apirila 13, 2016

LORENZO ASKASIBAR, ARAMAION ARTISTA



Lorenzo Askasibar, Goikoetxea obrarekin

Aramaion badaukagu monumentu bat, guztiz ezaguna  herritarren artean, Aramaioko seme handi baten izena etengabe gogorarazten duena: Bizente Goikoetxearen estatua. Eman dira hirurogei urte eskultura Aramaion jarri zenetik eta aitortu behar dut harrituta nengoela haren egileaz oso informazio txikia eta, gainera, urrutikoa edukitzeaz. Estatuan “L. Ascasibar” izena irakurtzen da, egilearen sinadura gisa. Baina denborak – eta horrek dakarren ondorioek- ia-ia irakurtezina egin dute egilearen izena ikustea. Bestalde, garaiko kronikei erreparatuz garbi dago 1955eko laudorio guztiak estatua finantzatu zuenarentzat izan zirela.

Baina hara non, galdezka eta galdezka, Lorenzo Askasibarrengana iristeko aukera ireki zitzaidan adiskide batzuen tarteko, eta artistarekin elkartu ahal izan nintzen lehen aldiz 2016ko otsailaren 26an.  Horren ondorioz elgetarra Goikoetxearen heriotzako mendeurrenean protagonista bilakatu ahal izan da, duela hirurogei urte izan ez zena. Aramaioko udalak zor moral bat kitatu du artistarekin.

Bizente Goikoetxea, 1955
Lorenzo Askasibar Elgetan jaio zen 1930ean. Arte bideetatik jo zuen txikitatik, eta 1954an Bizkaiko hiriburuko Erreprodukzioetako Museoan ari zen ikasten. Garai hartan Museoko presidentea Manuel Ramirez Escudero zen, Aramaion Goikoetxearen monumentua eraiki nahi zuen Lazaro Ramirez Escudero ongilearen anaia, hain zuzen. Eta bi anaiek euren artean hitz egin zuten, eskulturarako balizko egileaz. Lorenzo Askasibarren izena atera zen eta elgetarrari proposatu zioten obra burutzea eta baita artistak onartu ere. Hogeita bost urte zituen Lorenzok.
 Askasibarrek eskarmentu txiki bat bazuen eskulturgintzan – armarri batzuk eta irudi txikiak egin zituen aurrerago- baina bere karrerako lehen enkargu handia izan zen Bizente Goikoetxeari zegokiona. Obrak toki berezia behar zuen eta Lazaro Ramirez Escuderok lokal bat utzi zion Zorrotzako kaian. 

Ia-ia urtebeteko lanari ekin zion bertan. Lehenik buztinez joan behar izan zuen modelatzen irudia, neurri naturalez. Eta horretarako laguntza berezi bat lortu zuen. Zorrotzako erretoreak – abade jantzi aproposekin jantzita- modeloren lana egin zion, Askasibar eskulturari itxura ematen joan ahal izateko. Aramaio eta Lekeitiotik iritsi zitzaizkion argazkiekin lortu zuen gorputz hari Goikoetxearen aurpegia ipintzea.

Buztinetik eskaiolara pasatzea zetorren gero, moldea egiteko.



Urtetan erabilitako konpasarekin
Bost bat hilabetetako ihardunaren ostean,
behin modeloa eskaiolazko moldeetan lortua,  harrira pasatu behar zen. Marmolería Bilbaína enpresaren aholkuz Santanderreko Escobedoko harria erabiltzea erabaki zuen Askasibarrek. Bertara joan eta behar zuen blokea hautatuta, Deustuko Zumalde marmoleko enpresara eraman zuen eta lantegi hartan emandako beste bost bat hilabetetan harritzar hari irudia ateratzen aritu zen. Askasibarrek bere estudioan gordetzen dituen lanabesen artean, Goikoetxearen estatuan ebakiak eta itxurak emateko erabilitako konpas-kartografoa gordetzen du. Garaiko teknologia!

Estatua amaituta, 1955eko abuztuaren amaiera aldera Deustutik Aramaiora kamioaz eraman zuten eta, gogoratzen du Askasibarrek, aramaioarrek oso gustura  hartu zuten herriko semearen irudia islatzen zuen obra. Askasibar ere harro sentitu zen bere lehen obra publikoari egindako harreraz.  Askasibarrek bere karrera artistiko publikoan maila bat igo zuen Aramaioko eskulturarekin.

Manuel Iradierren monumentua, Gasteizen
Elgetarrari aurki – 1956- etorriko zitzaion Lazaro Ramirez Escuderoren aldetik ere Gasteizen Manuel Iradier esploratzailearen estatua egiteko enkargua. Bere izena gure artean ez ezik baita Ameriketako Estatu Batuetan ezagun egin duen artistaren ibilbidea Aramaion hasi zela esan daiteke eta nolakotasun horrek ohoratu egiten du Goikoetxearentzat prestatutako obraren inguruan ibili ziren guztiak. Jakin izan zuten aukeratzen artista.

Askasibarrek 28 urte egin berriak Ameriketako Estatu Batuetara egin zuen salto. Hemeretzi urtez lan egin zuen lurralde erraldoi hartan, eta bere artea ezaguna egin zen. Ez nolanahi ere! Lorenzok berak aitortu digu:

Askasibar, AEBetako prentsan
“Iritsi nintzen AEBetako lagun batek deituta. Hark bazekien nire obraren berri eta uste zuen egoki etor zitekeela zenbait esparru publikotan. Eta egia esan, oso ondo joan zitzaidan. Material ugari erabili dut niki nire eskulturetarako – zur, brontze, zilar, harri- eta estilo desberdinetako monumentuak egiteko eskariak izan nituen. Gustura ibili nintzen AEBtan. Nire hiru seme-alabak bertan jaioi ziren eta egun nire alabaren aldeko hiru biloba iparramerikarrak ditut. Zergatik itzuli nintzen?... Batzuetan ez duzu zure buruan agintzen! Eta nik bergararra neukan emaztea …”

St. Raymond-eko sarrera
Coloni eskainitakoa, Stamford (Connecticut)















Lorenzoren AEBtako obren katalogoan maila handiko errealitate biziak ageri dira. Hiru aipatzearren,1960ean Connecticut estatuko Stamford hirian Cristobal  Colonen omenez eraikitako eskultura; New Yorkeko Saint Raymond Hilerriaren sarrerako monumentua; eta hilerri berdineko Saint John monumentua, John F. Kennedyri eskainia.

Azken horren gainean irakurtzen dugu, 1965eko uztailaren “American Art in Stone” aldizkarian:

New Yorkeko St John mausoleoa
“The sculptured figure of St. John is the work of Lorenzo Ascasibar. One of America´s out standing sculptors has remarked that this figure os St. John has the qualities of a modern Michael
San Juan granitoan egiten
Angelo. It would seem that this young gentleman, Lorenzo Ascasibar, is destined to become one of America´s most talented ecclesiastical sculptors. Most
remarkable is the fact that Mr. Ascasibar not only modeled the original figure but did the final sculpturing himself from a single piece os Pink Westerly Granit”

Ez dira txantxetako hitzak, ez alajaina! Baina Lorenzo Askasibarrek Ameriketako abenturari agur esan eta Euskal Herrira itzuli zen, 1977an. Gasteizko Krispiñan (Crispijana)  jarri zuen tailerra, eta handik – ia-ia zerotik hasita- ostera ekin zion bere artearen hedapenari.

Irudiak
Zenbait busto
Eta azken berrogei urteotan Askasibarren ekoizpena oso zabala izan da, batez ere bustoak izan dituelarik lan lerrorik nagusiena. Jose Migel Barandiaran, Loiolako Ignazio, Anaia Garate, Ignazio Errandonea, Jose Maria Arizmendiarrieta, Pio Baroja, Abraham Lincoln, Migel Okina, Simon Arrieta, eta abar luze baten irudiak moldeatu eta ekoiztu ditu, batez ere brontzean. 

Eskultura publikoei begira, Euskal Herriko zenbait elizetarako eginikoak dira azpimarragarrienak, eta Gasteizko Udalak eskatuta hiriko Musika Kontserbatorioko sarreran ikus daitekeen Jesus Guridiri eskainitakoa. 

Bere karrera artistikoa Aramaion hasi zen eskultore handia da Lorenzo Askasibar.
Argazkiak: Lorenzo Askasibar, JMVM





















apirila 06, 2016

BIZENTE GOIKOETXEA, ARAMAIOKO MUSIKARI UNIBERTSALA

Aramaio 1854/04/05 - 1916/04/09 Valladolid
Goikoetxearen jaiotetxea
Aramaiok emandako seme-alabarik ezagunena dela esaten badugu ez gara oso oker ibiliko. Bai herrian eta baita kanpoan ere, Bizente Goikoetxea izenak goi mailako musikarekin lotzen du eta hala da, XIX-XX mendeetako europar musika sakroaren ezinbesteko erreferentea baitugu aramaioarra. Eta Europa diodanean ez nabil gehiegikeriatan. Kontinenteko kritikak laudorioz hartu zuen bere garaian Goikoetxearen obra eta gaur ere musika sakroaren kontzertuetan segitzen da programatzen aramaioarraren lanak, gaurkotasuna dutenaren seinalea, alegia.

Bizente Goikoetxea Errasti Aramaion jaio zen 1854ko apirilaren 5ean. Bere gurasoak Ignazio Goikoetxea Usaola eta Josefa Errasti Zubizarreta izan ziren Aita otxandioarra  zen; ama, berriz, Aramaioko Azkoaga auzoko Zuazua baserrikoa. Aitaren bigarren ezkontza zen eta bikoteak lau seme-alaba izan zituen: Angela, Bizente, Jacoba eta Luzia. Bizentek beste lau anaia-arrebaorde eduki zituen aitaren lehen ezkontzakoak.
 
Aramaioko plaza nagusian lantegi bat zeukan Ignaziok, batez ere zaldi-burdineria fabrikatzeko, eta ejertzitorako egiten zuen lan asko. Ejertzitoetarako esango nuke, bigarren karlistadaren zurrunbiloak disgustu ugari eman baitzizkion Bizenteren aitari eta, zeharka, Bizenteri berari ere. Tailertxo horrezaz gain, Ignaziok ostatu bat ireki zuen bere etxean bertan, batez ere Aramaioko Bainu Etxera zetozen bezeroentzat. 

Bizentek Aramaion bertan egin zituen bere lehen ikasketak, hezkuntza orokorreko eta musikalak. Herriko Benigno Aristegi izan zen gaztearen lehen musika irakaslea eta musikako bideetatik aurrera egiteko animatu zuena. Arabako hiriburuan batxilerra1867-1872 urteetan  ikasten ari zen bitartean, Goikoetxeak  Mateo Moraza euskal foru zalearen etxeko pianoan egiten zituen praktikak. Sabas Amilburu Aramaioko organo jolearekin harremanak estutzeko aukera aproposa izan zuen eta harekin ikasi zuen Liszt, Bach, Chopin eta goi mailako beste musikariren obrak jotzen.

1900 inguruan
Gerra karlista amaitu zen eta Bizentek Oñatiko Unibertsitatean Zuzenbideko karrera (Legeak) burutu zuen. Fede publikoan aritzeko gaitasun ziurtagiria, bikain notarekin, 1877ko ekainaren 20an lortu zuen. Bere titulu berriarekin Gasteizen hasi zen lanean, Jose Zumarraga notarioarekin. Baina bere aitak eragindako auzi batzuk tarteko, Bizentek Lekeitiora aldatu zuen egoitza 1883an, eta bi urte geroago aita hil zitzaion. Orduantxe hartu zuen erabakia apaiztegira joateko.

Valladolideko apaiztegian matrikulatu zen 1888an eta Gaztelako hiri hura bilakatu zen Goikoetxearentzat handik aurrerako egoitza berria. Valladolidetik irradiatu zuen mundu osora bere jakintza. Bertara heldu eta bi urtetara Katedraleko Kapera Maisua izateko azterketak izan ziren eta Goikoetxeak irabazi zituen. Urte erabakigarria izan zen 1890 aramaioarraren bizitzan, urte hartako abenduaren 18an hasi baitzen lan berrian. Eta Valladolideko Santa Teresa komentuan, 1891eko irailaren 19an apaiztu zen.  

Lehen meza Lekeition eman zuen, zeremoniako hizlaria Resurrección Maria Azkue lagun handia izan zelarik. Kapera Maisu gisa irabazi zituen lehen sosak Aramaioko ospitalerako izan ziren. Goikoetxearen ikasle izandako Jose Maria Olaizolak idatzi zuen Aramaioko parrokiako organo jole eta haurtzaroko musika irakasleari Valladolidetik igorritako partitura baten buruan honela idatzi zuela Kapera Maisuak, eskaintza gisa:

Valladolideko katedrala
“A Don Sabas de Amilburu, como un recuerdo afectuoso para Vd. y en testimonio de cariño a mi pueblo… no puedo enviarle cosa más curiosa que esta copia del responsorio del egregio maestro sevillano del siglo XVI Cristóbal de Morales, que tantas veces he cantado siendo niño en el Cementerio de esa Parroquia después de las Vísperas de Animas, y que tantos afectos despierta en mí siempre que se ejecuta en esta Catedral. Cuando lo repitan ustedes, acuérdense de mí y sobre todo rueguen a Dios por el eterno descanso de mis padres (RIP) Su amigo de siempre, Vicente Goicoechea, Valladolid, mayo de 1895” 

Goikoetxeak Valladolideko maisu kapera tituluarekin erantzukizun handia agertu zitzaion, berak amesten zuen musika sakroa sortzeko. Elizetan abesten eta jotzen zen musikaren kontra zegoen, eta giro musikal hura hankaz gora jarri behar zelakoan zegoen. Eta Europako musika berritzailea ikertzeari lotu zitzaion buru belarri. Konposagilerik inportanteenen obrak lortu zituen bere biblioteka musikalerako: Palestrina, Victoria... Gertu zegoen musika sakroari dimentsio berri bat emateko, eta ez zuen ahaleginik aurreztu. Polifoniako aditu hoberenen obrak goitik behera ezagutzen eta menderatu zituen.

Pio X
Eliza katolikoaren urte haietako buru nagusia – Leon XIII doktrina sozialeko Aita Santua- hil zen eta Pio X hautatu zuten. Aita Santu berriaren lehen dokumentu publikoa “Motu Proprio” izenekoa izan zen, 1903ko azaroaren 22an aldarrikatua, eta bertan musika sakroari buruzko alegatua egiten zuen, erabateko aldaketa ezarriz, gregoriano eta polifoniaren aldeko deiarekin. Hain zuzen ere, Bizente Goikoetxea 1890etik prestatzen ari zen bidea eskatzen ari zen Pio X! Aurreratu egin zitzaien, beraz, aramaioarra elizaren goi agintaritzatik markatutako arauei. Horrek are handiagoa egin zuen Goikoetxearen ospea eta Valladolid bilakatu zen espainiar elizaren mugimendu berritzailearen abiapuntua.

Goikoetxearen eragin eta indarrez Musika Sakratuaren Lehen Kongresua eratu zen Valladoliden,  1907ko apirilaren 26-28 bitartean. Musikari ugarik hartu zuen parte. Otaño jesuita izan zen Kongesuaren zuzendaria baina bere ondoan izan zuen bileraren egiazko motore eta eragilea: Goikoetxea. Jose Ignacio Palacios kritikoak idatzi zuen:

“A este Congreso acudieron los músicos más destacados del panorama del momento: Ignacio Fernández Eleizgaray, el Padre Luis Villalba, el benedictino Casiano Rojo, Vicente Ripollés, Federico Olmeda y otros muchos, aparte de la junta organizadora, encabezada por el maestro Goicoechea, Otaño, el organista Milagros, cantores y músicos de la catedral pucelana... Goicoechea era el presidente de la comisión encargada de las ejecuciones musicales del Congreso ”

Monumentua, Aramaion, 1955ean eskainia
Kongresu hartan ipini zen oinarria Valladoliden garatzen ari zen musika  irakaskintza estatu osora hedatzeko. Eta “Musica sacro hispana” aldizkaria sortu zen – izena Goikoetxearen ekarpena da- lehenik Valladoliden eta gero Bilbon eta Gasteizen argitaratua. Goikoetxeak barne-barnean eraman zuen beti aldizkari hura, nahiz eta berak ez zuen inoiz artikulurik idatzi. Aldizkaria zuzendu eta bideratu zuen maisuki eta edukinen goi kalitateaz arduratu zen beti. 

Goikoetxearen obrek dibulgazio handia izan zuten Europa osoan, lehen unetik. Pio X.aren “Motu Proprio”ren ostean obra erlijioso berritzaileen hedapena areagotu zen  eta modu bizian ageri zen aramaioarra aitzindaritza hartan.

Osasunak ez zion behar bezala laguntzen Goikoetxeari eta Kapera Maisu izateari utzi behar izan zion 1915ean eta Katedralaren kabildoak kalonje izendatu zuen urte hartako martxoaren 4an.  Bizente Goikoetxea 1916ko apirilaren 9an hil zen Valladoliden. Hirurogeita bi urte zituen.

Sabin Salaberri aramaioarra da bere herrikide Goikoetxearen musika hoberen ikertu dutenetakoa. Eta berari zor diogu ondoko baieztapena, “Vicente Goicoechea, renovador de la música sagrada”:

“Entre 1902 y 1904 compone sus obras más populares: Oremus pro Pontífice, que luego transformará en su popularísimo Ave Maria; el salmo Credici, su célebre Misa en honor de la Inmaculada Concepción, el grandioso Miserere y el sentido responsorio Christus factus est… Las obras de Goikoetxea son acogidas con gran alborozo por la crítica especializada, diciendo que en ellas se encuentra todo lo que la música religiosa exige”

Aurten lehen mendeurrena betetzen da Goikoetxea musikari aramaioar handia hil zela. Egokiera paregabea da, haren musikaz zertxobait gehiago ezagutzeko.

Datorren ekarpenean, berriz, Lorenzo Askasibarri buruz ariko naiz. Bera da Aramaion 1955etik den Bizente Goikoetxea eskulturaren egilea.

Argazkiak: JMVM, Wikipedia