buztinezko eta metalezko eltzeak, kontserba-poteak, likorrak… A! Eta kirol-gailuak ere bai: kainaberak, kartutxoetarako polbora, perdigoiak, …

Denda-tabernak zeukan abantailarik handienetakoa zen, toki estrategikoan zegoela kokatua. Establezimenduaren aurretik igarotzen zen errepide nagusia eta zalgurdi zein automobilak (gutxi, baina banaka batzuk bai) Canutoren denda paretik pasatzen ziren. Zer esanik ez, "ferixara" euren ganaduekin hurbiltzen ziren baserritar askok ere Canuto agurtu behar zuten derrigor euren joan-etorrietan. Horrek guztiak ondu zuen gure gizonaren negozioa.

Canutok landatutako gaztainondoa
Arrasaten hain ezaguna dugun Arbolapetako gaztainondoa Canutok landatu zuen XXaren lehen hamarkadan. Ondoko “barrenderixie”-ren albotik errekarako eskailerak ziren eta handik bidaltzen zuen Canutok Jose Mari semea, gaztainondorako ur bila.

Canuto-Saturnina bikoteak hiru seme-alaba izan zituen: Anizeto, Jose Maria eta Jesusa. Aurrena Unión Cerrajerako enkargatua izan zen eta geroago La Industrial Mondragonesa “Kutxarera”ra igaro zen, bazkide gisa. Bere bigarren ezkontzan Dolores Resusta Olañetarekin egin zuen, hain zuzen ere Karrikiri dendaren laugarren belaunaldiko titularra izango zenarekin. Horregatik, Karrikiri eta Canuto dendak “lehengusuak” dira. Saturnina 1903an hil zen eta Canuto bigarren aldiz ezkondu zen, emazte berria Lorenza Uribarri abadiñotarra izan zelarik.

Amaren heriotzak Jesusa Gellaoko “Arkasuena”ra eraman zuen eta bertan hazi zen, moja sartzea erabaki zuen arte. Meseedetako Karmeldarren abitua jantzi eta gutxira Ameriketako bidea hartu zuen, Montevideo eta Buenos Airesen lan egin zuelarik. Argentinako hiriburuan hil zen.

Canutoren Jose Mari semea eta Maria, senar-emaztea
 Jose Maria semeak Unión Cerrajera ihardun zuen 14 urte bete zuenetik bere jubilaziora arte. Modelista izan zen. Baina lantegian hamaika ordu ematen zituen arren bera izan zen “Canuto Aranzabal” negozioaren jarraitzailea. 

Jose Maria 1925ean ezkondu zen Gellaoko “Tellalde” baserriko Maria Guruzeta Aranzabalekin. Eta senar-emazte berriak Ferrerias kaleko sendi-etxera joan ziren bizitzera. Maria ezkondu berria “Canuto”enean hasi zen lanean. Baita “gantxegixena”ko laugarren belaunaldikoak –Esperantza eta Jose Luis- ere gazte-gaztetatik aritu ziren tabernan. Jose Luisek gogoratzen du Aprendizetako Eskolan ostiral arratsaldeetan jai hartzen zuela, tabernan laguntzeko.

Baina Maria ama nekatu egin zen, taberna egunero irekitzera behartzen zuen bizimodu gogor hartaz eta Olarte kaleko negozioa kentzea erabaki zuen sendiak 1944ko azaroaren lehenean. Ordutik eta hamabost bat urtez “Txantxote” sendiak eraman zuen taberna eta 1959an arraindenda bihurtu zen, 1990ra arte. Gaur egun bazar bat dago, Canuto Aranzabal denda-taberna egon zen tokian.

Erdian Jose Luis Aranzabal, Canutoren biloba
Aranzabaldarrek, ordea, Olartekoa kenduta Ferrerias kaleko 30era aldatu zuten denda. Eta espezializatu egin ziren kirol gaietan. Arrasaten izan zen lehen denda espezialdua izan zen. Arrantza edota ehizarako zaletasuna izan dugunok ongi ezagutu genuen denda hura, 1993an betiko itxi zena. Berrogeita hamar urte izan ziren, salmahaiaren atzean Maria (1976an hila) Jose Maria (1993an) eta Esperantza eta Jose Luis alaba-semeak eduki genituelarik.

Arrantza eta ehiza zaleok ongi gogoratzen ditugu Ferrerias kaleko dendan emandako egon-tarteak. Oraindik ere nire tramankuluen artean "Canutonien" erositako kainabera eta gainerako gailuak dauzkat. Oroitzapen onak ekartzen dizkidate.