miércoles, 6 de marzo de 2013

CANUTO ARANZABAL DENDA-TABERNA





Canuto Aranzabal

Adineko arrasatearren gogoan “Canuto” izena herriko denda-taberna batekin egon da lotuta. Eta txoko honetan azaldutako beste kasu batean bezala –Karrikiri dendari nagokio- gutariko askok urtetan uste izan genuen Canuto ere izengoitiren bati zegokiola. Bada, ez. Izen propioa genuen eta Arrasatera XIX mendearen hondarretan heldutako Angiozarreko gizakume batena zen. Angiozartarra izanik, ezin zuen beste abizenik eduki: Aranzabal.

Canuto Aranzabal Aldekoa Angiozarren (garai hartan Elgetako auzorik garrantzitsuena) jaio zen, 1852ko urtarrilaren 19an. “Agurlaeta” –Aguleta bihurtua- baserrian hiru seme munduratu ziren 1846 eta 1852 bitartean, eta Juan Paulo nagusia geratu zen maiorazko, beste biek –Canuto eta Maximo- Ameriketarako bidea hartu behar izan zutelarik. Lehenik Cuba hautatu zuten helburu baina karibear uhartean txakurrak ere oinutsik zihoazela ikusi ondoren Mexikora aldatzea otu zitzaien eta horixe egin zuten 1872an. Cuba artean espainiar kolonia zelako, bertako gobernadore politikoak luzatu zien anaiei Mexikorako beharrezko igarobidea.

Canutoren igarobidea, Cubatik Mexikora joateko 1872an
 Baina mexikar lurraldean ere ez bide zitzaien panorama kolore argiz azaltzen eta bi anaiek Euskal Herrira itzultzea erabaki zuten, XIX amaitu aitzin. Eta bi anaiak Angiozarrera ailegatu ziren lehenik baina aurki Arrasaten ipini zituzten begiak euren bizimodua aurrera ateratzeko.

 Canuto 1892ko ekainaren 8an ezkondu zen Arrasateko San Juan Bataiatzailean Saturnina Gantxegi Idigorasekin. Gantxegitarrak Bergaratik zetozen, aita Juan herri hartan jaio zelarik. Saturninaren ama Karmen, aldiz, Bedoñakoa (garaian Aretxabaletako auzoa) zen. Eta Ferrerias kaleko 30. zenbakian bizi ziren, Frantzisko, Saturnina eta Inozentzia seme-alabekin. Sendiko burua ofizioz sarrailaria zen eta Vergarajauregui, Resusta y Cia enpresan lan egiten zuen.

Canutoren denda-taberna, 1915ean
 Etxebizitzaren Olarte kaleko aldean gantxegitarrek denda-taberna bat zeukaten –“gantxegixena”- eta Canuto beraiekin hasi zen lanean. Eta negozioetarako erakutsitako trebetasun eta gogoa zela-eta, handik gutxira negozioaren titularra bilakatu zen. Canuto oso gizon atsegina bide zen eta aurki biderkatu zuen bere bezeroen kopurua. Apopiloak ere hartu zituen etxean eta negozioa oso ondo joan zitzaion. Feriako ostiraletan bikain betetzen zuen kutxa baserritarrekin, ederto prestatutako okel egosia eta tripakiek erakarrita. Ardo pitxarrak ere bata bestearen ondoan husten ziren. 

 Eta dendan, batez ere baserri-gaiak saltzen zituen: igitaiak, aitzurrak, aizkorak, sardak, sokak eta hamaika produktu gehiago. Etxe-kontsumorako gaiak ere han zeuzkan Canutok saltzeko prest: xaboiak, zartaginak, buztinezko eta metalezko eltzeak, kontserba-poteak, likorrak… A! Eta kirol-gailuak ere bai: kainaberak, kartutxoetarako polbora, perdigoiak, …

Denda-tabernak zeukan abantailarik handienetakoa zen, toki estrategikoan zegoela kokatua. Establezimenduaren aurretik igarotzen zen errepide nagusia eta zalgurdi zein automobilak (gutxi, baina banaka batzuk bai) Canutoren denda paretik pasatzen ziren. Zer esanik ez, "ferixara" euren ganaduekin hurbiltzen ziren baserritar askok ere Canuto agurtu behar zuten derrigor euren joan-etorrietan. Horrek guztiak ondu zuen gure gizonaren negozioa.

Canutok landatutako gaztainondoa
Arrasaten hain ezaguna dugun Arbolapetako gaztainondoa Canutok landatu zuen XXaren lehen hamarkadan. Ondoko “barrenderixie”-ren albotik errekarako eskailerak ziren eta handik bidaltzen zuen Canutok Jose Mari semea, gaztainondorako ur bila.

Canuto-Saturnina bikoteak hiru seme-alaba izan zituen: Anizeto, Jose Maria eta Jesusa. Aurrena Unión Cerrajerako enkargatua izan zen eta geroago La Industrial Mondragonesa “Kutxarera”ra igaro zen, bazkide gisa. Bere bigarren ezkontzan Dolores Resusta Olañetarekin egin zuen, hain zuzen ere Karrikiri dendaren laugarren belaunaldiko titularra izango zenarekin. Horregatik, Karrikiri eta Canuto dendak “lehengusuak” dira. Saturnina 1903an hil zen eta Canuto bigarren aldiz ezkondu zen, emazte berria Lorenza Uribarri abadiñotarra izan zelarik.

Amaren heriotzak Jesusa Gellaoko “Arkasuena”ra eraman zuen eta bertan hazi zen, moja sartzea erabaki zuen arte. Meseedetako Karmeldarren abitua jantzi eta gutxira Ameriketako bidea hartu zuen, Montevideo eta Buenos Airesen lan egin zuelarik. Argentinako hiriburuan hil zen.

Canutoren Jose Mari semea eta Maria, senar-emaztea
 Jose Maria semeak Unión Cerrajera ihardun zuen 14 urte bete zuenetik bere jubilaziora arte. Modelista izan zen. Baina lantegian hamaika ordu ematen zituen arren bera izan zen “Canuto Aranzabal” negozioaren jarraitzailea. 

Jose Maria 1925ean ezkondu zen Gellaoko “Tellalde” baserriko Maria Guruzeta Aranzabalekin. Eta senar-emazte berriak Ferrerias kaleko sendi-etxera joan ziren bizitzera. Maria ezkondu berria “Canuto”enean hasi zen lanean. Baita “gantxegixena”ko laugarren belaunaldikoak –Esperantza eta Jose Luis- ere gazte-gaztetatik aritu ziren tabernan. Jose Luisek gogoratzen du Aprendizetako Eskolan ostiral arratsaldeetan jai hartzen zuela, tabernan laguntzeko.

Baina Maria ama nekatu egin zen, taberna egunero irekitzera behartzen zuen bizimodu gogor hartaz eta Olarte kaleko negozioa kentzea erabaki zuen sendiak 1944ko azaroaren lehenean. Ordutik eta hamabost bat urtez “Txantxote” sendiak eraman zuen taberna eta 1959an arraindenda bihurtu zen, 1990ra arte. Gaur egun bazar bat dago, Canuto Aranzabal denda-taberna egon zen tokian.

Erdian Jose Luis Aranzabal, Canutoren biloba
Aranzabaldarrek, ordea, Olartekoa kenduta Ferrerias kaleko 30era aldatu zuten denda. Eta espezializatu egin ziren kirol gaietan. Arrasaten izan zen lehen denda espezialdua izan zen. Arrantza edota ehizarako zaletasuna izan dugunok ongi ezagutu genuen denda hura, 1993an betiko itxi zena. Berrogeita hamar urte izan ziren, salmahaiaren atzean Maria (1976an hila) Jose Maria (1993an) eta Esperantza eta Jose Luis alaba-semeak eduki genituelarik.

Arrantza eta ehiza zaleok ongi gogoratzen ditugu Ferrerias kaleko dendan emandako egon-tarteak. Oraindik ere nire tramankuluen artean "Canutonien" erositako kainabera eta gainerako gailuak dauzkat. Oroitzapen onak ekartzen dizkidate. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada