Monterron atzealdea, grabatua. 1930 |
Galdetzen zidaten lehengoan ba ote nekien
ezer “La condesita”, Monterron kondeen alabaz. Ez naiz aristokrazian aditu
baina nire apunteetan baditut datu batzuk harekin erlazionatuta eta, beraz,
honatx emakume haren zenbait zertzelada.
Arrasaten ezagun egin ziren azken kondeen
alaba nagusiari esaten genion “La condesita” iragan mendeko berrogeitamarretan.
Konde horiek izan ziren 1983an Arrasateko Udalari jauregia saldu ziotenak.
Haiek ziren, Maria Rosario Aranguren Palacio arrasatearra– kondesa- eta Miguel Alejandro Fernández-Rivera Gómez kubatarra, kontsortea. Alaba nagusia, beraz, Ana María Fernández-Rivera Aranguren genuen, Madrilen jaioa 1950eko
martxoaren 10ean.
Arrasaten ematen zituen udako oporretatik aparte
Ana Maria gazteak ez zuen beste harremanik izan herriarekin. Baina Monterron
jauregia erabili zuen sendiak neskatilaren lehen jaun hartzea egiteko eta baita
ezkontzako zeremonia ere ospatzeko.
Ondoko argazki batean ikus daiteke jaun
hartzeko egunaren une bat. Balkoian agertuta, gonbidatuek lagun, neskatilak bere
oinetan zituen herriko umeteriari goxokiak jaurtitzen dizkio, gonbidatuen
algara eta txaloen artean. Hori 1957ko abuztuaren 27an gertatu zen, Zarugalde
kaleko jai egunean, San Agustin, alegia.
Jaun hartzea, 57-08-27 |
Arrasatera egun hartan espresuki iritsitako
markes, konde, eta abar luzeaz gain, zenbait herritar ere izan ziren
gonbidatuta, besteak beste, Mariano Briones medikua, Jose Maria Marco Garmendia
notarioa, Santiago Bastida alkate ohia eta Jose Añibarro UCEMeko idazkari
nagusia.
Jauzi luze bat egin behar dugu “La condesita”ren
gaineko albiste gehiago aurkitzeko. Eta hori 1976ko ekainaren 5ean izan zen. Egun
hartan kondeen alaba Alberto Adrian Alejo Sierra kubatarrarekin ezkondu zen
Monterron jauregiko kaperan. Senargaia Ameriketako Estatu Batuen Floridan bizi
zen, Tanpan hain zuzen. Justo Perez de Urbel, Valle de los Caidoseko abate eta
Francoren gorteetako prokuradoreak zuzendu zuen zeremonia. Gizarte-oihartzunetako
kronikek diotenez:
“La novia lucía
bonito vestido de organza natural y en el tocado velo de encaje antiguo sujeto
por valiosa corona condal de perlas, rubies y esmeraldas. Se adornaba con “pendentil”
regalo de Felipe IV a sus antepasados, cuando estuvo de paso en Mondragón en 1648,
con motivo de la boda de la infanta doña Maria Teresa con Luis XIV de Francia”
Arrasateko ezkontza baino egun batzuk lehenago, kondeek errezepzio bat
eman zuten Madrileko euren egoitzan, bost ehun bat gonbidaturekin.
La Condesitaren eskela |
Zoritxarrez, 1977ko maitzaren 18an Ana Maria hil egin zen Tampan bertan, auto istripu batez. Hogeita zazpi urte zituen.
Monterron konterriaren oinordekoa zenez gero, titulua Blanca ahizpa
gazteari egokitu zitzaion. Horixe, labur bilduta, Ana María Fernández-Rivera Aranguren “La condesita”ren bizitza ibilbidearen zatitxo bat,
Arrasaterekin lotua.
Argazkiak: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina