azaroa 18, 2015

FELIX ARRIARAN, “ARRIARAN I”



Felix Arriaran

Arrasateko kirolak beste kide esanguratsu bat galdu berri du: Felix Arriaran Aranburu, Arriaran I. Arriarandarren sagako aurrena izanik, bide eman zien Joxe eta Pako bere anaiei, pilotan, eta Juanitori futbolean. Felix lankide izan nuen eta ordu luze eman genituen pilotaz eta kantuaz, bere beste afizioetako bat. Ondoren datozen komentariorik gehienak,  dena den, Pilotarien VII Batzarra 1992an Arrasaten egin zeneko  “Pilota” aldizkaritik atera dut. 

“Mutikotan baserrira joaten ginen, Mazpelara, eta bertan zegoen elizaren arkupeak aprobetxatuz, ormaren kontra ibiltzen ginen anaiok  eta hurbiltzen ziren guztiak. Garai hartan ez zegoen beste gauzarik. Pentsa, herriko Gurea frontoian jokatzeko arazoak sortzen ziren, beti okupaturik egoten zen eta, beraz, txanda hartu behar genuen;  lekurik ez zen eta itxoin behar genuen. Goizetik gauera arte zabalduta egon arren beti zebilen norbait jokatzen” 

Felix bere oroitzapen horiekin gerra denborako uneetara eramaten gaitu, 12 urte zituenekoetara. Anaia zaharra zen,  1921an jaioa, eta gurasoak Biktor eta Rosa izan zituen, oso ezagunak herrian Erdiko Kaleko ferreteria baten jabeak ziren eta. Txiki-txikitatik Gurea pilotalekua gustuko bere txoko bihurtu zuen bertan ordu asko eman baitzituen jo eta ke lagunekin eta geroago anaiekin ere. Garai hartan trinkete bat ere zen Arrasaten, Magdalena kaleko Okendo etxean. 

“Lagun arteko girotik atera 16 urterekin izan zen Eibarrera joan nintzenean, Bolinagarekin batera afizionatuen txapelketa bat jokatzera. Gero Donostiako Gros frontoian jokatu genuen, Mondragonés zenaren omenaldian, Bolinaga eta biok Txikito de Iraetaren anaiari eta Onaindiaren anaiari irabazi genien, errez. Bueno, hobeto esanda Bolinagak bakarrik irabazi zuen” 

Arriaran I
Hamasei urterekin, beraz, Felix izena ezaguna zen frontoietan. Zorte handia izan zuen Juan Bautista Azkarate “Mondragonés”-ekin egin ahal izan baitzituen entrenamenduak. Aste egunak izan arren, Gurea frontoia bete egiten zen ikusliarrekin eta giro aparta izan ohi zen. Felixek gogoratzen zuen hastapen haietan oin hutsik entrenatzen zirela, oin azpian kailuak egiteko. Alpargatak, bestalde, garesti samarrak ziren eta ez zegoen alperrik gastatzerik. Eta horrela heldu zen pilotako profesional izatera. Bere hitzak dira: 

“Hamazortzi urte nituen eta nire lehen kontratua sinatu nuen. Urte guztian 30 partidu jokatzearen truke hamabost duro (75 pezeta) kobratuko nituen partidu bakoitzeko. Hori bai, bidaia nork berak ordaindu behar zuen eta Gasteizera joan etorria 4´90 pezeta izaten zen. Bidaia luzeagoa zenean komeriak egiten genituen etxera itzultzeko. Mungiara Bilbotik barrena egiten genuen. Logroñon edo Gasteizen gauez jokatzen genuenean ez ginen hotelera joaten: frontoian aulki batzuk uzten zizkiguten eta bertan egiten genuen lo, hurrengo goizeko trena hartu arte” 

Arriaran I, eskuinean; Joxe anaia ezkerrean, Zurdo, XX, Tadeo Azkarate, Bolinaga
Felixek Bergaran sinatu zuen bere lehen kontratua, Eibarko Bidarte, Bergarako Gabilondo, Gasteizko Alti eta Donostiako Dula enpresarioekin. Kontratu hark, jakina, ez zion ematen ohiko bere lana uzteko. Hamalau urterekin hasi zen lanean Unión Cerrajeran, eta Felixek esan ohi zuenez, fabrikan irabazten zuen diruarekin finantzatzen zuen pilotako afizioa, inoiz ez baitzuen ofiziotzat hartu. 

Arriaran I-k 32 urterekin utzi zuen pilota. Eskuko minak jota egoten zen eta horrek zaildu egiten zuen kirol ibilbidea. Ez zuen inoiz parterik hartu lehiaketa ofizialetan baina harrotasunez esan ohi zuen berak ez zuela – beste batzuek bezala- frontoitik inoiz hanka egin behar izan, tongoaren hurreneko usaina zela eta. Pilota kontratuan “fabril” ipintzen zuen eta egia esan fabrikako zuzendariek baimena ematen zioten partiduak jokatzera joateko, nahiz eta lan orduetan izan.Anekdoten artean oroitzen zuen Felixek: 

Gasteizen soldaduskan nengoen eta prestatzeko esan zidaten, partidu bat jokatu behar nuela. Taxi batean sartu ninduten eta Forondara joan ginen. Finka batera heldu eta bertako frontoian berotzen ari ginela sei bat lagun etorri ziren, denak elegante, emakumeak ere dotore. Atzeko aldean eseri ziren eta haientzako bakarrik jokatu genuen. Ikusle haietako bat Francoren koinatua zen, Serrano Suñer. Agindu ziguten inori ez geniola azaldu behar partidua izan zenik. Partidua irabazi nuen. Eta sobre bat eman zidaten: 250 pezeta. Sari izugarria!” 

Gurea frontoia, ikusliarrez beteta
Arriaran I-k inork baino hobeto ezagutzen zituen herriko Gurea frontoiaren nolakotasunak eta gustuko zuen bertan aritzea. Berak kontatzen zuen: 

“Hogei bat partidu ofizial jokatuko nuen Gurean. Larunbat gauetan antolatzen zituzten partiduak eta, noski, nik etxean jokatzea nahiago, frontoia ezagutzen nuelako eta  gure aurkakoak hobeak izan arren guri frontoian ez zigun inork irabazten. Frontoi hartan trukuak jakin behar ziren, kanpokoek beti sabaia jotzen zuten eta guk horrelakoak ederki ikasita genituen. Gurea frontoian ederrak egindakoak gara 

Ondo sartuta eraman zuen Felixek beti bera Arriaran I zeneko garai hura. Partiduen aurreko beroketa saio bitxiak – “txaketarekin ateratzen ginen berotzera, eta behin berotuta txaketa txapa azpian uzten genuen”- noizean behin enpresari egiten zizkioten tranpak, herri txikietan antolatzen ziren partiduak jokatzeko – behin Eskoriatzako jaietan Bolinaga eta biok hamabost duro eskatu genuen partidua jokatzeagatik. Aurrekonturik ez zegoenez, udalak batzar berezia egin zuen eskatzen genuen dirua onartzeko- eta abar. 

Felix Arriaran, Arriaran I, azaroaren 10ean hil zen, 91 urterekin, eta ezagutu genuenon baitan oroitzapen ederra utzi du. Hurrengo partidura arte, Felix!


Argazkiak: "Pilota", Josemari Velez de Mendizabal (Gurea frontoia)





 

azaroa 11, 2015

MARKIEGI JOSTUNDEGIA: 75 URTE. BIDEOA



Jose Markiegi, 1990ean

Gaur beste efemeride bat ekarri nahi dut txoko honetara; hain zuzen ere, Markiegi jostundegiaren 75. urtemuga ospatzen ari da aurten eta aitzakia aprobetxatuz Jose Markiegiren irudia berreskuratu dut nire artxibotik. Idazkiño honen amaieran, Joserekin eta modako  beste hiru profesional arrasatearrekin Arrasate Telebistan 1990ean grabatu nuen saioa ipini dut ikusgai. 

Arrasatera iritsi berria
Gatozen, lehenik, Jose Markiegi gogoratzera. Angiozarren jaio zen 1913ko irailaren 16an. Eta Arrasaten hil zen 1991ko ekainaren 12an. Arrasatera ezkondu zen Dolores Areitiourtenarekin eta bikotearen Jorge semea da negozioarekin segitzen duena.
 
Angiozarretik Eibarrera aldatu zen Joseren ama  - maistra zena- lan toki berria armagintzako hirian eskuratu zuenean, eta berarekin sendi osoa joan zen. Baina 1940an Arrasatera iritsi zen Jose, jostun ofizioari aukera hobeak aurkituko zizkiolakoan. Eta horrela gertatu zen, 2015ean hirurogeita hamabost urte betetzen baititu Markiegi Jostundegiak, lehen establezimendua ireki zuen kale berdinean. 

Bere lehen laguntzaileekin
Orduko Toribio Agirre kalean ireki zuen lehen denda, egun Eslu ileapaindegia den tokian. Hantxe hasi ziren berarekin Maritxu Juldain eta Carmen Abarrategi “Ibarreta”. Oraingo tokira 1945ean aldatu zuen jostundegia eta Juan Jose Estevez gehitu zen langileen zerrendara. 

1965 inguruan
Goian adierazi dudan bezala, 1990ean “Zenbat buru hainbat aburu” telesaioa aurkezten nuen ATB katean, eta arrasatearrek janzteko zuten ohitura eta jokaerari eskaini nion atal bat. Jose eraman nuen estudiora, eta berarekin batera herriko beste hiru profesional: Marilu Lasagabaster, Espe Arregi eta Miren Agiriano.

 Jose Ramon semea eta saltzaile-bidaiari batekin, 1955ean
Lau jostunak izan nituen gonbidatuak, 1990eko maiatzaren 23an, eta hogeita bost urteren ondoren beraiei entzunda badirudi modak aldatu egin direla, baina funtsean – esango nuke- pertsona estiloek antzerakoak izaten jarraitzen dute. Nire iritzia da, jakina.
                Ikus bideoa: 

 

Argazkiak: Jorge Markiegi, JMVM










azaroa 04, 2015

ARAMAIOKO HIZKUNTZA GATAZKA, 5Oetan



Arabako Diputazioaren eskutik 2014ko abenduan eratutako “Arabako hizkuntzak eta hiztunak mundu eleanitzean” titulupeko jardunaldietan hartu nuen parte. Ni ez naiz sozio-linguista titulatua ezta hizkuntzetan goi aditua ere. Baina badaukat, urteen poderioz, zertxobait, gaiaz hitz egitera eraman ninduena: eskarmentua. Hizkuntzak interesatu zaizkit, euskararen egoera larritik. Eta esperientzia markatua daukat Arabako zenbait gizarte motatan euskararenganako izan dudan erlazioaz. Aramaio nire jaio herritik hasita, noski. Ondokoak ditugu, iazko abenduaren 18an Artium Museoan emandako nire hitzaldiaren zati bat, Aramaion bizi izan nuen hizkuntza egoeraz.

Arabako herri euskaldun bakarrean munduratu nintzen arren, erdaldun jaio ninduten.  Aramaion bizi izan nintzen, eskolan Arrasaten bost urterekin hasi arte. Oso gogorapen gutxi ditut ordukoak, baina ditudanak gaztelaniaz daude grabatuta. Etxeko giroan erdara genuen hizkuntza bakarra, beti izan zen bezala. Eta etxetik kanpoko harremanak ere gure hizkuntzara egokitzen ziren, nire adineko haurrekin burutu jolasetan eta, zer esanik ez!, nitaz arduratzen zen neskame baserritarrarekiko erlazioan. Harrotasunez esan dezaket, ordea, hirurogei urte eman ondoren berriz aurkitu dudala emakume hura eta hasiera-hasieratik euskaraz ipini ditugu dantzan gure oroitzapenak.

Baina ez pentsa etxe euskaldunetan askoz
hobeto bizi zenik. Egia esan, hori geroago jakin dut, euskaldun nintzela eta nire bizimodua euskaraz garatu nahi nuela ohartuta gero. Hau da, nire militantzia aktibotik hainbat bitxikeriaz jabetu nintzen. Hona hemen batzuk:

A. Nire adineko jolaskide askok bazekiten orduan ere euskaraz, nahiz eta gehienek eskolan galdu zuten.

B. Seme/alaba bat baino gehiagoko sendietan, nagusiak bazekien euskaraz mintzatzen, baina bigarrenak ozta-ozta jarrai zezakeen elkarrizketa. Horrek adierazten du, etxe gehienetan anaia arreben arteko harremana gazteleraz izaten zela.

C. Behin eskolara joanez gero, gurasoek haurrari erdaraz egiten zioten, nahiz eta haiek gaztelera ozta-ozta zekiten. Euskara, hizkera ofizialean, “lengua vulgar” zen.

D. Kaleko berezko giro euskalduna printzatu egiten zen umeen artean.

E. Soberan dago azaltzea umeen heziketa prozesuan (eskolan) euskarak jai zuela.

F. “Nagusi”enganako aramaioarraren mendetako konplexu linguistikoa: botikarioa, medikua, idazkaria, albaitaria, maixu-maistra...
Alde horretatik esan daiteke, XIX. mende osoan eta XX. aren bigarren hamarkada aurrera joan arte, udal medikua ez zela euskalduna izan. EAJren bultzada eta exijentziari esker gainditu ahal izan zen karlista eta monarkikoen jarrera ulertezina, kontuan izanda bezero gehienek hizkuntza bakar bat zekitela. Eta huraxe izan genuen nire haurtzaroko mediku bakarra Aramaion. Albaitaria ez zen gai euskaraz egiteko. Baserritar ele bakardunek ez zutela albaitari euskaldunen beharrik pentsatzen zuten udal agintariek.

G. Gerrako galtzaileen beldurra nagusi zen zenbait botereren aurrean: guardia zibilak, epailea, udal zinegotziak eta alkatea.

H. Horien guztien gainetik, dena den, Aramaioko giza kolektiboaren kontzientzian bazen elementu bat, oharkabez bazen ere, biztanleriaren euskalduntasuna adierazten zuena. “ARABA ALDERA naixuak” zioen Kruzetatik gora egiten zuen aramaioarrak. Edota “HORREK GIZONA ARABARRA jaukan” esaten zuen beste batek aramaioarren bat ibarrekoa ez zen norbaitekin ezkonduta zegoenean.

Aramaioarren pentsamoldean arabarra eta erdalduna sinonimoak ziren. Gero alderantzizko fenomenoa ere ikusiko dugu.

Azpimarratu behar dut, dena den, nire adineko haur haietako askok – eskolan euskara galtzeraino iritsi zirenek- gaztaroan euren
kabuz berreskuratu zutela ama hizkuntza, batez ere Aramaion bizitzen geratu zirenek. Batzuek goi eskolan, beste batzuek lantegian eta bada soldadutzan berrikasi zuena ere.

Bitxia da Aramaion jaiotakooi Arrasate erdalduneko gure adinekoekin gertatzen zitzaiguna. Ordurako ni Arrasaten bizi nintzen baina baziren Aramaiotik ikastera egunero jaisten zirenak. Ba, zortzi urterekin gai ziren arrasatear “zango zuriak” aramaioarrak boronotzat hartzeko, gazteleran ez baitzebiltzan nire jaioterri-kideak oso aise. Eta Aramaiotik zetozkigun haiekiko adarra jotzeak eguneroko ogia genuen.

Testuinguru hartan eta ni non jaioa nintzen jakinez gero niri ere iseka egingo zidatela beldur, batxilergoko sarrera egiteko paper
ofizialetan -9 urte nituen- Arrasatekoa nintzela idatzi nuen. Nire amak konpondu behar izan zuen nire huts hura, eta ezkutuan utzi nahi nuena ageriago geratu zitzaien ikaskideei.

Egiaztatu ahal izan dut, Arrasateko eskolan gertatutakoa Aramaiokoan ere ematen zela, kaleko eta auzoetako umeen artean. “Baserritartzat” zeuzkaten kalekoek auzoetatik jaisten zirenak. Eta, zer esanik ez, harremanak gazteleraz izaten zituzten.

Aramaioko gatazka linguistikoan gaztelera irabazten ari zen terrenoa duela hirurogei-berrogeita hamar urte.


Argazkiak: JMVM


Oharra: Jardunaldietako liburua eskuragai
jarri du Arabako Diputazioak.

urria 28, 2015

JOSE MANUEL ARRIOLA. ZERGATIK “DONGI”?


Joxe Manuel Arriola

“Dongi” izan zen bere gaitzizena eta jende gehiagok ezagutu zuen horretatik ponteko deiturarengatik baino. Eta ez dira gutxi Joxe Manuelengana hurbildu direnean “Don Guillermo” deitu zutenak, bere egiazko izena horixe zela pentsatuz. Gaurkoan sartu-irten arin bat egin nahi dut Joxe Manuel Arriolaren bizitzan, zertarako eta garbi uzteko behin eta betiko haren gaitzizenaren jatorria, behintzat zuzeneko bertsioaz jabe gaitezen. 

Datu argigarriak Esther Goikolea adiskideari zor dizkiot, berari adierazi baitzion buruz buruko elkarrizketan Jose Manuel Arriola Arrasateko kale-zain ohiak. Eta Jose Manuelen sendiari eskerrak ematen dizkiot, aita izan zutenaren gaitzizenaren nondik datorren betiko garbi uzteko ados egon baitira. 

Izenordearen erantzulea emakume bizkaitar bat izan zela argi eta garbi utzi nahi izan zion Joxe Manuelek Esther Goikoleari. Arrasateko Uribarren “Ante”tarren Domingorekin ezkonduta zegoen Kontxa Lejarreta berriztarra Olatxo harategiaren gainean bizi zen. 

Kontxa Lejarreta
Behin, Olatxotik Biteriko eskoletara zihoan estratan mutiko batzuk su egiten ari bide ziren eta Joxe Manuel kale zain izendatu berria haien bihurrikeria gerarazi nahian umeen atzetik abiatu zen. Ekintzaren lekukoa izan zen Kontxak, etxeko leihotik bota zuen:
“Zer pentsetan jon horrek? Azkena don etorri Debatik eta herrixa berak aindu biher dauela? … Dongixoi!

Eta nondik nora Dongixoi hura? Ba, DONGE euskal hitzetik – batez ere bizkaieraz erabili izana- dator, gaiztoa adierazi guran. Kontxak berezko kutsu berriztarra eman zion berbari eta oharkabean “Dongi” gaitzizena asmatu zuen. Kontxaren ateraldiaz jabetuta takarraran atera ziren ume bihurri haiek ongi gorde zuten buruan azken hitza eta aurrerantzean beraientzat kale zain hura “Dongi” izan zen. Handik gutxira arrasatear guztion ahotan zebilen deitura berria … gaur arte. 

Kontxa Lejarreta oso izaera gogorrekoa bide zen eta haren eta Joxe Manuel Arriolaren arteko beste gertaera bat kontatu dit Kontxaren biloba Pili Uribarrenek. Behin isuna jarri bide zion kale zainak, emakumea ordu desegokian etxeko balkoitik alfonbra bat astintzen ari baitzen. Etxeraino igo zitzaion Jose Manuel eta isuneko papera eskuratu eta ordaina zenbatekoa zen ikusita Kontxak bota zion harrituta: “Alfonbra batengatik?” Jose Manuelek erantzun zion berdin zela bat ala zazpi astintzea, bekatua eginda zegoen eta. Orduan emakumeak itxoiteko eskatu zion eta “Prezio berdinean etxeko alfonbra guztiak astinduko ditut” adieraziz desagertu egin zen udal zerbitzariaren bistatik. 

Baina hamarkadetan misterio izan den gaitzizenaren nondik norakoa argitzea izan da gaurko ekarpentxo honen xedea. Uste dut gaurdanik misterio bat gutxiago dugula Arrasateko historia txikitxoan. 
 
Argazkia: Uribarren sendia/JMVM

Joxe Manuel Arriolari buruz gehiago: