abendua 31, 2025

ARAMAIOKO GORULARIAK. Patxi eta Iñaki oroituz


2025 urteak bi adiskide aramaixoarren heriotza ekarri digu. Patxi Ayastuy eta Iñaki Nafarrate lagun abertzale eta euskaltzale sutsuak gure artetik desagertu dira eta beraiei eskaini nahi izan diet urteko azken idazki hau.

Gaurko ekarpena blog honen hastapenekoa da, 2011an argirataua. Patxi eta Iñakiren gurasoek zer ikusirik izan zuten istorio honetan kontatzen denarekin. 

Beti zeuekin, Patxi eta Iñaki!

    

                                        Patxi Ayastuy                                 Iñaki Nafarrate
  


Beste behin ere aritu izan naiz espazio honetan, 1935eko irailean Aramaion eraiki zen Tellamendiko gurutzeaz  

Gaurko lerro hauek idazteko bidea argazki batek eman dit, hain zuzen 1935eko irailaren 15ean ateratakoa. Aramaioko gorulariak ditugu, egun hartan Andra Mari baselizan dantza egingo zutenak.

Aramaioko zenbait gaztek – EAJren ingurukoak- Tellamendiko gurutzea jaiki nahi zuten eta 1935ko Abuztuaren 9an idazki bat bidali zuen Jose Mari Azkarraga “Lurgorri”-k Aramaioko Udaletxera, beraren eta beste zenbait auzokideren izenean. Honela zioen: 

            “QUE hemos venido tiempo ha alimentando un deseo que esperamos llevarlo ahora al terreno de la realidad.

            QUE este deseo consiste en la colocación de una Cruz de hierro en la cumbre del monte generalmente denominado “Tellamunte”.

            QUE siendo terreno comunal y, por ende, perteneciente al municipio el que corresponde al lugar en que ha de ir emplazada la mencionada Cruz.

            A V.E suplico se digne conceder la autorización previa para que en ese lugar pueda ser colocada la Cruz a que me refiero, cuyo acto tendrá efectividad el día 25 del actual, desarrollándose con este motivo el siguiente programa:

            9 y media de la mañana: En la ermita de “Andra Mari” misa cantada por elementos de Aramayona.

            11 y cuarto: En “Tellamunte”, bendición de la Cruz, haciendo a continuación el ofrecimiento de la misma un vecino de Aretxabaleta, y contestando el que en estos momentos tiene el honor de dirigirse a V.E.

            1 de la tarde: Banquete en la campa de “Andra Mari”

            4 de la tarde: En el mismo lugar, actuación de los espatadantzaris veteranos de Aramayona y de las “gorularis = hilanderas”.

            A continuación, romería vasca hasta el anochecer.”

Hasieran abuztuaren 25erako pentsatua zegoen inaugurazio ekitaldia, eguraldiarengatik irailaren hamabostera atzeratu behar izan zuten.

Argazkiko gorulariak, ezkerretik: Miren Ormaetxea, Jaione Kortabarria, Begoña Azkarraga (nire ama), Angelita Nafarrate, Edurne Larrañaga, Kruzita Ayastuy, eta beste biak ez ditut identifikatu ahal izan.

 TELLAMENDIKO GURUTZEAZ

https://txemax3.blogspot.com/2011/07/tellamendiko-gurutzea-berriro-zutik.html

abendua 24, 2025

GABONALDIA GIROTUZ

Luze idatzi nuen “Aramaio eta Arrasate. Historiak lotutako bi herri” nire liburuan (Arabako Foru Aldundiak, 2003) Pedro Ignazio de Barrutiak XVIII. mendean idatzitako antzezlanaz, eta horri esker dakigu zein nolako ohiturak izan ziren Arrasaten eta, ziurrenik, Aramaixon ere Gabon jaian. Sekulako lanabes bikaina dugu duela hirurehun urteko gizarte arrasatearrean murgil egiteko. Giro hura kontuan izanda eta Barrutiaren testuarekin, Doke Antzerki Taldeak bi urtez, 2006 eta 2007,  ihardun zuen herriz herri “Actto para la Noche Buena” antzez ekarpen ederra eskaintzen.

Eta gaur aukera hura berriz azaldu nahi diet irakurleei, nahi izanez gero tartetxo atsegina eman dezan, gabonaldia eta artea uztartuz. 

ACTTO PARA LA NOCHEBUENA

(Pedro Ignazio Barrutiaren antzerki lana. XVIII)

DOKE ANTZERKI TALDEAK eskainia


abendua 14, 2011

DOKE ANTZERKI TALDEA: “Gabon Kanta” (BIDEOA)

https://txemax3.blogspot.com/2011/12/doke-antzerki-taldea-gabon-kanta-bideoa.html

abendua 25, 2013

ARAMAIO ETA ARRASATE GABON KANTALDIAN (bideoak)

https://txemax3.blogspot.com/2013/12/aramaio-eta-arrasate-gabon-kantaldian.html

abendua 21, 2016

GABON KANTA HISTORIKOAK ARRASATEN

https://txemax3.blogspot.com/2016/12/gabon-kanta-historikoak-arrasaten.html

 ONDO PASA JAIAK!!!


abendua 17, 2025

1923ko SANTAMASAK


1923ko Santamasak giro nahasi samar baten barruan eman ziren. Afrikan Rifeko gerran zegoen sartuta gobernu espainiarra, eta  irailetik Primo de Rivera jeneral diktadoreak agintzen zuen. Santamasetako Jai Batzordeak – orduan ere jai egitaraua batzorde baten ardura zen- ahalegin guztiak egin zituen arrasatearrak modurik atseginenean ibil zitezen, baina ez zuen inondik ere ahaztu Afrikako gerran ari ziren herritarrak.

Jai Batzordeak ohar bat atera zuen mundrautarren solidaritate izpirituari deia eginez:  los actos benéficos dispuestos para las próximas fiestas de Santo Tomás en pro de los desgraciados soldados de la localidad que se encuentran en Africa”

Diru biltze bat ireki zen eta herriko Udalak 200 pezeta eman zituen,  zerrenda luzea irekiz. Dirutan ez ezik,  herriko kirolari eta artistek euren partaidetza eskaini zuten, espektakulu desberdinen bitartez Afrikan zeuden soldaduentzako funts ekonomikoen hazkundeari eragiteko.

“Esperamos que el grito clamoroso y unánime de la Comisión no caerá en el vacío, pues hasta la fecha en cuantas ocasiones se ha presentado al vecindario, ha demostrado tener aptitudes palpitantes de socorro y mucho más en los casos presentes en la que se pretende tender una mano caritativa hacia los soldados que por fuerza irresistible se encuentran en un lugar apartado de sus queridas familias”

Vivillo
Adagioak dioen bezala, gizakiak proposatu arren… Eta orduko kasuan ere Batzordeak egitarauan iragarritako ekintza guztiak ez ziren eman ahal izan, arrazoi desberdinengatik. Horrela, Langile Katolikoen Zentroaren antzerki taldeak eskaini nahi izan zuen emanaldia bertan behera geratu zen, ez baitziren obrarekin garaiz ibili. Baina haren ordez, pilota partidu ederra iragarri zen: Faustino Velez de Mendizabal “Vivillo” eta Juan Bautista Azkarate “Mondragonés” arrasatearrek Mallabia I eta Etxabe II.ren kontra, Zaldibarko frontoian, abenduaren 22rako.

Horrezaz gain, inauguratu berri zen Maala futbol zelaian, Bilboko Arrapa Klub eta Club Deportivo Mondragonen arteko match-en berri eman zen, abenduaren 25erako.

Espektakulu desberdinetara ahalik eta publikorik gehien joan ahal izateko, sarreren prezioa oso merkea izan zen; baina Batzordeak ez zuen aukera galdu herriko dirudunei zuzeneko mezua bidaltzeko: “Se ruega a todos los elementos pudientes engrosen con su óbolo la suscripción abierta al efecto”

Pilotari dagokionez, bertan behera geratu zen partidua eguraldiak ez baitzuen lagundu. 1924ko urtarrilaren 13an jokatu zen, berriz, Mondragones II eta “Vivillo”k  Zarraoa eta Zestonaren kontra; lehenek irabazi zuten eta Zaldibarko frontoian izandako norgehiagoketan 165 pezeta bildu ziren soldaduentzat, biltzaile gisa Faustina Arregi, Narzisa Ayastuy eta Maria Isasi gazteak aritu zirelarik.


Futbolean, iragarri bezala, Bilboko Arrapa Kluba Club Deportivo Mondragonen aurka aritu zen;  “acudió todo el pueblo a pesar del mal tiempo reinante, pues no cesó de llover” Bilbotarrek 4-0 ibarazi zioten herriko taldeari. Partiduan zehar udal musika bandak eta joshemaritarrenak jo eta ke ihardun zuten, eguraldi eskasari alaitasun pixka bat ipintzen. Kanpoko taldeari lore sorta bat eskaini zitzaion, eta jokalariei zigarro puru bana. Partiduan 350 pezeta bildu ziren soldaduentzat.

Abenduaren 22ko egun hartan Merkatua izan zen, jendetza handiarekin. Plazan Udal Musika Bandarekin alaitutako dantzaldiaz gain, Sport Aretoan (Trinketean) beste musika banda batek eskaini zituen dantzaldiak. Eta inguruetako herrietatik jendea ekartzen eta eramaten “Titanic” kamioi-busa aritu zen, jo eta ke.


Argazkiak: Lehen argazkia "Arrasate-Mondragón. 1890-1940" Alberto Loitiren liburutik hartua; beste biak JMVMrenak

abendua 10, 2025

KARITATEKO BATZORDEA XIX.eko ARAMAION


Aramaioko Karitateko Batzordeari buruz beste inoiz ere idatzi dut. Udal agindupean ari zen batzordea, eta herriko behartsu eta ezinduentzako babesleku izan nahi zuen,

baliabideak oso murritzak zituen arren. Berez, udal ekonomiaren egoera oso larria baldin bazen, atera kontua nolakoa izan behar zuen karitatearen itzalpean aritu behar zuen batzordearenak. Gaurkoan lagintxo txiki bat ekarri nahi dut, irakurleak ideia egin dezan estutasun haien gain. 1892 urtera egingo dugu salto. 

Urte hartako apirilaren 8an Karitateko Batzordea, Martin Etxebarria alkatearen lehendakaritzapean bildu zen. Kideen artean zinegotzi, mediku eta herriko erretorea zeuden. 

“En vista de que en las tiendas del Valle no querían suministrar lo necesario para el hospital, se manifestó que el presidente había comprado chocolate, jabón y velas, y la Junta aprobó lo hecho por el presidente, acordando que en lo sucesivo se haga lo mismo si en el pueblo no quieren suministrar” 

Suposatzekoa da herriko dendek ardura arteko eskarmentuan erabaki zutela ez saltzea, hain zuzen, aurreko salmentak kobratzea zaila gertatu zitzaielako. Bilera hartan adierazi zenez, udalak 1888tik kobratzeke zituen herriko ospitalearen faktura asko Arabako Diputaziotik. Katea zen hausten zena, eta kaltetuenak, noski, ospitaleko egoliarrak ziren.

Ondoko adibidea gogorragoa da. 1892ko maiatzaren 15ean ostera bildu zen Karitatearen Batzordea eta honako gaiaz jabetu zen: 

“Se dio cuenta de que el notario D. Lorenzo Begoña había conseguido el que admitieran a la ciega Adela Altuna en el colegio de ciegos, sordos y mudos de Deusto, pero que aun cuando haciéndole una gracia, pedían ocho duros al año por seis años, y que la familia no quería hacer nada por la desgraciada, y que dada la situación del erario municipal no era posible socorrerla; y la Junta acordó que de los fondos destinados a la Beneficencia se le socorra con cuatro duros anuales en los seis años, y que los otros cuatro se pague del erario municipal. Se aprobó esta determinación así como también el que se satisfagan a mitades partes entre la Junta de Beneficencia y el Ayuntamiento los gastos de viaje, siempre que los parientes no se comprometan a ello” 

Adelaida Altuna itsuak  -1849an jaioa- Karitateko Batzordearen funtsetatik egunero erreal bat jasotzen zuen, gehi libra bat ogi, potaje, eta ontza bat urdai eguneko, eta zelemin bat babarrun asteko. Ontza bat, hogeita hamar gramo inguru zen. Eta zelemina hiru kilo inguru.

Gauzak ez zeuden, ez, oso itxuroso Aramaioko udal diru kutxetan, eta nabarmen pairatzen zuten hori gizarte mailarik apalenek. Betikoa.

1892-05-15eko akta


Argazkia: JMVM







abendua 03, 2025

SAN NIKOLAS, SANTA KLAUS eta abar


Sarritan egin didate galdera: Arrasaten San Nikolas noiztik ospatzen da? Eta beti erantzun dut berdina: Auskalo!  Eta jarraian beste itaun bat etorri ohi da, eskuarki: Zer ikusirik al dute San Nikolas eta Santa Klausek? Nire aldeko erantzuna, aldiz, konplikatuagoa izan da, ertz gehiagokoa, izan ere bi mitok bat egiten dute zalantzaren gunean eta ihardespenak ezin du argitu horren muina.

Ondoko azalpena, legenda, mito edo nahi dugunerako hurbilpen bat besterik ez da. Baina ez du mitoaren deseraikitze izan nahi, inondik ere. Nahiz eta istorioak dimentsio berria hartzen ari den, hain zuzen ere oraindik bizirik dagoelako.

 Inguratzen gaituzten ezkutuen gaineko erantzunen beharra dugu gizakiok etengabe, eta sarritan mitoak sortzen dira. Mito zaharrak eta mito berriak dira hein handi batean pertsonon sostengua, gure ahalmen mugatuak baldintzatuta. San Nikolas ospatzen dugu aurten ere. Euskal Herriko zenbait tokitako haur jai polita da, abenduko ospakizunen atarian kokatua.

Gurekin geratu den jai honen jatorri historikoa, existitu bide zen -mitoaren hasiera- pertsonaia bat da: IV. mendearen inguruko jatorri grekoko gotzain bat: Bariko Nikolas, kanonizatu ondoren San Nikolas bezala ezaguna. Familia aberats batean jaioa, badirudi —mitoarekin jarraituz— bere aberastasuna pobreen artean banatzen zuela, gauez diru-poltsak uzten zizkien laguntzen zien pertsonen leihoetan.

Pertsonaia mendeetan zehar Europako folkloreko eta
mitologiako gutxienez hiru figurekin lotu zen. Lehena, Odin jainko eskandinaviarra. Iparraldeko Europako herriek jaialdi bat ospatzen zuten neguko solstizioan, abenduaren 21eko gauean Odinek zerua zeharkatzen zuela bere gurdian sinetsita, bertutetsuak sarituz eta gaiztoak zigortuz. Bigarren bat, Gabonak pertsonifikatzen dituen pagano bat da, bizar zuri luzea eta mihura-adarrak apaindutako kapela duen agure bat, jendea Gabonetako jaiak materialki gozatzera animatzen zuena. Pertsonaia horrek hainbat izen jasotzen ditu, eta hizkuntza ezberdinetan Papa Noelen baliokideak izango lirateke (nöel frantsesez Gabonak da), XVII. mendeko mitologian jada presente dagoena.

Azkenik, Europako herrialde batzuetan, San Nikolasengan oinarritutako pertsonaia bat garatu zen: gotzain jantzita dagoen ume edo agure bat, abenduaren 6an, eskale koplak kalera ateratzen diren haurrei opari txikiak eramaten dizkiena. Amaren aldeko nire aitonaren Aguraingo etxetik ateratzen zen gotzainez jantzitako haurra XIX. eko amaieran, eta egun ere Arabako herri hartan bizirik segitzen du ohiturak.  Horixe da zuzenean lotuta dagoena abenduaren 6an Euskal Herriko zenbait herritan gertatzen denarekin, hots, oraindik ere haur askok abesten dioten figurarekin. Eta, noski, Arrasaten abesten denarekin, jaian inoiz gotzainik eman ote den ez dakigun arren.

Ez du zerikusirik, ordea,  XIX. mendeko estatubatuar asmakizunarekin —beste mito bat— Gabon gauean agertzen den Santa Klaus potolo eta bizar zuriarekin, eta data hori baino askoz lehenago, kontsumismo amaigabeko mezuekin nazkatuta uzten gaituena.

Eta horixe da gaurko nire azalpen bat, katedra ezartzera noala pentsatu gabe. Falta zitzaidana! Bego hor San Nikolasen mitoa eta goza dezagun egunarekin. Nik behintzat abestu egingo dut.

SAN NIKOLASen GAINEAN ZERBAIT GEHGIAGO

https://1949arrasate.blogspot.com/2022/12/san-nikolas-eta-joxe-letona.html

https://txemax3.blogspot.com/2015/12/san-nikolas-xxaren-hasieran.html

https://txemax.blogspot.com/2021/12/san-nikolas.html

Argazkiak: 3digitala, DV