miércoles, 13 de abril de 2016

LORENZO ASKASIBAR, ARAMAION ARTISTA



Lorenzo Askasibar, Goikoetxea obrarekin

Aramaion badaukagu monumentu bat, guztiz ezaguna  herritarren artean, Aramaioko seme handi baten izena etengabe gogorarazten duena: Bizente Goikoetxearen estatua. Eman dira hirurogei urte eskultura Aramaion jarri zenetik eta aitortu behar dut harrituta nengoela haren egileaz oso informazio txikia eta, gainera, urrutikoa edukitzeaz. Estatuan “L. Ascasibar” izena irakurtzen da, egilearen sinadura gisa. Baina denborak – eta horrek dakarren ondorioek- ia-ia irakurtezina egin dute egilearen izena ikustea. Bestalde, garaiko kronikei erreparatuz garbi dago 1955eko laudorio guztiak estatua finantzatu zuenarentzat izan zirela.

Baina hara non, galdezka eta galdezka, Lorenzo Askasibarrengana iristeko aukera ireki zitzaidan adiskide batzuen tarteko, eta artistarekin elkartu ahal izan nintzen lehen aldiz 2016ko otsailaren 26an.  Horren ondorioz elgetarra Goikoetxearen heriotzako mendeurrenean protagonista bilakatu ahal izan da, duela hirurogei urte izan ez zena. Aramaioko udalak zor moral bat kitatu du artistarekin.

Bizente Goikoetxea, 1955
Lorenzo Askasibar Elgetan jaio zen 1930ean. Arte bideetatik jo zuen txikitatik, eta 1954an Bizkaiko hiriburuko Erreprodukzioetako Museoan ari zen ikasten. Garai hartan Museoko presidentea Manuel Ramirez Escudero zen, Aramaion Goikoetxearen monumentua eraiki nahi zuen Lazaro Ramirez Escudero ongilearen anaia, hain zuzen. Eta bi anaiek euren artean hitz egin zuten, eskulturarako balizko egileaz. Lorenzo Askasibarren izena atera zen eta elgetarrari proposatu zioten obra burutzea eta baita artistak onartu ere. Hogeita bost urte zituen Lorenzok.
 Askasibarrek eskarmentu txiki bat bazuen eskulturgintzan – armarri batzuk eta irudi txikiak egin zituen aurrerago- baina bere karrerako lehen enkargu handia izan zen Bizente Goikoetxeari zegokiona. Obrak toki berezia behar zuen eta Lazaro Ramirez Escuderok lokal bat utzi zion Zorrotzako kaian. 

Ia-ia urtebeteko lanari ekin zion bertan. Lehenik buztinez joan behar izan zuen modelatzen irudia, neurri naturalez. Eta horretarako laguntza berezi bat lortu zuen. Zorrotzako erretoreak – abade jantzi aproposekin jantzita- modeloren lana egin zion, Askasibar eskulturari itxura ematen joan ahal izateko. Aramaio eta Lekeitiotik iritsi zitzaizkion argazkiekin lortu zuen gorputz hari Goikoetxearen aurpegia ipintzea.

Buztinetik eskaiolara pasatzea zetorren gero, moldea egiteko.



Urtetan erabilitako konpasarekin
Bost bat hilabetetako ihardunaren ostean,
behin modeloa eskaiolazko moldeetan lortua,  harrira pasatu behar zen. Marmolería Bilbaína enpresaren aholkuz Santanderreko Escobedoko harria erabiltzea erabaki zuen Askasibarrek. Bertara joan eta behar zuen blokea hautatuta, Deustuko Zumalde marmoleko enpresara eraman zuen eta lantegi hartan emandako beste bost bat hilabetetan harritzar hari irudia ateratzen aritu zen. Askasibarrek bere estudioan gordetzen dituen lanabesen artean, Goikoetxearen estatuan ebakiak eta itxurak emateko erabilitako konpas-kartografoa gordetzen du. Garaiko teknologia!

Estatua amaituta, 1955eko abuztuaren amaiera aldera Deustutik Aramaiora kamioaz eraman zuten eta, gogoratzen du Askasibarrek, aramaioarrek oso gustura  hartu zuten herriko semearen irudia islatzen zuen obra. Askasibar ere harro sentitu zen bere lehen obra publikoari egindako harreraz.  Askasibarrek bere karrera artistiko publikoan maila bat igo zuen Aramaioko eskulturarekin.

Manuel Iradierren monumentua, Gasteizen
Elgetarrari aurki – 1956- etorriko zitzaion Lazaro Ramirez Escuderoren aldetik ere Gasteizen Manuel Iradier esploratzailearen estatua egiteko enkargua. Bere izena gure artean ez ezik baita Ameriketako Estatu Batuetan ezagun egin duen artistaren ibilbidea Aramaion hasi zela esan daiteke eta nolakotasun horrek ohoratu egiten du Goikoetxearentzat prestatutako obraren inguruan ibili ziren guztiak. Jakin izan zuten aukeratzen artista.

Askasibarrek 28 urte egin berriak Ameriketako Estatu Batuetara egin zuen salto. Hemeretzi urtez lan egin zuen lurralde erraldoi hartan, eta bere artea ezaguna egin zen. Ez nolanahi ere! Lorenzok berak aitortu digu:

Askasibar, AEBetako prentsan
“Iritsi nintzen AEBetako lagun batek deituta. Hark bazekien nire obraren berri eta uste zuen egoki etor zitekeela zenbait esparru publikotan. Eta egia esan, oso ondo joan zitzaidan. Material ugari erabili dut niki nire eskulturetarako – zur, brontze, zilar, harri- eta estilo desberdinetako monumentuak egiteko eskariak izan nituen. Gustura ibili nintzen AEBtan. Nire hiru seme-alabak bertan jaioi ziren eta egun nire alabaren aldeko hiru biloba iparramerikarrak ditut. Zergatik itzuli nintzen?... Batzuetan ez duzu zure buruan agintzen! Eta nik bergararra neukan emaztea …”

St. Raymond-eko sarrera
Coloni eskainitakoa, Stamford (Connecticut)















Lorenzoren AEBtako obren katalogoan maila handiko errealitate biziak ageri dira. Hiru aipatzearren,1960ean Connecticut estatuko Stamford hirian Cristobal  Colonen omenez eraikitako eskultura; New Yorkeko Saint Raymond Hilerriaren sarrerako monumentua; eta hilerri berdineko Saint John monumentua, John F. Kennedyri eskainia.

Azken horren gainean irakurtzen dugu, 1965eko uztailaren “American Art in Stone” aldizkarian:

New Yorkeko St John mausoleoa
“The sculptured figure of St. John is the work of Lorenzo Ascasibar. One of America´s out standing sculptors has remarked that this figure os St. John has the qualities of a modern Michael
San Juan granitoan egiten
Angelo. It would seem that this young gentleman, Lorenzo Ascasibar, is destined to become one of America´s most talented ecclesiastical sculptors. Most
remarkable is the fact that Mr. Ascasibar not only modeled the original figure but did the final sculpturing himself from a single piece os Pink Westerly Granit”

Ez dira txantxetako hitzak, ez alajaina! Baina Lorenzo Askasibarrek Ameriketako abenturari agur esan eta Euskal Herrira itzuli zen, 1977an. Gasteizko Krispiñan (Crispijana)  jarri zuen tailerra, eta handik – ia-ia zerotik hasita- ostera ekin zion bere artearen hedapenari.

Irudiak
Zenbait busto
Eta azken berrogei urteotan Askasibarren ekoizpena oso zabala izan da, batez ere bustoak izan dituelarik lan lerrorik nagusiena. Jose Migel Barandiaran, Loiolako Ignazio, Anaia Garate, Ignazio Errandonea, Jose Maria Arizmendiarrieta, Pio Baroja, Abraham Lincoln, Migel Okina, Simon Arrieta, eta abar luze baten irudiak moldeatu eta ekoiztu ditu, batez ere brontzean. 

Eskultura publikoei begira, Euskal Herriko zenbait elizetarako eginikoak dira azpimarragarrienak, eta Gasteizko Udalak eskatuta hiriko Musika Kontserbatorioko sarreran ikus daitekeen Jesus Guridiri eskainitakoa. 

Bere karrera artistikoa Aramaion hasi zen eskultore handia da Lorenzo Askasibar.
Argazkiak: Lorenzo Askasibar, JMVM





















2 comentarios:

  1. Artikulu ederra Josemari, artista ezezaguna zen Aramaion Lorezo Ascasibar inguruan bizi arren.

    Eskerrik asko berriro

    ResponderEliminar
    Respuestas
    1. Eskerrik asko, Iñaki. Larunbatean Aramaion egongo da eta omenaldi txiki bat egin ahal izango zaio. Besarkadarekin.

      Eliminar