Txapela 1955ean irabazi ondoren, Danok Bateko omenaldian |
JOXE ARRIARAN, ARRIARAN II hil da, gaur igandez, otsailaren 1ean.
Duela hamar urte, ZURIÑE VELEZ DE MENDIZABALek Arriaran II eta Miguel Soroa bi txapeldun handiak bildu zituen Euskonewsen elkarrizketa baterako, hain zuzen ere Joxek bere lehen txapela eta justu Soroaren kontra irabazi zueneko berrogeita hamar urte pasatu ondoren.
Elkarrizketa hura ekarri nahi izan dut hona, Arrasatek galdu duen txapeldun handiaz zertxobait gehiago jakin dezagun. Agur, Joxe, ohore zuri!
====..====
Euskal pilotaren historiako
bi izen handi: Arriaran II eta Soroa edo
Soroa eta Arriaran II. Arrasatearra Joxe eta Elduaingoa Migel, biak 1926an
munduratuta. Biak txapeldun eta elkarren artean hamaika partidu jokatutakoak.
Urteen buruan ere adiskide. 1955eko finala Bergarako frontoian jokatu
zutenetik 50 urte eman ondoren, biekin bildu gara Arrasaten, garaiko
oroitzapenak ahora ekartzeko eta, bide batez, pilotaren gaur eguneko egoeraz
hitz egiteko.
Migel
Soroak hogeita bost urte bete arte ez zion bere buruari planteatu pilotari
izatea, eta hori ere behin ezkonduz gero gertatu zen. “Hogeita bost
urterekin abiatu nintzen pilota profesionalaren mundutik. Lehen ez nion kasu
larregirik egin, nahikoa bainuen soinujolearen afizioarekin. Han ibiltzen
nintzen “infernuko auspoarekin” festaz festa, bazterrak alaitzen. Gainera
Elduayengo organularia nintzen. Baina ezkondu nintzenean erabat aldatu
zitzaizkidan ohiturak eta pilotan ongi nenbilela ohartu nintzen, zenbat urte
lehenago baino hobeto jokatzen nuela iruditu zitzaidan. Eta profesionalerako
urratsa ematea pentsatu nuen”
Joxe
Arriaran kirolariren sendi batean jaioa hamazortzi urterekin ekin zion pilotako
profesional izateari. Joxek dioenez, berari txikitatik zetorkion pilotarako
grina eta bere anaia Pacorekin batera gazte hartu zuen profesionaltasunerako
erabakia. “Hamazortzi urterekin egin nuen debuta eta era guztietako
pilotariekin jokatu behar izan nuen. Gallastegi, Atano III, Onandia, eta
garai hartako on eta ez hain on guztiekin jokatu nuen. Atera kontua, ia-ia
hasieratik bina partidu egiten nituen asteko!”
Miguel
Soroak lehen partidu profesionala jokatu ahal izateko, lan egiten zuen
enpresako ugazabari baimena eskatu zion, ohiko hamabi lan orduetatik zortzi
bakarrik egiteko. Horrela entrenamendu pixka bat egin zezakeen. Eta berak
aitortu digunez, Donostiako Grosen jokatutako lehen partidu harengatik 175
pezeta kobratu zituen. Lantegian, 125 ordaintzen zizkioten zortzi orduko
lanarengatik. Eta aurreneko zazpi partiduak irabazi zituelako “Enpresas
Unidas”-ek kontratua egin zion. Hogeita bi urtez aritu zen profesional gisa,
urteko laurogei bat partidu jokatzen zituelarik.
Arriaran
IIaren kasua apur bat desberdina izan zen, gazte-gaztetatik ezagutu baitzuen
frontoietako giroa eta -azpimarratu duenez- “Enpresas Unidas” beste edozein
gauza zen batasuna baino. “Negozioa lau narru sendok manejatzen zuten, eta
pilotariak panpina hutsak ginen haien eskuetan. Nire aitaren negozioari esker,
kontratuak negoziatzeko orduan anaia Pacok eta biok indar apur bat gehiago
genuen beste pilotari askok baino, jokatu gabe egon baikintezkeen tipo
lotsagabe haien esanetara makurtu barik”.
Uharkapeko frontoian |
Bi
pilotariak atzelari moduan aritu ziren euren ibilbide profesionalean. Uler
daitekeen bezala, arrazoi pilo bat dute pilota jokoaren gaineko euren ikuspuntu
zorrotza eman ahal izateko, eta -bitxia irudi daitekeen arren- garbi dute Retegi II ez dela izan XX.
mendeko pilotaririk onena. Ez dira ausartzen nork irabaz zezakeen titulu hori
esatera, baina bien iritziak Atano VII-ren ingurura
bildu dira. Gaur egunekoen artean, ordea, Aimar Olaizolaren alde ageri zaizkigu
biak.
“Elduainen
diogun bezala, “larre motzekoa” nintzen ni, hau da, eskarmentu edo giro
aproposik gabea, pilota munduan. Dena egin behar izan nuen nik neronek, inoren
laguntza barik, eta sarritan -ozen utzi behar da- zaila zen bizirik ateratzea,
pilotarien gainetik nagusi zen giro interesatu hartatik. Suposatzen dut egun
ere gauza bera edo antzerakoa izango dela” aitortu digu Soroak.
Pilotara
jokatzeko moduaz ere kritikoak agertu zaizkigu bi pilotariak, oraingo gazte profesionalen estiloa dela eta. “Materialak zerikusi handi du, zalantzarik
gabe” dio Arriaran II-ak, “lehen askoz pilota gogorragoak ziren eta egun
haien antzerakorik ikusten duzunerako aspertu egiten zara motel eta
kaskarrekin” jarraitzen du. Migel Soroaren iritziz, “oraingo eskuak
askoz bigunagoak direlakoan nago. Lehen oso arraroa zen partidu atzeratzea
eskuen egoera txarrarengatik. Eta ez pentsa guk baino partidu gehiago egiten
dituztenik”
Pilotaren
munduko hainbat ulertezinen adibideetako bat kontatu digu, hain zuzen, Joxe
Arriaranek, eskuen egoera txarrarekin lotuta: “Behin Espainiako Federaziotik
etorri zen ordezkaritza bat, Bonbin presidentea buru zelarik, gurekin
negoziazio bat egitera. Hitz aspertu luze eta gora beherez betean, pilotariak
eskuan min duenean ezin duela jokatu planteatu zioten ordezkaritzari. Orduan
pertsonaia pintoresko haietako batek Bonbini galdegin zion: “¿Es verdad que con
el mal de manos no se puede jugar? Tipo hark ez zekien ezer pilotaz, eta
Federazioan zegoen!”
Joxek esan digunez, pilotariak hori entzutean zutitu
egin ziren eta batzarretik alde egin zuten, solaskide hobeak behar zituztela
adieraziz.
Soroa
eta Arriaran II-ren arteko partiduak ikusgarriak gertatzen ziren, biak planta
oneko atzelariak ziren eta. “Lehen finala jokatu nuenean, 1954an, hain zuzen
finalerdia Joxeri irabazi ondoren, Barberito izan nuen kontrario. Pilotak
aukeratzera Eibarrera joan nintzenean Gallastegi zenak deitu ninduen eta esan
zidan kontuz ibiltzeko, Barberitok ez ziola arerioari bere estiloan jokatzen
uzten eta oso pilotari arriskutsua zela. Nik erantzun nion, askoz beldur
handiagoa niola Arriaran II-ari, honen bizitasun indartsuarengatik”.
Bien
artean jokatutako final bakarra 19551eko maiatzaren 15ean gertatu zen, Eibarko
Astelenan, eta Soroak iragarri bezala, Arriaranek irabazi zuen, 22-13. “Egun
hartan, berarekin pilotan aritu naizen guztietan bezala, zaldun dotore bat izan
nuen kontrario kantxan. Migel Soroari irabaztea ohore handi bat izan zen
niretzat”.
Joxe
Arriaran eta Miguel Soroa, euskal pilotaren gaineko historiaren bi protagonista
handi ditugu. Biak zaldunak kantxan. Eta egun gure nazio kirolari buruzko
entziklopedia biziak. Zorionak bioi!
Argazkiak: Zuriñe Velez de Mendizabal, Amaia Azpiazu
...OOOH !
ErantzunEzabatua ze pena !!
galanta zan Joxe....OSO JATORRA..!
Goian bego..
Eskerrik asko. Bai, gizon mundiala!
ErantzunEzabatu