1888an Bartzelonan |
Duela zenbait urte idatzi nuen XIX. mendearen amaieran herriko industria iraultzarako atartean zegoela Arrasate. Industriak aurrera egiten zuen heinean herriko produktuak kanpora ateratzeko premia begi bistakoa zen, industria egonkortuko bazen. Kanpo erakusketak ziren, gaur bezala, sistemarik egokienetakoa, nahiz eta garaian ez ziren oso ugariak. Baina erakustoki publiko eta ireki batean produktuak modu masiboan aurkez zitezkeen. Oihal ona kutxan saltzen dela dioen atsotitzak ez du balio lehia denean.
Vergarajauregui, Resusta y Cia 1869an osatu zenerako sarrailagintzako sektorean bazebiltzan beste fabrikatzaile batzuk , gehien bat tokiko merkatuetara heltzen zirenak. Eta ez zegoen beste biderik, merkatal politikan inbertitzea baino. Horregatik katalogo txukun, erakusgailu apropos eta erakusketetan intziditu zuen enpresak. Horren adibidea da, 1888ko Bartzelonako erakusketan arrakasta handia izan zutela Arrasateko sarrailek.
Gero Unión Cerrajera S.A sortu zen 1906an, eta enpresa berriak politika komertziala areagotu egin zuen, bere merkatua estatutik haratago eraman baitzuen, Europa, Afrika eta Ameriketaraino.
Nik beti erlazionatu dut XX. mendearen Arrasateko modernitatearen esnatzea Unión Cerrajeraren produktu batekin: YALE giltza. Mendetako ohiko giltza – burdin forjatukoa- Estatu Batuetan Yale etxearen profil zerratuko giltzak ordezkatu zuen. Inbentoa UCEMek eskuratu zuen bere produktuetan aplikatzeko eta 1915-36 bitartean estatuko fabrikatzaile bakarra izan zen. Unión Cerrajeraren gaineko historia bat idatzi zuen Iñigo Agirrek bere lanean zioen moduan, enpresak Zaldibarreko instalazioetan pabiloi berezi bat prestatu zuen bere teknikoentzat, begi luze eta espioietatik babestuta egon zitezen.
1929an Sevillan |
Eta enpresa moderna hartan burututako merkatal estrategiari dagokionez, ondo dago gogoratzea 1929-30ko Sevillako Exposición Ibero-Americana ospakizunean parte hartu zela, beste euskal enpresa batzuekin batera.
Behean Sevillako Erakusketara UCEMek eramandako YALE giltzaren erakusgailua, orduko eta gaurko argazkietan.
Huraxe zen izar produktua, sarrailgintza sektoreko produzkioa bestelakotu zuena.
Yale zeritzan giltzak irauli egin zuen merkatua eta bonbilloen ekoizpenean lan egiten zuten Gregorio Aiala eta Teodoro Etxebarria teknikoek erdi ezkutuan aritu behar zuten, fabrikazio metodoa inork kopia ez zezan.
Aipa dezadan, halaber, Sevillako topaketa erraldoi hartara, Arrasaterekin erabat lotuta zegoen beste enpresa bat agertu zela, nahiz eta instalazioak Errenterian zituen. “Gregorio Echevarria y Compañía S.en C” zen, “Euzkaria” izenarekin ezagutua. Osagai elektroteknikoak ekoizten zituen eta bere ugazabak Arrasateko Elmako Gregorio Etxebarria Zubia, Daniel Arkauz Leibar eta Pantaleon Leibar Egidazu ziren.
Garbi dago, Arrasateko industria beste aro berri batera igaro zela XX. mendearen hasieran eta horixe izan zen geroko garapenaren motorea.
Argazkiak: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina