abendua 31, 2024

2024an GEHIEN IRAKURRITAKOAK

Amaitu da urtea eta nire blogean urtean zehar argitaratutako artikuluen artean gehien irakurritakoak beheko  bost horiek dira. Berrogeita hamaika ekarpen berri jaso ditut 2024an, eta guztiek izan dute irakurleen arreta.

Guztira 727 dira 2011tik publikatutakoak, eta bidean gaude. 2025ek ere lanean harrapatuko nau.

Eskerrik asko, ekarpen hauetatik zukurik atera duzuen guztioi.

 


SANTO TOMAS JAIAK. 1884

https://txemax3.blogspot.com/2024/12/santo-tomas-jaiak-1884_25.html




UDALAITZEKO BASELIZA ATERPE. 1928

https://txemax3.blogspot.com/2024/01/udalaitzeko-baseliza-aterpe-1928.html



RESUSTARREN ETXEKO TRAGEDIA, 1887an

https://txemax3.blogspot.com/2024/02/resustarren-etxeko-tragedia-1887an.html





HARATEGIA ETA ARRANDEGIA ARRASATEN, 1866

https://txemax3.blogspot.com/2024/10/harategia-eta-arrandegia-arrasaten-1866.html



HEZKUNTZA EGOERA ARRASATEN XXaren LEHEN HERENEAN

https://txemax3.blogspot.com/2024/04/hezkuntza-egoera-arrasaten-xxaren-lehen.html

abendua 25, 2024

SANTO TOMAS JAIAK. 1884

Santamasak igaro berri dira, giro onean eman ere. Esan genezake jaiak beti jai ditugula, baina denok dakigu gehienetan ez dagoela gure esku bakarrik haiei behar bezalako zukurik ateratzea. Eguraldiak hondatu egin dezake edozein ospakizun eta, zer esanik ez, abenduko herri jai nagusia arriskukoa izan ohi da alde horretatik, sasoia ez baita eguzkiaren sinonimo. 

Begira zer gertatu zen duela ehun eta berrogei urteko santamasetan. “El Noticiero Bilbaíno” egunkarian Miguel Madinabeitiak publikatu zuen ondoko albiste indar gabea, 1884ko abenduaren 28an. Badirudi abendu euritsu haren eraginak, Santo Tomasetako jaietan ez ezik baita Arrasateko korrespontsalaren izpirituan ere kalte egin zuela.

“Como era de esperar con el temporal desecho que ha reinado los días atrás, no podían ser ni más pobres ni menos concurridas este año las ferias de Santo Tomás. Apenas si los tratantes de fuera han sacado para gastos de viaje, después de estar perennes tres días enteros acosados por el granizo, la lluvia, relámpagos y truenos. Y a este tenor no hay para qué dudar el considerable descenso que habrán sufrido los arbitrios y consumos del pueblo. 

Las pocas veces que he bajado a la calle a tomar el chaparrón, no he hecho otra cosa que herir mis oídos con los ecos quejumbrosos de algunos transeúntes, que consideran poco menos que un desvarío la celebración de ferias en el mes de diciembre. Sin embargo, si se echa una ojeada atrás, se ve que pueblos importantes de la provincia, como son San Sebastián y Azpeitia, y de importancia histórica como Segura, celebran sus ferias por Santo Tomás.” 

Beude lerro hauek, aspaldiko testigantza baten gisa. Eguraldi txarrari aurpegi on! A! Eta jaiek hiru egun irauten zuten.

(190329an idatzia)

 Argazkia: Mendia bilduma

 

abendua 18, 2024

TXINUA BOTA JUEK!


Urte latzak ziren, ETAk bere estrategia gogorretik eraso egiten zuela fronte askotatik. Eta espainiar gobernuaren agindupeko indar armatuek euskal gizartea astintzen zuen behin eta berriz. Testuinguru horretan,  Carrero Blanco hil zutenetik urtebete bat egiteko hiru egun falta zirela, Arrasaten beste atentatu bat izan zen. 1974ko abenduaren 17 gaua zen, bederatziak inguruan, eta albistea aurki hedatu zen herrian: “Txinua bota juek!” Biharamuneko kronikek ziotenez Arrasaten hilketak konsternazioa sortu zuen. Nik esango nuke albisteak – eta ez dut inondik ere atentatua defendatu nahi, are gutxiago heriotza-  beldurra sorrarazi zuela, kolpe haren ondorioz herrian zer gertatuko ote galdegai.

Baina egin dezadan atzera begirako saltoa eta diodan “Txinoa” zela Arrasateko guardia zibilen bigarren tenienteari jarritako gaitzizena.  Luis Santos Hernandez zeritzan, 52 urte zituen, Salamancakoa zen eta sei bat urte zeramatzan Arrasateko kuartelean. Nire adinekook ongi gogoratuko dugu zein nolako zirrara sentitzen genuen, edozein tramite poliziala zela eta, Santosen lan gelara sartzean. Batzuek esaten zutenez, Santosek beste gela ilunago eta hotzagoetan ere errezibitzen zituen….

Atentatuko arratsalde-gau hartan bigarren tenientea, guardia zibilaz jantzita, txikiteoa egiten ari zen, ohi zuen moduan, kalez

jantzitako beste guardia zibil batekin, Argimiro Garcia Estevez, 50 urtekoa, baita Salamancakoa ere, eta bosgarren urtea zuen Arrasateko kuartelean. “Txoko” tabernan ohiko basoerdi bana hartu ondoren kalera ateratzen ari zirenean, lauzpabost gazte ei zeramatzan kotxe batetik metrailatu egin zituzten. Bi guardia zibilak herriko Laguntza Zentrora eraman zituzten baina heldu orduko Garcia hilda zegoen. Oso zauri larriak zituenez Santos Bizkaiko Krutzetara bidali zuten, baina gau hartan bertan hil zen. Atentaturako erabilitako kotxea, Morris 1300, “Txoko”tik laurehun metrotara aurkitu zen, diligentzia polizialak hasi eta segituan. Barruan “Parabellum”eko bala-zorroak zeuden eta itxuraz “Stern” metraileta erabili zuten.

Zerraldoak parrokiaren atarira iristen ari
 

Hil kapera kuartelean jarri zen eta hileta elizkizunak Arrasateko San Juan Bataiatzailean burutu ziren 19an, eguerdiko 12etan. Guardia Zibilak eta Armada erakundeetako goi kargu ugari azaldu zen Arrasatera, eta elizara sartu baino lehen hilkutxetan ohorezko dominak jarri ziren. Herriko udalaren ordezkaritza Pedro Basterretxea alkateak eraman zuen. Kapilau militar batek zuzendu zuen elizkizuna eta Arrasateko Parrokiako Abesbatzak parte hartu zuen. Ordubete eta erdi geroago bi zerraldoak hil-kotxe banatan sartu ziren, gorpuak hildakoen herrietara eramateko. Horretan ari ziren bitartean, ingurukoek “Cara al Sol” eta Guardia Zibilen himnoa abestu zituzten.

Berrogei urtez bizi-bizirik iraungo zuen bortizkeria odoltsuaren ondoriozko beste bi biktima izan ziren guardia zibil haiek. Lehenak,  lau hamarkadatan Arrasaterekin lotutako hil biktimetatik. 

Argazkiak: JMVM

abendua 11, 2024

DUELA MENDE OSOKO ARRASATE, DATUTAN


Urtea amaitzear dago eta gutariko bakoitzak egin dezake bere balantze partikularra, urteak ekarri eta kendu dionaren arabera. Batzuk balantze orokorrago batekin ausartuko dira, nonbait, eta herrian gertatutakoari buruzko memoria gauza lezakete, datu objektibotan eta, zailago, subjektiboetan. Gaurko ekarpentxo honetan atzera egingo dut salto, mende osoko tartean, eta 1924ko argazki bat egingo dut, zenbait daturekin,  irakurleak duela mende osoko testuinguru hartara garraiatu guran. Datu ofizialak dira, izan ere Prudentzio Iraeta orduko udal idazkariak prestatutako udal memoriatik hartu ditut. Dakusagun:

Hasteko, diodan, 1924ko udal aurrekontua, osoa, 186.000 pezetakoa izan zela (gaurko diruarekin, 1.115 euro). Haietako 26.000 inguru (hau da, %14) hezkuntzarako (orduan maisu-maistrek udal dirutik kobratzen zuten) beste horrenbeste obra publikoetarako; 33.000 pezeta zaintzarako (udaltzain, auzoetako guardak eta somatena) Udal gastuetarako, berriz, beste horrenbeste.

Bada partida bat, ONGIZATEA (orduan, beneficencia
izenarekin) 26.000 pezetarekin ere (hau da, %14) Gehien bat herriko pobreentzako dirulaguntzak ziren.

Diodan, konparaketa orokorra egiteko, 2024ko aurrekontua 46 milioi euro inguru dela. Ez noa, jakina, partidaz partida xehetzera, inondik ere. Baina bai egingo dut, aipatutako Ongizate partidari dagokion alderaketa, aurtengoa 3´6 milioi euro baitira, hau da aurrekontuaren %8.

Aurrekontu osoaren aldaketa (eurotan): 1.115tik 46 milioitara: 41.255 bider gehiago

Ongizatean (eurotan): 156tik 3´6 milioitara: 23.076 gehiago.

Bakoitzak atera ditzala ondorioak.


Zein zen Arrasateko biztanlegoaren kopurua 1924an? Udal memoriari jarraiki honakoak ditugu datuak:

Urtearen hasieran 6.378 ziren herritarrak, horietako 3.332 emakumeak eta 3.046 gizonezkoak. Eta aurreko urteekin alderatuta kopurua igotzen ari zen. Herriko etxeetan bizi zirenak genituen, noski, erdia baino gehiago; auzoetan, berriz, Gesalibar zen kide gehien zituena, baina kontuan eduki behar da Santa Agedako buru-osasun etxeetako gaixoak ere de factoko biztanletzat hartzen zirela (900 inguru ziren garai hartan)

Lehen familia pobreak aipatu ditut, eta udal memoriaren arabera 80 ziren egoera horretan zeudenak. Familia horiei udalak ordaintzen zizkien mediku eta farmazia zerbitzuak. Eta herriko medikuak, udal funtzionario bezala ari zirenak, Kasimiro Labajos, Alberto Martinez de Ubago eta Angel Espinosa ziren. Farmazeutikoak, berriz, Jose Maria Morales eta Pedro Aranzabal.

Ospitalean 23 pertsona bizi ziren – kopuru deigarria,
zalantzarik gabe- eta horietatik 10 emakume, 2 gizonezko eta 11 haur ziren. Are deigarriagoa egiten da haurren kopurua.

Eta udal aurrekontuetatik 36 pertsonak jasotzen zituzten euren soldatak.

Umeak aipatu ditut aurrekoan, eta horren harira esan behar da 1924an bazela udal batzorde bat HAURREN BABESERAKO TOKIKO BATZORDEA – edo Junta Local de Protección a la Infancia- eta besteak beste udako oporrak antolatzen zituen, eta 1924an 47 ume eta beren zaintzaileak (mojak) Debara bidali ziren, kolonietan, hamabost egunetarako. Umeen hautaketa, osasun kontzeptuetan oinarritzen zen, herriko medikuen txostenaren arabera.

Beste zerbitzuen artean suhiltzaileena zegoen, buru bat, linternero bat eta sei suhiltzailerekin osatzen zena. Oso material eskasa bide zen eurena, eta batzuetan Union Cerrajeraren ekipoarekin egin behar zioten aurre lanari.

Suhiltzaileek ura erabili behar zuten, noski, baina nola zegoen ur zerbitzua 1924an? Begira:


Ura Meatz Errekatik ekartzen zen 1896tik eta ur emaria ez zen nahikoa herritarrek behar zutenerako. 1916tik 5 litro segundo bide zen batez besteko ur jarioa, eta horrek ur etenak egitera behartzen zuen udetan.  Hori bai, iturri publikoetan ez zen urik falta izaten.

Baina ura etxe guztietara heltzen al zen? Bai, zera! 1924an bakarrik 144 etxetan  zeukaten ur edangarriaren zerbitzua. Eta udal datuen arabera, 504 ziren etxebizitzetarako egokitutako etxeak, nahiz eta 477 bakarrik egon okupatuta. Atera kontua, 477tik 144k zeukaten ura! (%30)

1924an zehar, 171 jaiotza erregistratu ziren; 130 heriotza, eta 26 ezkontza. Herriko eskola desberdinetan 1.100 ume ari ziren. Horietako ia 400 Mesedeetako mojekin ikasten ari ziren; udal eskoletan 260; Biteri Fundazioaren eta Arte eta Ofiziokoaren eskoletan 230; eta auzoetako ia beste 150 ume.

Udalak erabaki zuen urte hartan, udaletxean ziren 3 idazmakinetatik, bat eskoletarako uztea, umeek ikas zezaten haren erabilpena. Makina eskolaz eskola mugituko zen.

Arrasateko urte hartako kintoak – hau da soldadutzarako zozketan sartu zirenak- 53 gazte izan ziren.


Herriko jaietarako aurrekontuak 3.000 pezeta markatzen zuen arren, 11´80 pezeta gutxiago gastatu zen (gaurko dirutara aldatuta, 18 euro inbertitu ziren urte hartako jaietarako)  Ehun urte geroago,18 eurotik 463.000 euro igaro da: 25.722 aldiz gehiago. Aipatzearren, diodan diru hartatik ia erdia Gasteizko Infanteria Erregimenduko Banda ekartzeko erabili zela. Eta su artifizialetan 500 pezeta,

Prudentzio Iraeta udal idazkariak prestatu zuen memorian irakur zitekeenez, 1924an  ELMA enpresa eman zen alta industria-eremuan eta, beste arlo batean, Felix Arano maisuarentzat Alfonso XII.ren Gurutzea Alfontso XIII. erregeari eskatzea erabaki zuen Udalak urte hartako uztailaren 2an.

Argazkiak: JMVM

abendua 04, 2024

AGUSTIN IDIAKEZ ARAMAIOKO ITSAS-JENERALA

Aramaioko Kondea

I
datzi nuen behin Arrasateko bi guardiamarinari buruz, espainiar itsas-armadaren historian lehenetarikoak  izan zirenak.  Vicente Anselmo eta Antonio Hermenegildo Barrutia anaiak 1716ko urtean ageri ziren bolondres, Gipuzkoako goi mailako sendien semeak zirenez gobernuak itsasorako arma-profesionalen bidea ahalbidetu baitzien. Eta orduan ere nioen, beraiekin batera aramaioar bat agertzen zela lehen zerrenda hartan. Aramaixoar hura Agustin Idiakez Idiakez izan zen.

Zer dakigu pertsonaia hartaz? Lehenik eta behin, diodan Aramaion ezaguna zela, bere bizitzaren zatirik emankorrena jaioterritik kanpo eman bazuen ere. Ez dut aurkitu, dena den, erreferentziarik jaioterritik atera ondoren Aramaiorekiko harremanik izan ote zuen baieztatzeko. Baina ez deritzat oso sartuta edukiko zituenik bere oinak jaioterriko lurretan. Nahiz eta jatorrizko etiketa aramaioarra izan.

Agustin Antonio Idiakez-Butron Idiakez bezala jaio zen Aramaion, 1700eko urtarrilaren 8an, bere gurasoak bost egun lehenago Eskoriatzako Gellaon ezkondu ondoren. Aita Frantzisko Idiakez Borja-Aragon zen, Aramaioko IV. Kondea, 42 urtekoa. Ama, berriz, Katalina Idiakez Dolara aramaioarra, hemeretzi urteko gaztea. Kondetzaren titularraren ustezko bizitza lizunaren adibidea izan daiteke Katalina, bere aita Lukas beste Idiakez Borja baten semea baitzen. Beraz, gure protagonistaren gurasoen artean bazen ahaidetasun hurbila. Baina hor ez da amaitzen ezustekoen soka, Katalinarekin Gellaon ezkondu zen Kondea… ezkonduta baitzegoen. Baina utz dezagun hori beste baterako.

Zenbait iturrik diote Agustin Idiakez Etxaguen auzoan jaio zela; baliteke, Lukas Idiakez Learriartu aitajauna Etxaguenen bizi baitzen, behintzat han bataiatu zuten. Eta pentsatzekoa da Katalina ama Etxaguenen erdituko zela Agustin semeaz.

Agustin Idiakez Cadizeko Guardiamarinen Konpainiara sartu zuten 1717an, Gorteak itsas-armadarako deialdia goi mailako sendien artean burututa. Azterketa teorikoak gainditu eta Karlos Grillo jeneralaren aginduetara itsasontziratu zen, eta Ceutako laguntzan aritu ziren. Zenbait batailatan hartu zuen parte aramaioarrak eta bere izena ondo kokatu zen itsas-militarren artean. Horrela eskalan igotzen joan zen. 1756an eskuadrako buru izendatu zuten eta merkantzia eta bidarien barkuak pirata eta korsarioetatik zaintzen ihardun zuen lau itsasontzirekin. 1764an Cadizera bidaltzen du gobernuak eta Ameriketako flotaren babeserako arduradun nagusi izendatu zuten. La Guyana, Kolonbia, Mexiko eta Kubara hainbat bidai egin behar izan zituen, eta betebehar horretan hiru urtez aritu zen. 1767ko martxoaren 13an azken aldiz heldu zen Cadizera, sekulako dirutza eta espainiar merkatuetarako ondasunekin kargatuta. Gobernuak teniente jenerala izendatu zuen eta Cadizen geratu zen bizitzen aramaioarra. 1778an hil zen hiri andaluziarrean, itsas armadan hirurogeita bat urte egin ondoren.

Agustinen semeak 1778an bertan aurkeztu zuen Aramaioko udaletxean hidalgiaren txostena irekitzeko eskabidea. Eta espedientean irakurtzen denez, prozesuak exijitzen dituen lekukoek aldeko jarrera hartu zuten. Baina goazen urratsez urrats… Hurrengo kapitulu batean ikusiko dugu zernolako korapiloak ziren sendi hartan.

LEHEN GUARDIAMARINA ARRASATEARRAK. 1717

https://txemax3.blogspot.com/2022/06/lehen-guardiamarinak-arrasatearrak-1717.html

Argazkia: wikipedia