uztaila 10, 2019

MUSAKOLAKO BATZOKIA. 1934

Blog honetako 400. ekarpena da oraingo hau. Nork esango zidan!

Arrasateko batzokiak ehun urte bete zituen
T. Monzon eta Luisa Arregi, ikurriñarekin
2008an. Herriko euskal abertzaletasunaren abiapuntuan jar daiteke batzokiaren sorrera puntua. Baina Adan de Yarzatarren etxean -Banco Guipuzcoanoko eraikina- kokatutako abertzale-txokoari segitu zion beste batek Musakolako auzoan, eta gaur azken honi eman nahi diot tokitxo bat, musakolatarren nahia nola joan zen errealitatea bilakatzen ikus dezagun. 

Euzkadi egunkariak 1934ko uztailaren 17an Musakolako batzokia zuen hizpide, Arrasatetik “Gotzon” izeneko korrespontsal batek bidalitako kronikarekin: 

“Bikañak zirala Musakolako gasteak genion eta orain esango deguna irakurtzian, zu be, irakurle, gurekin egongo zera noski. Nola sortu zan batzoki au? Ara nola: gaste kementsu batzuk, urrutiko egiten zitzayela erriko batzokira etortzia, ta erabaki zuten berton batzoki berri bat irikitzea, bañan… nundik atera txanponak? Au da gure artean betiko buru-austea. Orregatik ez ziran atzeratu gure adizkideak, eta onek pixkat eta arrek beste pixkat, sakelak zulatuz, or doaz pozaren-pozez gañezka ta txit zoraturik euren asmo zoragarriak asetzen, urka urten dizkieten eragozpenak zapalduta. Zorioneko gaztedia, orrela oldoztu, ta bere asmo ederrak aurrera daramana. 

Gaste auek egin dutena azkeneko ogei ilabetetan auxe da: txistulari talde polita gertatu, batzoki ederra apaindu, pelota txapelketa eratu, 90 bazkide batu, auzo guztia abertzaletu, eta abar. Musakolako txistulariak gastetxuak dira (13-14 urte) baña txistulari bezela… esan dezatela Ixidor Deun egunetan dantzatu ziranak. Ez dute, Otxoa, irakasle motela txistulari gasteok! 

Auzo ontakoa degu Jabier bertsolari trebea, ain goyan agertu zana Zumarragako batzarrean (orrilak 10) Mutil argi ta yakintsu onek, batez ere nekazari arazoetan alaituko gaitu, goiz eta arratsalde bere bertso bereziaz. Ia Jabier gertatu egun aundi orretarako” 
"Antoña" baserria


Diodan, aurreko lerroaldean aipatutako Jabier bertsolaria, Jabier Zelaiaundi  “Antoña” musakolatarra zela. Urte hartako maiatzaren 10ean – Igokunde osteguna-  Euzko Nekazarien Bazkunak deituta Gipuzkoako baserritarren bilera handia ospatu zen Zumarragan, lehen aldiz. Eta egun hartan, bertsolariak izan ziren: Arrasateko “Jabier”, Zarautzeko “Basarri”, Azpeitiko “Xapai”, Urnietako “Alkain” eta Andoaingo Etxebarria.  “Eta oyek abestu biar dituztela esatea naikua esatea da”, zioen “Euzkadi"k bezperako edizioan. Horra hor, beraz, musakolatarra goi mailako bertsolariekin deman. Ez da gutxi, alajaina!


Baina noan ostera batzokiaren inauguraziora. Eta azal dezadan, “El Día” egunkariak ere, uztailaren 21ean ospakizunaren berri ematen zuela:
“El entusiasmo que reina se acentúa a cada momento gracias al celo y actividad desplegado por los patriotas del barrio, en unión del Uri Buru Batzar y Euzko Gaztedia, que han sabido confecionar uno de los mejorcitos programas que se pueden saborear hoy en día. La misa de comunión general, la bendición de la bandera, el banquete oficial, el selecto concierto del Orfeón de Euzkko Gaztedia dedicado en honor de los patriotas visitantes, el gran mítin de afirmación nacionalista a cargo de Julene de Urzelai, Pedro de Basaldua y Telesforo de Monzón, y la gran romería vasca, son harto suficientes para que en los amplios prados con que cuenta el simpático barrio se reúnan centenares de abertzales ansiosos de gozar el día en completa confraternidad vasca”  



Uztailaren 17ko "Euzkadi" egunkarian irakur daitezkeen beste datu batzuen arabera, Musakolako lokalaren obrak zenbait hilabete lehenagotik ari ziren burutzen eta auzoko gazte talde batek ziharduen itxura ematen inaugurazioaren egitarauari.  Uztailaren 21ean, larunbata, hau da, inaugurazioko bezperan, ondoko kronika agertzen zen aipatutako egunkarian, “Gotzon”ek sinatua: 

“Gure biltokian gera, arkatza bietz tartean degula idatzi zailtxoa gertatzen Musakolako jayetaz zerbait idazteko asmotan. Beti, gure eretxian, Musakolarrak abertzale jatorrak dira auek ezagutzen dituzten danak. Gure egipena auxe da igandez, dan-danok Musakola auzora juatea gure zorion beroenak eman eta aurrera jarraitzeko indartu gure aurkezpenaz ta gogo-laguntzaz geroago ta kementsuago jarrai dezaten bide eder ortatik. 

Ezin genezake Arrasateko abertzaleok gure laguntza ukatu. Ez orixe! Musakolakoak izan ziran “dictadura” madarikatu garayan Arrasateko batzokian geyen lagundu ziotenak, oneik izan dira baita Euzko-Nekazari-Bazkuna sendatu dutenak gure errian. Ez gaitezen, ba, atzendu asiaren igaliak artzeko garaya iritxi zazkienean. Gure iritxiz, zuek daramazuten bidia da, zuzen-zuzenena abertzaletasunera urreratzeko. 

Berriz eta berriz ez gera nekatuko esaten igandean “Antoña” zelayan izango diran itzaldietara joateko. Izlariak egitarauan irakurri dezuten bezela, dira Urtzelai andereñua, Basaldua tar Kepa, ta Montzon alduna. Azkenik eta gure aurreko eskutitzan esaten genuan bezela Jabier bertsolariak alaituko gaitu, berak oi duan bezela. Amaitzeko euzko jai ederra egongo da iluntzerarte. 

Ikusi al dezu, abertzale, Musakolako jayen egitaraua? Ez al zaizu atsegin? Bai, noski! Ez dira nola-naikoak Musakolako gasteak lanean asten diranean. Atzo izan ginan ibilalditxo bat emanaz batzoki polit au ikusten, eta arriturik gelditu giñan, batzokiaren zabalkunde aurreko lanak ain aurrera dijoazela ikusita. Emakume lirañen esku-artean azkenengo ikutuak ematen ari zirala, ikusi genuan igandez onetsiko dan euzko-ikurriña.

Musakolako batzokiaren inaugurazioa, 1934-07-22

Txistulari-txiki taldea, ordea, txaidez-txaide joaz ibiliko dituan eresiai, berriro begira txalo ugari irabazteko. Berton jakin erazi ziguten, otoruntzurako izenak eman nai dituztenak, ainbat azkarren eman dezatela, azkeneko ordura begira egon gabe. Gaur beste berri bat eman bearrean gera, au da larunbatez (ilak 21) Arabako aldun azkar eta abertzale zintzo dan Landaburu jaunak eta gaueko bederatzitan itzaldi gorengoa egingo duala” 

Inaugurazioko ekitaldien egitaraua ere eskaini zien irakurleei Euzkadi egunkariak. 

Uztailaren 22ean Musakolara guztiok

Musakolako Euzko-Batzokiaren askondea ta ikurriñaren onespena ospatzeko, Uztailaren 22eko jayen egitaraua:

Ilaren 21ea.  Iluntzeko 8etan: auzoko txistulariak biribilketa. 

Ilaren 22ean.  Goizeko 7etan: Txistulariak biribilketa; 8etan: Kontzezio elizan, Meza, Jaun artzea ta ikurrin onespena; 10etan: Musakolako Euzko Batzokiaren onespena. Ondoren Arrasateko Euzko gaztedikoak ezpatadantza; 1etan: oturuntza aundia; 3etan: Arrasateko Euzko Gaztediko Abesbatzak abestirik ederrenetakoak abestuko ditu; 4etan: ”Antoña-Aldeko” zelayan Abertzale-zabalkunde-Batzarra, izlari onek: Urtzelai´tar Julene, euzkeraz, Basaldua´tar Kepa. Erderaz, Montzon´dar Telespor alduna, euzkeraz. 

Eta gero iluntzerarte txistulari ta pilarmonikariak jota, erromeri ederra. Eup guztiok! Musakolara uztailaren 22ean!”

 Argazkiak: JMVM, Jose Ignazio Zaitegi, Javier Azkarate

uztaila 03, 2019

ARAMAIOKO SAN MARTIN JAIAK. 1909



Garaiak aldatzen dira? Ala pertsonek aldarazten ditugu sasoiak? Bizitza gurpil ero bat da, inoiz geratzen ez dena. Baina gu pertsonok, atzera begiratzeko geldiune bat egiten dugunean, gu ez ezik denborak atzean arrasto ulergaitzak ere utzi dituela konturatzen gara, eta oraingo talaiatik ikusten dugunak ahoa bete hortz uzten gaitu. Jaiak horren adibidea dira, eta datozen lerroetan 1909ko San Martin jaietan Aramaion gertatutakoaren lagintxo bat emango dut. Eta gero bakoitzak ondorioa atera dezala. 

Gasteizko “El Heraldo Alavés” egunkariaren 1909ko uztailaren 7ko edizioan, “El corresponsal” batek honela idazten zuen Aramaioko jaiei buruz: 

“En el día de ayer (uztailaren 4) y según el programa trazado por la Corporación municipal dio principio el período de fiestas que el Ayuntamiento dedica en honor de San Martín, patrono de esta localidad, y se realizó de la manera siguiente: 

A la mañana los tamborileros de esta localidad y de Durango anunciaron con alegres dianas que el pueblo se hallaba en período de fiestas y tras de multitud de voladores que atronaban el espacio recorrieron las calles tocando hermosos pasacalles y dianas.

A las diez tuvo lugar la función religiosa a la que asistió el ayuntamiento en Corporación, precedido de los tamborileros de esta localidad y de Durango, habiendo oficiado como celebrante el presbítero y coadjutor de esta parroquia don Rafael Eriz, y estando encargado de dirigir la palabra divina el celoso y bondadoso párroco de esta localidad don Bernabé Cortazar, el que con fácil palabra probó de una manera concluyente que los que durante permanecieron en este mundo  solo se ocuparon de servir a Dios, gozan en el cielo de una gloria sin fin y son hoy los medianeros de los que aún peregrinamos en este valle de lágrimas; al contrario de lo que sucede a los que en la tierra amontonan honores mundanos, puesto que estos terminan con el que los ostenta. La capilla dirigida por el inteligente organista de esta localidad don Roque Amilburu y reforzada por músicos de Durango rayó a gran altura, habiendo interpretado magistralmente la gran misa de Caballero” 

Herriko jaiak zirela eta, udal akordioetan jaso zen, 1909ko maiatzaren 16an, arimen aldeko mezaren homilia – hau da jaietako bigarren eguna, hilak 5-  Ibarrako erretorearen esku uztea, hark edo haren esanetako beste norbaitek eman zezan. Baita hamasei dozena etxaferu – kalitate onekoak- erostea eta Atanasio Unzueta zinegotziari eskatzea dultzaineroak kontratatzea – “lo más arreglado posible”- eta aharien topaketa antolatzea. Diodan, 1909 urte hartako alkatea Frantzisko Madina Gorostiza zela eta zinegotziak Markos Larrañaga, Pedro Errasti, Gregorio Zilaurren, Kalixto Etxebarria, Timoteo Jauregi eta Atanasio Unzueta ziren.

Lehen eguneko jai egitarauan, eta arratsaldeko elizkizunak amaitu ondoren, Udaletxean izena eman zuten aurreskulariek parte hartu zuten, publiko zabal baten aurrean. Arrasateko gaiteroek jotako doinuetara egokitu behar izan ziren eta azkenean sailkapena honela geratu zen: txapelduna, Bilboko Gregorio Abendibar – herriko Victoria Abendibar maistraren anaia- eta 12´50 pezeta jaso zituen. Bigarrena, Durangoko Joxe Etxenausia, 7´50 pezetarekin; eta hirugarren tokirako bi aramaioar geratu ziren: Agapito Madina-Azkoitia eta Bruno Orue, 3´75na pezeta jaso zituztenak. Denak pozik geratu bide ziren.

Jarraian, herriko plazan, Untzella eta Azkoaga auzoen arteko aharien dema izan zen. Azkoagatarrak gertatu ziren garaile. Eta amaitzeko dantzaldia izan zuten, gaueko 12ak arte.

Uztailaren 5ean ere jai nagusia izan zuten herritarrek eta egunkariak xehetasun puntualak eskaintzen zituen, bezperako egitaraua deskribatzen zuen estilo bertsuan. Irakur dezagun: 

“A la mañana, diana por los tamborileros de este pueblo y Durango y dulzaineros de Elorrio. A las nueve tuvo lugar una solemne función religiosa con asistencia del cabildo eclesiástico de este valle, en la cual ofició de celebrante don Rafael Eriz, coadjutor de esta parroquia, y de diácono y subdiácono don Félix Altube y don Silvestre Bengoa, este último cura ecónomo de Aréjola. Ocupó la sagrada cátedra un reverendo padre franciscano del convento de Aránzazu, el que con frase elegante demostró de una manera concluyente la existencia del purgatorio y la obligación en que nos hallamos los que peregrinamos en este valle de lágrimas de rogar y hacer obras de caridad en sufragio de las benditas almas del purgatorio” 

Eta bi egunetako sermoiek arimari ekarritako lasaitasunarekin gorputzean, aramaioarrak berriz ere herriko plazara bildu ziren, euskal dantzak ikusteko. Arratsaldez, ahariak eta dantzak izan ziren, gau erdira arte. Eta hirugarren egunean, ezkonduentzat apropos egokituriko programa borobildu zuen udalak. Horrela bukatu ziren, beraz, 1909ko jaiak. Duela, justu, ehun eta hamar urte.

Argazkiak: JMVM

ekaina 26, 2019

FRONTOIA ETA IKASTOLA ARRASATEN. 1933



Arrasateko EAJk 1908an ekin zion bere ibilbideari eta 1933an, herriko Euzko Gaztediren bitartez, pilotaleku eta ikastolaren inguruko albisteak sorrarazi zituen. Martxoaren 12an, adibidez, jai handi bat izan zen, eta “Euzkadi” egunkariak albistea eman zuen martxoaren 18an, “Danok-Bat” anonimo batek izenpetutako kronikan: 
Batzokiko dantza taldea, 1933an, Adan de Yarzaren etxean

“Egun gomutagarria igaro zan igandea Arrasateko abertzaliondako Gure ametsak igandean bertan egi biurtzera zijoazala ikustian, alaitzen zuten abertzalien biotzak:  Pelotatoki eta Ikastoletxeko lenengo arria jartzia. Askondako ezin ikusi izango zan arria antxe zegon gure abertzaletasunen oñarri bezela jarrita. Baña arri au jartzeko, zenbat naigabe ez ote dira sortu! Baña esandakoa da, nai izaten dala al izatea, eta laister arri orren magalean sutunik ikusiko degu gure Pelotatoki eta Eusko Ikastola. 

Iragarrita zegon lez goizeko 7etan izan zan Jaupa (1) eta Jaunartzea. Jaupa nagusi ostian izan zan lenengoko arria jartzia jendetza aundi bildurik. An ikusi genduzan Lekeitiotik etorriak Solano jauna beren alaba lirañakin eta baita Adan eta Yartza´tar Maren (nai aña ezin eskertuko deguna Arrasateko abertzaliok) Gipuzko Buru Batzarretik Monzon´dar Telespor lendakaria eta Ugalde´tar Peli batzarrekoa.

Lenengoz gure txaunburu (2) jauna onespendu ondoren, Euzko Gaztediko lendakaria dan Uriarte´tar Josebak irakurri zituen arripean sartu biar ziran izparringi eta iragarkiak. Ondoren ezarri zituzten euren izen abizenak Adan eta Yartza´tar Marenek, Solano jaunak eta bere bi alabak, Monzon´dar Telespor, Ugalde´tar Pelik, Uriarte´tar Josebak, txaunburu Arin´dar Joseba Jokin eta Markiegi´tar Josebak. 
Adan de Yarzaren etxe ostean zeuden frontoia eta ikastola

Bein arripean izparringi, argazki eta iragarkiak, jetsi zuten arria bere lekura eta Monzon´dar Telesporek egin zuen itzaldi labur bat, adieraziaz zer garrantzi zeukan arri orrek Euzkadiren azkatasunerako. Eskatu zigun danon laguntza eta baita txalo bero bat Ugalde´tar Pelirendako, ainbat lan egin duen eta egiten ari dan abertzale zintzo orrendako. Entzun ziran, bai, txaluok! Amaitu zuen esanaz berri txar bat ezan biar zubela: nola "Lizardi´tar Jabier iltzeko zorian agertzen zan eta eskatu zion txaunburu jaunari Aita gure bat bere aldez; eta gure otoitzak bereganatzeaz eta, azkenik Euzko Ereserkia abeztuaz amaitu zan itxaropeneko goiz au Arrasateko abertzaliendako” 

Ikusi ahal izan dugun bezala, EAJren Arrasateko eragilerik porrokatuenetakoak Peli Ugalde atxabaltarra eta Mariano Adan de Yarza lekeitiarra ziren. Azken hori herriko alkatea izan zen 1920-21 urteetan. Bestalde, esan behar da Jose Maria Agirre, Xabier Lizardi idazlea, 1933ko martxoaren 12an bertan hil zela, lehen harri hura jartzen ari zen bitartean. Segitzen du idazkiak: 

“Arratsaldian itzaldi bikañak: izlariak Monzon´dar Telespor, Trabudua´tar Polixene eta Ruiz de Agirre´tar Julen. Notintza (3) ikaragarria etorri zan inguruetako errietatik. Itzaldiak ederrak, laburtxoak, batez be Trabudua andereñuena, gaxo samar arkitzen zala-edo. Amaitu zan beti bezela Euzko Ereserkiaz. Eta orain Montzon´dar Telesporek esan zuen bezela:

Gora biotzak eta ekin lanari,
danon biarrian arkitzen da-ta,
gure Ama Euzkadi! 

Beraz, egitarauaren barruan Ikastola eta frontoiaren lehen harria jartzea ospatu zuten.  Baina izan al zen jai hura lehen harriaren ospakizuna, ala obrak aurreratuago zeuden? Diot hori, hain zuzen ere, "Euzkadi" egunkarian bertan ekainaren 29an honela irakurtzen zelako: 

“Euzko Gastedijaren ogetaboskarren urtea eta pelota-toki ta ikastolaren zabalketa jayak. Igandez, garila 2.garrena.” 

Egitarau zabal eta joria prestatu zuten Euzko Gaztedikoek urtarrilaren 2rako. Baina irakur dezagun "Euzkadi" egunkariak zekarrena, jaiaren bezperan: 

“Badatorkigu hainbeste itxarotako eguna. Garilaren 2an Euzkadiko bazter gustietatik abertzaleak emen ixango ditugu Euzko Gastediaren 25.karren urtea eta Pelota-Toki eta Ikastolaren zabalgunde jayak ospatutzera. Ogeta bost urte dira abertzale gutxi batzuek zabaldu zutela lenengo Batzokia erri  ontan Ez guaz emen orain azaltzera euren lan ta nekeak lenengoko denbora ayetan. 

Eurari zor diogu 25.karren urteurrenau egitia eta ogeta bost urte ontan abertzaletasunak egin daben gorakada bikaña Arrasaten. Baña oraindik ez gera danak; lan askoren biarra dago horrela izan gaitian, eta orreik (atzok) berotzeko eta ikusi gura ez daben askoi erakusteko nola duan EUZKADI beren azkatasunaren bidean, Arrasaten izan bear zerata al dezuten abertzale gusiok garilaren 2an” 

Eta uztailaren 2an, igandea, egundoko jendetza bildu zen Arrasatera Euskal Herriko hainbat eta hainbat tokitatik. “El Día” egunkariak jasotzen zuen uztailaren 4an: 

“Euzkadiko mendietan entzun dan aberri zantzuari ezin entzun-gor egin zioten Arrasateko abertzale zintzoak: eta ara or non jarri dizkiguten Euzkadi alde ikastola eta pilotatoki bat. Umearen biotza abertzaletasunerako irabazi bear da. Ikusi dute Arrasateko euskaldun zintzoak bear ori: ara or ikastola beren gogoak egiztu egin ditezen… Zer oberik gazteari bere aberria zein dan erakustia baizik? Euskaldun gaztedia guztiz jolaszalea da; ikusi du au ere Arrasateko abertzale alderdiak eta ara or non jarri duten pilotatokia. Guztiz txalogarriak zerate Arrasateko abertzaliok! Bide ortatik laster dezute erri guztia abertzale” 

Artazo (ezk.) eta Zabala
Pilota tokia,”Gurea” bataiatuko zena, Mariano Adan de Yarzaren etxe osteko terrenoetan eraiki zen. Kontuan eduki behar da, adandeyarzatarren etxea  gero urtetan Banco Guipuzcoano izandakoaren eraikina zela, eta bertan ere – sendiak utzitako gela batzuetan- Arrasateko batzokia zegoen. Terreno haietan  ere prestatu zen euskal ikastola. 

Ohiko mezaren ostean ikastola eta frontoiaren bedeinkapena izan zen. Pilota partidu batekin inauguratu zen frontoia. Egitarau ofizialaren arabera, Zabala eta Artazo – Egia eta Mondragonés ziren bikoteak baina arazoak izan ziren lau atleta horiek jolas zezaten eta, azkenik,  Lete eta Uribe – Zabala eta Rezolaren kontra atera ziren eta lehenak izan ziren garaileak.  

Bazkarira ehun eta berrogei lagun eseri ziren
Mondragonés eta Egia
eta Bengoa, Garmendia eta Lorenzo tabernetatik zerbitzatu zen otordua. Bazkal buruetan Joxe Markiegiren zuzendaritzapean Euzko Gaztediko abesbatzak ekitalditxo bat izan zuen. Jarraian herriko plazara joan ziren bazkaltiarrak, mitinera. Kronikek diotenez, ordurako jendez leporaino beteta zegoen plaza; batzuen arabera, zazpi mila entzule ziren. Eta hizlariak Gallastegi (Bizkaia) Gamarra (Araba) Leunda (Gipuzkoa; iragarrita zegoen Monzonen ordez) Irujo (Nafarroa) eta Aldazabal (Bartzelonako Batzokia)
 

Jaia amaitu zen, plazan bertan ezpata dantzariek eskainitako dantzekin eta Batzokiko terrenoetan ilundu bitartean eratutako triki-tixa eta txistu erromeriarekin. Hori bai, gaueko 9 eta erdietan, garai hartan euskal antzokietan gehien estimatutako euskal ikuskizuna eskaini zen. Gau hartan Gernikako Segundo Olaetaren Elai Alai Dantza Taldearen emanaldi ikusgarriaz gozatu zuten ehunka arrasatearrek, goizean bedeinkatutako Gurea pilota tokian. 

Eta 1933ko uztailaren 2ko kronikarekin bukatzeko, dakardan hona “Euzkadi” egunkarian eskoriatzar batek urte hartako abuztuaren 11an zioena: 

“Gipuzkoako zaindaria, Iñaki Deunaren aurreko egunian bira bat egitera atera nitzan txoko batetik arratsian, Arrasaten Euzko Batzoki ederra bere pelota-jolas toki bikaña, nai danian antzoki biurtzen dala, ikastola, bola-toki ta dantza leku alaya ikustera” 

Zer esanik ez, “Gurea” pilotatokia multifuntzionala izan zen, bai gerra aurretik baita geroago ere.  Geroagokoaz gehiago jakiteko:


(1) Meza (2) Erretorea (3) Jendetza
Argazkiak: JMVM