Praderetarrak |
Sebero Altuberen biografia azaltzeko idatzi nuen liburuan (1979) garbi asko adierazi nuen goi mailako dultzaina jolea izan zela hura, bere anaia Benignorekin batera. Ordukoak dira ondokoak:
“ Ba al dakizu, irakurle, Sebero lehen mailako
dultzaineroa zela? Arrasateko orduko denborako jende askok gogoratzen du, nahiz
eta orduko “kronikak” ezer ez esan horretaz.
Hirukote bat osatzen zuten Seberok, bere anaia
Benignok eta Kristobal Bedia gazteak. Honek 9 urte zituen trebetasun handiaz
bere biei laguntzen zienean. Benignok 20 eta Seberok 18 izango zituzten”
Urrutiko garai haietan nik ere ez nekiena da
Arrasaten dultzaina egile entzutetsu bat izan zena. Gaurkoan datu banaka batzuk
emango ditut – batzuk ezagunak dira, Juan Mari Beltran adiskideak “Dultzaina
Gipuzkoan, 1950era arte” liburu ederrean argitaratu baitzituen 2004an.
Jose Beltran Pradere Uribesalgo Arrasaten jaio
zen 1827ko otsailaren 14an. Aita, Juan Beltran Pradere Pradere (1) Frantziako Arguenos herrixkakoa zen, Goi
Garonakoa. Beraz, ez bide zen euskalduna, inon publikatu den moduan. Frantziarra
Arrasateko Eulalia Uribesalgo Moyarekin ezkondu zen 1825ean eta bi semeren
gurasoak izan ziren: Juan eta Jose Beltran. Azken honi dagokio gaurko
protagonismoa.
Jose Pradere Uribesalgo birritan ezkondu
zen, 1859 eta 1873an, Maria Joakina eta
Josefa Antonia Karrera Kataide ahizpekin, hurrenez hurren. Arrasateko 1887 eta 1897ko industria
zentsuetan Jose Pradere “latonero” bezala agertzen da. Gure pertsonaia, 1898ko
urriaren 13an hil zen.
Jose Pradereren dultzaina bat |
Horrexegatik dakigu Jose Pradere Uribesalgok
beste anaia bat zuela, Juan, Durangora bizitzera aldatu zena eta hark ere
dultzainak fabrikatzen zituela, latoizkoak. Eta bi anaien eskuetatik atera
ziren instrumentuek “Pradere.Durango” eta “Pradere.Mondragón” marka daramate.
Juan Mari Beltranek dio bere liburuan:
“Pradere anaiek latoizko dultzainak egiten
zituzten, batzuetan zilarreztatuta eta besteetan bere latoi kolorearekin
saltzen zituztenak. Metalezko dultzaina hauek, zurezko dultzainen antzeko
neurri eta tonalitatean daude eginak… Ezagutzen ditugun “Pradere.Mondragón”
markako dultzainak zilarreztatu gabeko latoizkoak dira”
Eta karakteristika gehiago ematen segitzen du Beltranek:
“Durango” nahiz “Mondragón” izan, dultzaina
guztiek pita sartzeko zabalagoa den errefortzu bat dute goiko muturrean. Bi
modeloetan, goiko muturretik beheko kanpairaino tutuaren forma berdina da. Gure
eskuetan izan dugun “Pradere-Mondragón” markako dultzaina bat Tolosako
txistulari eta dultzainero den Jose Ramon Garikanorena da. Dultzaina horrek
gaur egungo pita batekin ondo funtzionatzen du”
Zenbat dultzaina egin zuten ez dago jakiterik. Ezta Arrasateko dultzaina joleek Pradereren instrumentuak erabiltzen ote zituzten ere. Normalena izango zen herriko dultzainak jotzea. Baina batek daki!
Bestalde, Jose Pradererekin segituz, latoia ez
zen erabiltzen zuen langai bakarra, ezta salgai bakarra ere. Itzuliko naiz
pertsonaia horrekin, bere beste merkatal-alde batekin.
(1) Jose
Mari Agirre Kerexetari esker dakit datua. Bihoakio nire eskerrona
Argazkiak: Espainiako Liburutegi Nazionala (Pradere sendia), Juan Mari Beltranen liburua (beste biak)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina