Felix Arriaran |
Arrasateko kirolak beste
kide esanguratsu bat galdu berri du: Felix Arriaran Aranburu, Arriaran I.
Arriarandarren sagako aurrena izanik, bide eman zien Joxe eta Pako bere anaiei,
pilotan, eta Juanitori futbolean. Felix lankide izan nuen eta ordu luze eman
genituen pilotaz eta kantuaz, bere beste afizioetako bat. Ondoren datozen
komentariorik gehienak, dena den,
Pilotarien VII Batzarra 1992an Arrasaten egin zeneko “Pilota” aldizkaritik atera dut.
“Mutikotan baserrira joaten ginen, Mazpelara, eta bertan
zegoen elizaren arkupeak aprobetxatuz, ormaren kontra ibiltzen ginen
anaiok eta hurbiltzen ziren guztiak.
Garai hartan ez zegoen beste gauzarik. Pentsa, herriko Gurea frontoian
jokatzeko arazoak sortzen ziren, beti okupaturik egoten zen eta, beraz, txanda
hartu behar genuen; lekurik ez zen eta
itxoin behar genuen. Goizetik gauera arte zabalduta egon arren beti zebilen
norbait jokatzen”
Felix bere oroitzapen
horiekin gerra denborako uneetara eramaten gaitu, 12 urte zituenekoetara. Anaia
zaharra zen, 1921an jaioa, eta gurasoak
Biktor eta Rosa izan zituen, oso ezagunak herrian Erdiko Kaleko ferreteria
baten jabeak ziren eta. Txiki-txikitatik Gurea pilotalekua gustuko bere txoko
bihurtu zuen bertan ordu asko eman baitzituen jo eta ke lagunekin eta geroago
anaiekin ere. Garai hartan trinkete bat ere zen Arrasaten, Magdalena kaleko
Okendo etxean.
“Lagun arteko girotik atera 16 urterekin izan zen
Eibarrera joan nintzenean, Bolinagarekin batera afizionatuen txapelketa bat jokatzera.
Gero Donostiako Gros frontoian jokatu genuen, Mondragonés zenaren omenaldian, Bolinaga
eta biok Txikito de Iraetaren anaiari eta Onaindiaren anaiari irabazi genien,
errez. Bueno, hobeto esanda Bolinagak bakarrik irabazi zuen”
Arriaran I |
Hamasei urterekin, beraz,
Felix izena ezaguna zen frontoietan. Zorte handia izan zuen Juan Bautista
Azkarate “Mondragonés”-ekin egin ahal izan baitzituen entrenamenduak. Aste
egunak izan arren, Gurea frontoia bete egiten zen ikusliarrekin eta giro aparta
izan ohi zen. Felixek gogoratzen zuen hastapen haietan oin hutsik entrenatzen
zirela, oin azpian kailuak egiteko. Alpargatak, bestalde, garesti samarrak
ziren eta ez zegoen alperrik gastatzerik. Eta horrela heldu zen pilotako
profesional izatera. Bere hitzak dira:
“Hamazortzi urte nituen eta nire lehen kontratua sinatu
nuen. Urte guztian 30 partidu jokatzearen truke hamabost duro (75 pezeta)
kobratuko nituen partidu bakoitzeko. Hori bai, bidaia nork berak ordaindu behar
zuen eta Gasteizera joan etorria 4´90 pezeta izaten zen. Bidaia luzeagoa zenean
komeriak egiten genituen etxera itzultzeko. Mungiara Bilbotik barrena egiten
genuen. Logroñon edo Gasteizen gauez jokatzen genuenean ez ginen hotelera
joaten: frontoian aulki batzuk uzten zizkiguten eta bertan egiten genuen lo, hurrengo
goizeko trena hartu arte”
Arriaran I, eskuinean; Joxe anaia ezkerrean, Zurdo, XX, Tadeo Azkarate, Bolinaga |
Felixek Bergaran sinatu
zuen bere lehen kontratua, Eibarko Bidarte, Bergarako Gabilondo, Gasteizko Alti
eta Donostiako Dula enpresarioekin. Kontratu hark, jakina, ez zion ematen ohiko
bere lana uzteko. Hamalau urterekin hasi zen lanean Unión Cerrajeran, eta
Felixek esan ohi zuenez, fabrikan irabazten zuen diruarekin finantzatzen zuen
pilotako afizioa, inoiz ez baitzuen ofiziotzat hartu.
Arriaran I-k 32
urterekin utzi zuen pilota. Eskuko minak jota egoten zen eta horrek zaildu egiten
zuen kirol ibilbidea. Ez zuen inoiz parterik hartu lehiaketa ofizialetan baina
harrotasunez esan ohi zuen berak ez zuela – beste batzuek bezala- frontoitik inoiz
hanka egin behar izan, tongoaren hurreneko usaina zela eta. Pilota kontratuan
“fabril” ipintzen zuen eta egia esan fabrikako zuzendariek baimena ematen
zioten partiduak jokatzera joateko, nahiz eta lan orduetan izan.Anekdoten
artean oroitzen zuen Felixek:
“Gasteizen soldaduskan nengoen eta prestatzeko esan zidaten, partidu bat
jokatu behar nuela. Taxi batean sartu ninduten eta Forondara joan ginen. Finka
batera heldu eta bertako frontoian berotzen ari ginela sei bat lagun etorri
ziren, denak elegante, emakumeak ere dotore. Atzeko aldean eseri ziren eta
haientzako bakarrik jokatu genuen. Ikusle haietako bat Francoren koinatua zen,
Serrano Suñer. Agindu ziguten inori ez geniola azaldu behar partidua izan
zenik. Partidua irabazi nuen. Eta sobre bat eman zidaten: 250 pezeta. Sari
izugarria!”
Gurea frontoia, ikusliarrez beteta |
Arriaran I-k inork baino
hobeto ezagutzen zituen herriko Gurea frontoiaren nolakotasunak eta gustuko zuen
bertan aritzea. Berak kontatzen zuen:
“Hogei bat partidu ofizial jokatuko nuen Gurean. Larunbat
gauetan antolatzen zituzten partiduak eta, noski, nik etxean jokatzea nahiago,
frontoia ezagutzen nuelako eta gure
aurkakoak hobeak izan arren guri frontoian ez zigun inork irabazten. Frontoi
hartan trukuak jakin behar ziren, kanpokoek beti sabaia jotzen zuten eta guk
horrelakoak ederki ikasita genituen. Gurea frontoian ederrak egindakoak gara”
Ondo sartuta eraman zuen
Felixek beti bera Arriaran I zeneko garai hura. Partiduen aurreko beroketa saio
bitxiak – “txaketarekin ateratzen ginen
berotzera, eta behin berotuta txaketa txapa azpian uzten genuen”- noizean
behin enpresari egiten zizkioten tranpak, herri txikietan antolatzen ziren
partiduak jokatzeko – behin Eskoriatzako
jaietan Bolinaga eta biok hamabost duro eskatu genuen partidua jokatzeagatik.
Aurrekonturik ez zegoenez, udalak batzar berezia egin zuen eskatzen genuen dirua
onartzeko- eta abar.
Felix Arriaran, Arriaran
I, azaroaren 10ean hil zen, 91 urterekin, eta ezagutu genuenon baitan
oroitzapen ederra utzi du. Hurrengo partidura arte, Felix!
Argazkiak: "Pilota", Josemari Velez de Mendizabal (Gurea frontoia)
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina