urtarrila 15, 2020

FELIPE ARRESE BEITIA, ARRASATEN. 1893


Felipe Arrese Beitia
Orain baino lehen ere egokitu zait idaztea Felipe Arrese Beitia olerkari otxandiarrari buruz, aurrekoetan haren eta Arrasaten abade egondako Frantzisko Imaz – Don Pakoren- arteko harremana zela eta. Aramaioko jatorrizko Imazen lehen mezan abestu zuen Arrese Beitiak eta horixe izan zen 1983an Euskaltzaindian sartzeagatik hautatu nuen gaia nire hitzaldirako.

Gaurkoan, berriz, Arrese Beitiak (1841-1906) Arrasateko Kontzezinoko komentuan abestutako bertsoak ditut aitzakia olerkari bikaina txoko honetara ekartzeko. “Euskal Erria” aldizkarian argitaratu zituen, 1894ko lehen sei hilekoan, “Gertaera on utsa dan bat” tituluarekin. Irakur dezagun aldizkariaren zuzendariari bidalitakoa:
 
“On Antonio Arzác, neure adiskide kutuna: Eziñ ichi neikezu adierazo baga, ganora baldresean bada bere, azkenengo Abenduaren 30 garrenean, Mundragoko Kontzeziñoko Komentuan, nire biotzaren guztizko pozgarri izan zan jazoera eziñ aztugarria; ikusi nebalako mojatzarako sartuten, amasei urteko neskatilla, Errosa Lazpitakoa derichakon, Berriz-ko neure adiskide batzuen alabea. 

Dontzella samur eta sotill au, esan leiteke, Jaungoikoak euki dabela gorderik beretzako, ume umeetatik izan dabelako berez mojatzarako griña eta zaletasuna; eurakaz bada, asi zan amabi urtegaz,  musikea ikasten Berrizko Komentuan; eta amairu urte eukazanetik, oraiñ artean, Komentu barruan jardun dau, organuan eta gañera moja batek bear dituan azayerako ikasbideak artuten, eta azkenez sartu da aitatu deutsudan Komentuan, organu jotzalletzat; non Eleiseak dituan zeremoniak egiñik ondoren sartu zan barrura (au da Komentura)

Kontzezinoko komentua
Gero bertako Bikario Jaun eta nire adiskide eta senide bere dan, On Bruno Zabala-koak, berbaldi egoki bat, mundua gorrotau eta Klaustroan sartzen direanen gañean azalduta, egikizun santu guztiak betetakoan, joan ginchakozan Lokutoriora, esan dodan Bikario Jauna, Diakono lagunak, Berrizko Abade nausia, ait- amak, gañerako lagunak eta ni, Errosa zorionekoari, geure onerechia emotera, aukeratu daben estadu parebagea gaitik.

Orduan, nire lagun ona, an batu zirean guztiak, gura eben zercho bait kantau negion nik bere gure Euskera gozoan, Moja-gei barriari, eta kantau neutsazan anchiñako
Komentua lurreratzen, 1978an
zortziko triste baten, zuri argitaratzeko bialduten deutsudazan  Agurrak,
eta azkenez bazkaldutakoan beste Alabantzak Gernikako Arbolaren aire ederrean.

Ondo baderichazu, ipiñi daikezuz Errebistan; eta aurrez emonik datortzuzan eskerrak, agindu daikiozu beste mesede bat zeure betiko adiskide oni. Ochandion 1894.ko Erregeen egunean. FELIPE ARRESE TA BEITIA.

Errosari, Mundragoko Kontzeziñoko Komentuan, Moja-gei sartu zanean kantauriko agurrak.


I.
Agur, agur, Errosa,
Zoaz Komentura,
Zoaz ez jatsitek  
Ain mundu galdura;
Zoaz, zoaz, zoaz gaur,  
Libano altura,
Andik igo dagizun  
Birjiñen tronura. 

II.
Zoaz triste ichita 
Aita eta ama,
Neba ta aiztai emonik 
Laztan samur bana;
Zoaz, zoaz betiko,
 Esposoagana,
Jesús dalako zure 
Maitegarri dana.  

III.
Mats parreak badeutsa 
Eltzen egurrari,
Errosak gura deutsa 
Gaur kurutzeari;
Biotz ta arima bat eiñ 
ill zanari,
Eriotzan koroia 
Artu dayan sari.  

IV.
Eriotzeak danok 
Gaitu arrapauko,
Bere sareeratik 
Ez gara librauko;
Zorionekoa da 
Jayoa gorako,
Errosa zu zara bat 
Zu bai, Zerurako.

Amaitzeko diodan, Joxe Letonak bere apunteetan idatzita utzi zuenez, Maria Rosa Lazpita Ibarrondo, Kontzezinoko Komentuaren abadesa genuen 1935ean.

Argazkiak: JMVM, Euskomedia, Carmelo Letona

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina