Euskonewsen argitaratu berri dudan artikuluan, Jose Antonio Villar daukat hizpide. Hona hemen artikulua bera eta
bertan ere aukera duzu bideo bat ikusteko.
Baita Youtubera jaso dudan bigarren bideo bat dago ikusgai, 1966an
eskaini zuen kantaldi baten abestiarekin. Disfrutatu, Jose Antonioren
xarmarekin!
=======..======
Euskal kantagintza
modernoaren aitzindaria izan zen, “Ez dok amairu” mugimenduari hamar urteko
diferentzia atera ziolarik. Euskal Herriko plaza eta antzokiak zapaldu zituen,
baita kanpoan ere, eta euskara modako uhin berriekin egoki joan zitekeela
erakutsi zuen. Jose Antonio Villar Oiarzabal berritzaile aparta izan zen euskal
kulturaren ildoetatik, eta berrogeita hamar urte geroago ere komentzituta dago
gure nortasun agiririk adierazgarriena euskara dela.
Jose Antonio Villar
Oñatin jaio zen 1939an, eta bere jaioterrian ekin zien musika ikasketei,
sendian bertan lehenik, amarekin, eta Julian Zelaia parrokiko organo jolearekin
jarraian. Urte batzuk marista fraideekin Nafarroako Vilafrankan eta ... ikasi
ondoren Oñatira itzuli zen eta bertako musika giroan sartu zen buru belarri.
Hasiera hasieratik, Irrintzi zortzikote ospetsuan esku hartu zuen, egundoko
lana burutuz. Jose Antoniok dioenez, urteko hiru ehun entsegu-egunak izatera
heldu ziren, zortzikotearen kalitate maila goi-goian utzi zutelarik. Euskal
Herriko txapeldunak izan ziren oñatiarrak.
Baina Jose Antoniok
zortzikotearekin zuen konpromezuak ez zion eragotzi bakarkako abeslari bezala
ere abiatzea. Bere gitarrarekin han eta hemen hasi zen bere emanaldiak
eskaintzen. Hamazortzi urte zituen eta gitarra jole trebea zen, gauza bitxia
garai hartan. Espainieraz eta frantsesez ekin zion abesteari baina aurki
euskarazko errepertorioa ireki zuen, batez ere Iparragirreren kantekin. Hori
dela eta, 1959an, Urretxun egin ohi zen Euskal Jaian, Urretxuko bardoaz
karakterizatua, Iparragirreren abestiekin harritu zuen publikoa. Lortutako
arrakastarengatik, lau urte jarraian deitu zuten jaialdi hartara.
Urte hartan ere,
TVEko lehiaketa batera aurkeztu zuen bere burua eta finalisten artean sailkatu
zen. Baina Madrilera finalerako joan behar zuen egunean, beste final batean
hartu behar izan zuen esku Bilbon: Euskal Herriko zortzikoteen artekoa. Eta
telebistako balizko saria atarian geratu zitzaion. Euskal abeslari bakarlari
jantzienetakoa zenez gero, handik eta hemendik deitzen zuten, apurka-apurka
antolatzen hasi ziren jaialdietarako. “La Voz de España” egunkariaren Artista
Berrien txapelketan saritua izan zen. Baita Eibarko Jai Alai dantzatokian ere.
Hori hirurogeietako lehen urteetan gertatzen zen.
Ondorioz, Baionako
Goiztiri diskoetxearekin euskarazko abestiekin disko bat grabatzea proposatu
zioten. Baita bigarrena ere. Villarrek aitortzen duenez, esperientzia hura oso
garestia atera zitzaion, bera arduratu baitzen diskoaren komertzializazioaz eta
urte haietan muga pasatzea arriskutsua izateaz gain... ez zuen merkatal
operazioa bermatzen. “Basque party” izenarekin kaleratu zituen diskoetxeak bi
borobil EP, hots, launa abestiko diskoak. Begira zer zioen Jose Luis Lizundiak,
euskaltzain oso egin zuteneko bere diskurtsoan, 2004an: “Jose Antonio Villar oñatiarraren
“basque party” edo eta euskal ye-ye motako kantagintza modernoa, alegia,
dantzalekuetarakoak ere aipamen garatuagoa mereziko luke. Honela, Bergarako
Ariznoa hotelak saioak antolatzen zituen eta nobedade erakargarria zen
dantzazaleontzat”
Lizundiak aurreratu
du Jose Antonioren beste ekintza mota bat: orkestra burua izan zen, hogei urtez,
Bergarako Ariznoa dantza tokian. Orkestra arrasatearrez eta aretxabaletar batez
zegoen osatua berrogeitamarretako bukaeran, eta Jose Antoniorengana jo zuten,
gitarra jolearen eta abeslariaren premian baitzeuden. Bi hamarkadatan aritu zen
horretan Villar, profesional moduan.
Baina, lehen
zortzikotearekin bezala, orkestrako partaide izateak ez zion aukera kentzen,
bakarlari gisa aritzeko, eta horrela euskal kantagintza garaikideko
hastapenetan kiderik esanguratsuenetakoa izan zen. Lurdes Iriondo ezagutu zuen
lehenik, 1961ko Urretxuko jaialdian, eta geroago Julen eta Andoni Lekuona
anaiekin sakondu zituen harremanak. Horrela, 1966ko maiatzaren 19an Usurbilen
izandako Euskal Abesti Berrien Lehen Sariketan, Julen Lekuonaren testuarekin Villarrek konposaturiko “Maitasuna”
abestia abestu zuen. Lehiakideak, besteak beste, Lurdes Iriondo eta Benito
Lertxundi izan zituen. Urte hartan bertan, abenduaren 4an Donostiako Victoria
Eugenia izan zen Euskal Jai Nagusian ere esku hartu zuen Jose Antoniok. Bertan
lau abesti kantatu zituen, Iparragirreren bi, jatorriz frantsesez Marie
Laforêtek abestu eta Lekuonak euskarara itzulitako “Hondartza” (La plage) eta
goian aipatutako “Maitasuna” Arrakasta izugarria izan zen.
Ordurako Jose
Antonio sarritan elkartzen zen Donostian osatutako taldeko kideekin. Hara
biltzen ziren ere Nemesio Etxaniz, Lurdes Iriondo, Julen Lekuona, Joxean
Artze... euskal kantagintzaren lehen saiakera haiek nola sendo zitezkeen
aztertzeko. Baina musikako fronte guztiak ezin zituela batera bete ohartuta, Villarek erabaki behar izan zuen eta
orkestrarekiko konpromezuak jo zuen biziago. Horrela, kantaldi eta jaialdiei
agur esan zien, 1968 aldera.
Jose Antonio
Arrasatera ezkondu zen eta bertatik irradiatu du harrez geroztik bere
bizimodua. Musikarekin lotuta erabat, horren bitarteko komunikazioa izan du
beti gogoan. Teoria zein praktikan, gazte-gaztetatik mugitu da komunikaziorako
berezko senak eraginda, eta bere zuzeneko musika eskaintza artistikoan zein
merkatal zerbitzuen bidezko ahaleginetan, uneko teknologiak eta mezuak
uztartzen aurreratu nabarmena izan da Villar. Egun ere bide bertsutik saiatzen
da bere bizitzari zentzua ematen. Horren adibidea, publikatua daukan “Estados
de comunicación” deritzan liburua dugu.
Bideoak:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina