Aste Santua Arrasaten, 1889an, Portaloian |
Iristen ari
zaizkigu Aste Santuko jaiak eta honez gero askok erreserbatuta daukate lurralde
epelagoetako hoteleko gela, astebeteko oporraldia emateko irrikan. Beste asko,
inoiz baino gehiago nonbait, denok dakizkigun arrazoiak tarteko, herrian bertan
geratuko dira. “Hemen ere ongi ibil daiteke”
entzungo diegu batzuei, beren hitzetan konbentzimendu larregirik ohartuko ez zaien arren.
Bada, egia da hemen
ere ongi eman daitekeela oporretako atsedena eta gure inguruko bazterrak ezagutzeko
aprobetxa dezakegula aukera. Aste Santua ez da duela ehun urtekoa, ezta mende
erdikoa ere. Gizartearen bilakaera etengabeak usadio diferenteren agerpena
dakar eta modak gero eta etereoagoak bihurtzen dira, laburragoak. Erdi Aroko garaikoak irudi daitezkeen arren,
XX. mendearen bigarren erdialdera arte Aste Santuko ospakizun erlijiosoek
arrasatear guztien beta betetzen zuten. Aurreko mendeetan izan zen bezalaxe.
Gaur egungo mentalitatearekin nekez uler daitekeena.
Hilobia, 1955ean |
Aste Santuko
arrasatear ospakizunetako ospea apala izan da. Herritarrentzat pentsatua modu xehean emateko, ezer berezirik gabe. Prozesioak, monumentuak,
elizetako bisitak … modu xumean eratzen ziren, nabarmenkeriarik gabe.
Zertxobait idatzi nuen Aste Santuko giroaz “Nire haurtzaroko Arrasate” liburuan
(1) Erramu Igandean ekiten zitzaion, San Joseperainoko prozesioarekin eta
Berpizkundeko Igandeko mezak ematen zion amaiera aste osoko ekintzen
zerrendari.
Xehetasun
aipagarriak
Ostegun arratsaldeko prozesioa
(lehen argazkia) oihal ubel batek
estaliriko gurutzearekin hasten zen. Atzean zihoazkion Vera Kruzeko Kofradiaren
pendoia, San Bizente Ferreren irudia, Ortu Santuko irudia ehun laranja eta
ereinotzeko adaxkekin, Kristoren zigorkatzea (katxoborratxuak) irudiak, Pilatosen
“Ecce homo” irudia, Kristo gurutzearekin irudia, Kristo gurutzatua irudia,
Oinazetako Ama Birjinaren irudia, eta horien artean tartekatuta arrasatear
kofradia desberdinen banderak eta gidoiak. Horien guztien atzetik elizako
abeslariak, alkatea eta zinegotziak, erretorea eta gainerako abadeak eta
eliztarrak agertzen ziren. Ortu Santuko laranjak San Jose kofradiako bi
maiordomok erosten zituzten eta prozesioa amaitzean herriko pobreen atean banatzen ziren.
Ostiral arratsaldeko prozesioan
(bigarren argazkia) protagonismoa Hilobiaren irudiak hartzen zuen. 1923ra arte
San Frantziskotik ateratzen zen. Behin hilobi berria egin ondoren San Juan
Bataiatzaile eliza nagusitik irteten zen, eta Maalatik zehar Etxe Txikiak,
Nafarroa eta Biteri Etorbideak gaindituta berriro Erdiko Kaletik parrokiaraino
iristen zen. Musika Bandak laguntzen zuen hil-doinuak jotzen, eta baita
Parrokiako Abesbatzak “Stabat Mater Dolorosa” eta “Atozte pekatariak” kantatuz.
Hilobiaren kargu Arrosario Santuko kofradia zegoen.
Katxoborratxuak, 1955ean |
Katxoborratxuak (hirugarren
argazkia) 1747an egin zituen Juan Antonio Velez de Ontañón irudiegile ospetsuak.
Udalak eta eliz-kabildoak osatutako batzorde batek 165 errealen truke itundu
zuen artistarekin hiru piezatako enkargua. Kristo lotuta agertzen da, bi
soldaduk –bata berdez margotuta, “Pipar”, eta bestea gorriz, “Tomate”)
zigorkatzen duten bitartean. San Pedro kofradiari zegokion pauso honen ardura.
Karraka |
Karrakak (laugarren argazkia)
Aste Santu osoan gehien atsegin genituen uneetakoa karrakak jotzen zirenekoa
izaten zen. Asteazken arratsaldean, elizan iluntasuna egin ostean –teniolak-
haur eta gazteek karrakak eragiteari ekiten genion, zalaparta handia sortuz.
Ezagutzen dut, teniolako iluntasunaz baliaturiz, kateorratz edo inperdibleekin emakumeen gonak lotu zituena. Horretaz jabetuta, Jose Luis Iñarra erretoreak hurrengorako gogoa kendu bide zion.
Monumentuetara bisitak ziren
ostegun eta ostiral santuko beste ekintza bat. Eliza desberdinetan eraikitako monumentuetan
oihal zuriz estaliriko gurutzea jartzen zen, bandeja batzuek inguratuta.
Bisitak sendian egiten ziren normalean, eta arrosarioko estazio bat otoiztu
ondoren limosna uzten zen. Gau-gurtzaileek osteguneko gaueko 10etan ekiten
zioten otoitzari eta hurrengo goizaldera arteko zaintzari.
((1) Jose Mari Uranga historialariari ere zor dizkiot datu batzuk.
Rafa Garayk dio:
ErantzunEzabatu"Katxoborratxoetako Piper deritzanak piper bat zeukan kapelean, eta Tomatek tomate bat. Hortik zetorkien izena"
Eskerrik asko, Rafa
Zure bloga kasualitatez aurkitu dut, etan bertan Arrasateko Aste Santuko kontuak irakurri ditut. Esan behar dizut irundarra naizela eta orain dela hiru urte hemengo Aste Santuko prozesioei buruzko ikerlana argitaratu nuela. Gaia oso deigarria iruditzen zait, izan ere Gipuzkoako herrien Aste Santuko prozesio horiek nortasun berezia zutelako. Gai honen inguruan ezer-gutxi argitaratu arren, datuak pilatzen jaraitu nahi det, agian lurralde osoko prozesioen inguruan zerbait idazteko.
ErantzunEzabatuArrasateko prozesioen inguruan Jose Mari Urangak zeozer idatzi zuela komentatzen duzu zure blogan, baina argitarau gabe dagoela. Jakin nahiko nuke hitz hoiek irakurtzeko aukerarik ote dagoen. Era berean zure blogan jarrita dauden argazkiaz gain beste gehiago badauden jakin nahiko nuke.
Aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkizut zure arretagatik