urria 28, 2015

JOSE MANUEL ARRIOLA. ZERGATIK “DONGI”?


Joxe Manuel Arriola

“Dongi” izan zen bere gaitzizena eta jende gehiagok ezagutu zuen horretatik ponteko deiturarengatik baino. Eta ez dira gutxi Joxe Manuelengana hurbildu direnean “Don Guillermo” deitu zutenak, bere egiazko izena horixe zela pentsatuz. Gaurkoan sartu-irten arin bat egin nahi dut Joxe Manuel Arriolaren bizitzan, zertarako eta garbi uzteko behin eta betiko haren gaitzizenaren jatorria, behintzat zuzeneko bertsioaz jabe gaitezen. 

Datu argigarriak Esther Goikolea adiskideari zor dizkiot, berari adierazi baitzion buruz buruko elkarrizketan Jose Manuel Arriola Arrasateko kale-zain ohiak. Eta Jose Manuelen sendiari eskerrak ematen dizkiot, aita izan zutenaren gaitzizenaren nondik datorren betiko garbi uzteko ados egon baitira. 

Izenordearen erantzulea emakume bizkaitar bat izan zela argi eta garbi utzi nahi izan zion Joxe Manuelek Esther Goikoleari. Arrasateko Uribarren “Ante”tarren Domingorekin ezkonduta zegoen Kontxa Lejarreta berriztarra Olatxo harategiaren gainean bizi zen. 

Kontxa Lejarreta
Behin, Olatxotik Biteriko eskoletara zihoan estratan mutiko batzuk su egiten ari bide ziren eta Joxe Manuel kale zain izendatu berria haien bihurrikeria gerarazi nahian umeen atzetik abiatu zen. Ekintzaren lekukoa izan zen Kontxak, etxeko leihotik bota zuen:
“Zer pentsetan jon horrek? Azkena don etorri Debatik eta herrixa berak aindu biher dauela? … Dongixoi!

Eta nondik nora Dongixoi hura? Ba, DONGE euskal hitzetik – batez ere bizkaieraz erabili izana- dator, gaiztoa adierazi guran. Kontxak berezko kutsu berriztarra eman zion berbari eta oharkabean “Dongi” gaitzizena asmatu zuen. Kontxaren ateraldiaz jabetuta takarraran atera ziren ume bihurri haiek ongi gorde zuten buruan azken hitza eta aurrerantzean beraientzat kale zain hura “Dongi” izan zen. Handik gutxira arrasatear guztion ahotan zebilen deitura berria … gaur arte. 

Kontxa Lejarreta oso izaera gogorrekoa bide zen eta haren eta Joxe Manuel Arriolaren arteko beste gertaera bat kontatu dit Kontxaren biloba Pili Uribarrenek. Behin isuna jarri bide zion kale zainak, emakumea ordu desegokian etxeko balkoitik alfonbra bat astintzen ari baitzen. Etxeraino igo zitzaion Jose Manuel eta isuneko papera eskuratu eta ordaina zenbatekoa zen ikusita Kontxak bota zion harrituta: “Alfonbra batengatik?” Jose Manuelek erantzun zion berdin zela bat ala zazpi astintzea, bekatua eginda zegoen eta. Orduan emakumeak itxoiteko eskatu zion eta “Prezio berdinean etxeko alfonbra guztiak astinduko ditut” adieraziz desagertu egin zen udal zerbitzariaren bistatik. 

Baina hamarkadetan misterio izan den gaitzizenaren nondik norakoa argitzea izan da gaurko ekarpentxo honen xedea. Uste dut gaurdanik misterio bat gutxiago dugula Arrasateko historia txikitxoan. 
 
Argazkia: Uribarren sendia/JMVM

Joxe Manuel Arriolari buruz gehiago:





iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina