apirila 27, 2016

JUAN KARLOS GERRA ETA EUSKARA



Izan zen Arrasaten, 1963 eta 1964 urteetan, Ekintza Katolikoaren Zentrotik argitaratzen zen urtekari bat, “Mondragón” izenekoa. Eta 1964koan bada artikulu interesgarri bat, garai hartan herriari euskarari ematen zitzaion babesa eta euskararen inguruko giroa azaltzen zuena. 

Juan Carlos Guerra, historialaria


Bertan irakur daitekeenez, iragan mendeko hirurogeietakoen hastapenetan euskara Kontzezinoko ikastetxean irakasten zen eta baita biatoristen San Jose kolegioan ere. Irakasle talde bat sortu zen euskararen oinarrizko kontzeptuak ikasle boluntarioei agertzen zizkietenak. Ni neu ere izan nintzen kolegioan ikasle haietako bat eta irakaslea – Jon Oñatibiaren Irrati bidezko metodoarekin- Alvaro Beitia fraide ohia genuen. Mojetan, berriz, Soledad Mendizabal arrasatearra izan bide zen akuilaria.  

Diodan legez, urtekariko artikulua, “Sociedad Cultural Juan Carlos Guerra” izenekoak xehetasun batzuk ematen ditu, eta besteak beste hauxe irakurtzen dugu: 

“… Irakasle bikaiñ eta onekoak dirala bi ikastetxe oietan entzuna degu eta pozez artu bearrean gaude oien gogotasunak lagunduaz alde batetik eta gure gaztetxoak ikastola oietara bialduaz bestetik. Ikastetxe oneiri indar berezi bat emateko, Bazkun edo “Soziedade” bat sortzea gogoratu da Arrasaten. “Sociedad Cultural Juan Carlos Guerra” artu du izentzat Bazkun onek, Euskal izkuntza, gure mutil eta neskatxoen artean erakustea; bigarren, gure oiturak, dantzak, kirolak, antzerki, bertso, soñu eta abar indartzearren” 

Ahaleginak egin arren, ez dut ezertxo ere jakin ahal izan elkarte haren gain. Zeintzuk ari ziren haren atzean? Izan al zen, hamarkada haren bukaeran sortuko zen “Danok” elkartearen aitzindaria? Baiezkotan nago. 

Baina gaurkoan ez noa horretaz gehiago mintzatzera. Juan Karlos Gerrak berak bere euskarari buruz ematen digun aitorpen bat azaldu nahi dut, historialari arrasatearra euskaltzale peto- petoa izan zela erakusteko.

Guerra Donostian jaio zen 1860an eta Arrasaten hil zen 1941ean. Irakur diezaiogun, “Euskal Esnalea” aldizkarian 1924an idatzitakoa, elkarte berdinarentzat emandako hitzaldi baten transkripzioa dena: 

Guerra Etxea, 1964an
“Euskal Esnalea”ren deyari erantzunaz, poz-pozik nator zuben artera. Nola ez, andre ta jaun ain prestuben bildumara? Neure alegin apurtxoarekin Esnalearen lanbide eder onetan lagundutzera nator. Ai, nik nai nukean eran albanegi lagundu eta dagokizuten bezela erantzun! Ez daude nire indarrak ez nire izkuntza nire gogoaren neurrian, bada 

Donostiako gaztelupeko izketatxoen gozua,

aspaldi goitar ari naizela naigabez daukat galdua…








Galdua diyot. Len banekin, ederki ikasi nuben txikitan. Donostiarra naiz, Santa Mariko pontean batayatuba… bañan emen, Irutxulueta eder zoragarri ontan jayo banintzan ere, izatez basatiar jayo nintzan, eta gazterik biurtu nintzan basora, nire gurasoen jatorri zarrera, eta an bizi naiz berrogei urte aubetan, Udalaitzeko aize garbiyak arnasa zabalagaz arturik eta bere indarragaz ango izketa nire aboan darabildala… Euskera gordiña, bertako arkaitzak bezin gogorra eta latza”


 
Horixe zen Juan Karlos Gerra, Arrasateko euskaltzale jator eta jakintsua. Hurrengo batean segituko dut gaiarekin.


Argazkiak: JMVM


 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina