urria 14, 2015

IBABEKO KARTELAK ZER EGITEN DU GASTEIZEN?



Ezustekotarako aurreko astean Gasteizen eraman nuena jatetxe batean bazkaltzear nengoela. Jangelara sartzen ari nintzen eta nire aurrean kartel bat ikusi nuen. Eta irakurtzen hasi ahala konturatu nintzen kartela lehendik “ezagutzen” nuela, eta nire azken liburuan bere nondik norakoa aipatu nuela. 

Ibabeko kartela
Aramaioko Ibabeko Andra Mari Kofradiaren gaineko liburuan eman berri dut ezagutzera zein nolako istiluak sortu ziren XX. mendearen hasieran Ibabeko zelaian izan ohi ziren dantza lotuei buruz.  

Ibabeko Kofradiaren dokumentazioa irakurrita, dantzari buruzko auzian arreta irabazi zidan puntutxo bat zen, 1923ko uztailaren 15ean Kofradiaren zuzendaritza batzordeak hartutako erabakia. Kartel bat jartzea iruditu zitzaien onena, bekatarien gogoa uxatzeko asmoz. Bat zetorren ideia 1904ko arautegiaren 46. artikuluarekin. Testua eta balizko isunaren kopurua ere hautatu zen herriko alkatearekin mintzatu ondoren eta Emeterio Arana herriko arotza aukeratu zen kartela egiteko, euskaraz eta gazteleraz adierazi behar zuena: 

“Agintarixen erabagiz eta ogerleko baten zigorpean gebenduten dira mueta guztiko jolasak, batez be dantzak, baz-elexa aonen toki eta lurretan.

Por orden de la autoridad bajo pena de cinco pesetas se prohíbe toda clase de diversiones, especialmente los bailes, en locales y terrenos de esta ermita”

Ibabeko Andra Mari
Baina zuzendaritza batzordearen urte bereko beste bilera batean – abuztuaren 5ean- atzera bota zen ideia, honako argudioarekin: 

“Que se desista de la colocación del cartel porque la gente al saber lo que se trata de llevar a cabo ha empezado a hablar en contra, y se añadió que habrá que seguir como antes porque si no hay tamboril, dentro de cuatro años se perderá la Cofradía”

Handik zenbait hilabetetara, 1924ko ekainaren 15ean, berriz, kartela jartzea erabaki zen, baina testua aldatuta: 

“Agintarixen erabagiz eta ogerleko baten zigorpean gebenduten dira mueta guztiko jolasak Andra Mariako baz-elexa aonen toki eta lurretan, eta euraen artean pelotan egitea.

Por orden de la autoridad bajo pena de cinco pesetas se prohíbe toda clase de diversiones en locales y terrenos de esta ermita, y entre ellas el jugar a la pelota en este pórtico”

Gauza ez zen baretu, inondik ere eta dantza lotuaren arazoak bizirik jarraitzen zuen 1950ean. Baina orain datorkidan galdera honako hauxe da: Nola eta noiz heldu zen kartela Gasteizko jatetxe horretara? Kofradiaren kontu liburuetan ez dut aurkitu ezelako diru sarreraren aipamenik kartel baten salmentaz. Beraz, … irakurleak atera ditzala bere ondorioak.

Argazkiak: JMVM


 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina