maiatza 18, 2016

LA CONDESITA



Monterron atzealdea, grabatua. 1930

Galdetzen zidaten lehengoan ba ote nekien ezer “La condesita”, Monterron kondeen alabaz. Ez naiz aristokrazian aditu baina nire apunteetan baditut datu batzuk harekin erlazionatuta eta, beraz, honatx emakume haren zenbait zertzelada. 

Arrasaten ezagun egin ziren azken kondeen alaba nagusiari esaten genion “La condesita” iragan mendeko berrogeitamarretan. Konde horiek izan ziren 1983an Arrasateko Udalari jauregia saldu ziotenak. Haiek ziren, Maria Rosario Aranguren Palacio arrasatearra– kondesa- eta Miguel Alejandro Fernández-Rivera Gómez kubatarra, kontsortea. Alaba nagusia, beraz,  Ana María Fernández-Rivera Aranguren genuen, Madrilen jaioa 1950eko martxoaren 10ean.  

Arrasaten ematen zituen udako oporretatik aparte Ana Maria gazteak ez zuen beste harremanik izan herriarekin. Baina Monterron jauregia erabili zuen sendiak neskatilaren lehen jaun hartzea egiteko eta baita ezkontzako zeremonia ere ospatzeko.

Ondoko argazki batean ikus daiteke jaun hartzeko egunaren une bat. Balkoian agertuta, gonbidatuek lagun, neskatilak bere oinetan zituen herriko umeteriari goxokiak jaurtitzen dizkio, gonbidatuen algara eta txaloen artean. Hori 1957ko abuztuaren 27an gertatu zen, Zarugalde kaleko jai egunean, San Agustin, alegia. 


Jaun hartzea, 57-08-27
Aita Santuaren eta Monterron etxeko kaperaua zen Fidel Herrero gotzainak eman zuen meza eta herriko frantziskotarren tipleek zenbait motete kantatu zituzten. Zeremonia amaitzean lorategian bazkaria zerbitzatu zen, Urizar jatetxeak atondua. Bazkarian zehar udal txistulariek pieza batzuk interpretatu zituzten. Bazkalondokoetan, Gasteizko Txirinbil euskal dantza taldeak saio bat eskaini zien bertaratutakoei. 

Arrasatera egun hartan espresuki iritsitako markes, konde, eta abar luzeaz gain, zenbait herritar ere izan ziren gonbidatuta, besteak beste, Mariano Briones medikua, Jose Maria Marco Garmendia notarioa, Santiago Bastida alkate ohia eta Jose Añibarro UCEMeko idazkari nagusia. 

Jauzi luze bat egin behar dugu “La condesita”ren gaineko albiste gehiago aurkitzeko. Eta hori 1976ko ekainaren 5ean izan zen. Egun hartan kondeen alaba Alberto Adrian Alejo Sierra kubatarrarekin ezkondu zen Monterron jauregiko kaperan. Senargaia Ameriketako Estatu Batuen Floridan bizi zen, Tanpan hain zuzen. Justo Perez de Urbel, Valle de los Caidoseko abate eta Francoren gorteetako prokuradoreak zuzendu zuen zeremonia. Gizarte-oihartzunetako kronikek diotenez: 

“La novia lucía bonito vestido de organza natural y en el tocado velo de encaje antiguo sujeto por valiosa corona condal de perlas, rubies y esmeraldas. Se adornaba con “pendentil” regalo de Felipe IV a sus antepasados, cuando estuvo de paso en Mondragón en 1648, con motivo de la boda de la infanta doña Maria Teresa con Luis XIV de Francia” 

Arrasateko ezkontza baino egun batzuk lehenago, kondeek errezepzio bat eman zuten Madrileko euren egoitzan, bost ehun bat gonbidaturekin. 


La Condesitaren eskela
Ezkonberriak AEBetara joan ziren bizitzera. Tanpan ipini zuten euren etxea. 
Zoritxarrez, 1977ko maitzaren 18an Ana Maria hil egin zen Tampan bertan, auto istripu batez. Hogeita zazpi urte zituen. 

Monterron konterriaren oinordekoa zenez gero, titulua Blanca ahizpa gazteari egokitu zitzaion. Horixe, labur bilduta, Ana María Fernández-Rivera Aranguren “La condesita”ren bizitza ibilbidearen zatitxo bat, Arrasaterekin lotua.


Argazkiak: JMVM










 

maiatza 11, 2016

ARRASATEKO SAN ISIDROREN HIMNOA


Musakolako San Isidro
Jose Luis Iñarra, Arrasateko  parrokoa izateaz gain gizakume eragilea izan zen eta kulturan irradiatu zuen batez ere bere herri kontzientzia eta jakitea.

San Isidro jaiak ospatzera goazenean, gogora ekarri nahi dut Iñarrak sorraraziko santuaren himnoa, "San Isidroren eresia" Oraindik musakolatar askok oroitzen dituzten bertsoak ditugu ondokoak. Aurten San Isidroko elizan abestuko diren ez dakidan arren, ziur esan daiteke auzoko ugariren baitan daudela. Bertsoak Manuel Lekuona oiartzuarrarekin batera idatzi zituen.
Manuel Lekuona
Lekuona eta Iñarra herrikideak genituen, erdi senide gainera, eta On Manuel bigarrenaren irakaslea izan zen Gasteizko Apaiztegian. Adiskidetasun handia izan zuten eta Lekuona Arrasatera etortzen zen guztietan Iñarraren etxean lojatzen zen.


“Gure zaindari Isidro deuna, 
arren gure alde otoi Jainkoari. 
Udalaitzeko mendi sendoak 
sakon dauzka sustraiak. 
Sakon sakonago sinistez
euskal kristauak bere zainak.
Ludi onetan sinismen gabe
gauzik onena aizuna.
Sinismen zoruna,
maiteren deguna,
eutsi daiogun berari 
Isidro dala gidari”
  

Musika, berriz, Aita Donostiak jasotako herri doinu batekin egin zen. Eta aurreneko aldiz 1945eko maiatzaren 15ean abestu zen, hain justu San Isidrori eskainitako eliza Jose Luis Iñarrak inauguratu zuen egun berean.



Argazkiak: JMVM, Euskomedia (Lekuona)
 

MUSAKOLA-ZIGARROLARI buruz gehiago:




 


maiatza 04, 2016

ERRESIDENTZIAKO EPAIAK ARRASATEN



Gaztelako legeriak gure artean utzitako adierazle interesgarri bat erresidentziako epaia da. Zer zen epai hori? Funtzio publikoarekin estu lotuta, edozein funtzionariok bere kargua uzten zuen unean bere agintaldian burututako ekintza guztiak azter zitezkeen. Funtzionarioak ezin zen agintari izan zeneko plazatik atera epe batean. Interesgarriena da, edozein hiritarrek jar zezakeela martxan kargu publiko ohiaren kontrako kereila. 

Udaletan, normalean alkate berriak irekitzen zuen epea. Eta hura bete bitartean alkate berriak kexa eta kereila guztiak entzun behar zituen, eta ikusten bazuen gauza larria izan zitekeela justiziaren esku jarri behar zuen auzia. Inork ez bazuen ezer aurkezten, kargu publikotik atera berriak ostera izan zitezkeen hautatuta funtzio publikoko betebeharretarako. Aitzitik, inoren kontrako auziak auziperatua kondenatzen bazuen, zigorra jasotzeaz gain – normalean dirutan- ezin zen berriro inoiz inongo kargu publikorako aurkeztu. 

XVIII. mendean Arrasateko udaletxean urtero aldatzen ziren alkatea eta zinegotziak. Beraz, urtero aldarrikatu behar zen erresidentziako epaia. Eta udal liburuetan hala agertzen dira, korporazio berria bere betebeharrei ekin eta berehala, alkate berriak prozesua irekita. Ondokoa 1767koa da, eta dokumentuaren lema burua : Auto de Residencia da: 

“En la villa de Mondragón, a dos días del mes de Henero de mil seiscientos y sesenta y siete, su merced el señor Dn. Manuel Joseph Gaitan de Aiala, Conde de Villa Franca y Marqués de Arabaca, Alcalde y Juez hordinario por el Rei Nuestro Señor (Dios le Guarde) de esta dicha Villa y su jurisdicción. 

Dijo su merced que debía mandar y mandaba poner en Residencia a los señores Alcalde, Regidores y síndico, Procurador General y demás Ministros que lo han sido del gobierno de esta dicha villa el año pasado de sesenta y seis, para que qualquiera persona que contra ellos o qualquiera de ellos tuviese que decir, alegar o querellarse parezcan ante su merced dentro de treinta días primeros corrientes de la fecha de este auto, que serán oídos y se les guardará Justicia en la parte que la tuvieren y pasado dicho término y no compareciendo les dará su merced por no culpados en cosa alguna, y por buenos y fieles Ministros para dichos empleos y oficios onoríficos de esta dicha villa, y mandaba y mandó su merced que el presente escribano de acuerdos fige una copia fehaciente de este auto en el paraje ya acostumbrado para que llegue a noticia de todos sus vecinos y nadie alegue ignorancia” 

Cristobal Bentura de Urrechu zen urte hartako eskribaua. Eta berari zegokion herriko zenbait tokitan autoaren kopia idatzia jartzea, herritarrek inor auzitan sartzeko aukera gogora zezaten. 

Funtzionatzen al zuen sistema hark? Herritar arrunta babestua sentitzen al zen mekanismo harekin? Erresidentziako epaiak 1.500 urte inguruan sortu ziren eta, gauza guztietan bezala, gehiegikeria eta abusua ekiditeko jaiotako prozesu judizial honek gain behera nabarmena ezagutu zuen denborarekin, eta hain zuzen ere funtzio publikoko kargudunak izan ziren lehen interesatuak erresidentziako epaien porrotean. 

Ze herritar arruntek jo behar zuen, demagun, Arrasateko alkatearen kontra XVIII. mendean, baldin eta udal agintarien artean esparru itxia osatzen bazen – milarista ospetsuak- karguan iraunarazteko?  Nik behintzat ez dut Arrasateko paper artean aurkitu balizko salaketaren baten dokumenturik. Horrek ez du esan nahi izango ez denik. Nolanahi ere, amaitu nahi dut nire ekarpen hau, Rosa Mari Ayerbe historialariari egin nion elkarrizketa batean erresidentziako epaiei buruz adierazi zidana: 

“Ahí están los llamados “juicios de residencia”, que se hacía a las personas que habían ejercido algún cargo público. No me vale con decir que ya existe la Justicia y se puede denunciar al político ante los tribunales. Antes también existía y ello no impedía que todos y cada uno de los que habían pasado por el servicio a la comunidad, inclusive el Corregidor, se sometieran a esos juicios de residencia, donde cualquier vecino que se sintiera lesionado en su derecho por el mal ejercicio de sus funciones podía denunciar al cargo saliente. Existían las “fianzas” depositadas por los que optaban a los cargos públicos para poder hacer frente al resultado de posibles malas gestiones. Hoy en día vendría muy bien la aplicación de esos usos para frenar las actuales tropelías que vemos en nuestro alrededor. Insisto en decir que del pasado podemos aprender mucho” (1)

Horri esaten zaio iraganak aurreari zer egin lezakeen irakastea. Gaur egun, jokoa emango lukeen lege-lanabesa delakoan nago.

Diodan amaitzeko, gaur azaldu zaigun Manuel Jose Gaytan de Ayala, 1767ko urtarrilean heldu zela Arrasateko alkatetzara eta txoko honetan beste behin ere ikusi genuen pertsonaia dela, berau izan baitzen Galarra (San Valerixo)ko leizea lehen aldiz ikertu zuena.


Argazkiak: Xabier Usobiaga, JMVM