iraila 03, 2014

IPURTOTZ BASERRIAREN LEGENDA



Gabriel Jauregi idazle aramaioarra



“G. Aramayo” izenordez, Gabriel Jauregi – Gabirel, berak sinatzen zuen moduan- aramaioarra dugu, Etxaguen jaio baitzen 1895ean, Luziano izenarekin. Karmeldarra, Gasteizko karmeldarren komentuan eman zuen bizitza-tarterik luzeena, fisika eta kimika irakasten.  Herri jakintzaz enamoratua, nonbait, behin eta berriz idatzi zuen euskal mito, legenda, naturaz eta abar. Baina bere ekarpenik sonatuenak, zalantzarik gabe, Pisia (1935) eta Kimia (1936) euskarazko liburuak ditugu, fraidegaientzat prestatu beharreko materialean oinarrituta.  Bermeoko Gaubeka irarkolan editatu zituen. Bizkaiko Larrean hil zen, 1945ean. 

“Karmengo Argia“ aldizkarian herri jakintzari buruzko Aramaioko istorio txiki bat kontatu zuen 1933ko apirilean,  eta zutabe hauetara ekartzea otu zait, gure arbasoen sinesmeneko nondik norakoak ezagutzea interesgarritzat jotzen baitut, norantz goazen uler dezagun. Honela idatzi zuen Jauregik, Jabetasuna titulupean:



 Lenegoko aldietan, oiñ baño artzain geiago ei-egozan. Eta artzaiñak baso guztiak eurentzat gura izaten dabez; orregaitik baso artean ez esparru, ez solo, ez etxe barririk egiterik eztabe gura izaten.

Aramayon esaten dabenez, bat edo batek baso artean etxe barrien bat egiñ gura baeban, etxakon debekatzen, egiteko azkatasuna eukan; baña egiñdako etxearen jabe izateko ura tellatutik bera parra-parra jausi bear zan. 

Goialdean, Ipurtotz baserria
Tellatutik bera ura jausteak etxearen jabetasuna egiñ ebanari emoten eutson. Etxango atx-ondoan ipurtotz gaur deritxon etxea egiten beiñ baten bata si ei-zan; baña egunez egiten ebazan ormak gabean artzaiñak lurrera botaten ei-eutsezan. Ormak jaberik ez eukien eta edonork bota leikezan; jabe izateko tellatua ipiñi ta tellatutik bera ura jausi bear zan-da. Ta alan egunez egiten ebazan ormak gabean beti ondatzen eutsezan artzaiñak, eta eziñ jabetasuna lortu, ez etxea amaitu
Ipurtotz-etxea egiten ebillan gizona zailtasun aundikoa ta gustiz azkarra zan-eta, egunak Joan, egunak etorri; ormak egiñ, ormak bota; alako baten goizetik gabera ormak jaso, tellatua ipini eutson bere zorioneko baso-etxeari. Baña euririk ez eban egiñ gau artan eta tellatutik bera ura etzan jausi; orregaitik ipurtotz etxeak oindikon jaberik ez eukan; eta artzaiñak, inoren ardura barik, etxe guztia apurtu eben. 

Urrengo egunean barriro jaso etxea, tellatuak ipiñi ta edarkada bat ur tellatu gallurrera jaso ta alderdi bietara, erdi bana, bota eban etxea egin ebanak. Oingoan tellatutik bera ura jausi zala-ta, jabe geratu zan betiko ipurtotz egiñ eban gizaona, ta artzaiñak jabetzat artu eben”
 
Argazkiak: JMVM, Euskomedia,

uztaila 16, 2014

EUSKAL JAIA 1964. BIDEOA


Euskal Herrian baziren aurrekariak euskal jaiei buruz. Baina iragan mendeko hirurogeietan Arrasateko giro kultural, sozial eta baita politikoak ere eskatzen zuen gure herrian halako jai berezi bat antolatzea. 

"Danbolina" karrozak bigarren saria eraman zuen
Eta herriko zenbait lagun ideiari eite ematen saiatu ziren, egundoko ezusteko goxoa eraman zutelarik. Herriko instantzia gehienetatik ideiarekin bat zetozela adierazi zitzaien eta, beraz, antolaketa lanei ekin zieten buru belarri. Koadrila, elkarte, lantegi eta hiritar arrunt mordoa jarri zen lanean, ospakizunari ahalik eta itxura onena emateko asmoz. 

Eta data bat markatu zen: 1964ko ekainaren 28. Jaiaren egitaraua San Juaneko programa ofizialean sartu zen, Fiesta Vasca izenarekin.
Kolore askotako aldarrikapena izango zenaren gaineko ilusioak zenbait hilabete lehenagotik piztu zuen garra arrasatear gizartean eta herritarren artean aspaldi ez bezalako lankidetza izpiritua nagusitu zen. Bazirudien arrasatearrak gogo biziz ari zirela ohiko giro gris harekin amaitzeko. Diktadurak itotako ametsak dantzan jartzeko aukera izan zitekeen euskal jaia eta herritarrak prest agertu ziren. 

Jose Mari Ugalde "Larguito"k dioenez,

“Lankidetza eta elkarkidetzak gora jo zuten jai hura antolatzeko. Materialak behar genituen, adibidez, karrozak egiteko eta Unión Cerrajeratik hasita, herriko lantegiak modu positiboz erantzun zuten. Materialak ez ezik, instalazioak ere erabili ahal izan genituen kasu askotan gure lanetarako. Adibidez, Unión Cerrajeran Arantza Alberdiren bitartez Camilo Basterretxea zuzendari nagusiarenganaino jo genuen eta laguntza osoa jaso genuen. Karrozak preparatzeko ederto etorri zen

Jose Luis Armendia eta Gregorio Etxabe izan ziren antolaketa batzordeko kiderik esanguratsuenak eta lagun piloa mugiarazi zuten. 

Pedro Otaduy gogoratzen du:

 “Gure karroza Etxe Zuri baserrian prestatu genuen eta danbolin erraldoi bat irudikatzen zuen. Zurezko egitura lortzeko haltzak moztu behar izan genituen baserri inguruko bazterretan. Eta ideiaren aita Jose Mari Ugalde koadrilako txistularia izan bazen ere Ramon Erizek egin zuen danbolinaren diseinua. Oso ederra geratu zitzaigun eta karrozen arteko txapelketan bigarrena atera zen … nahiz eta, gure ustez, putxerazoa izan zen, gurea kaltetuz. Baina tira, ez gara orain hasiko … ezta?” 

Egun hartako egitaraua hiru zati nagusitan banatu zen. 

Ugalde, Murgia eta Otaduy; "Danbolina" karrozakoak
Goizean kale jira jendatsua izan zen, Nafarroa Etorbideko tren geltokitik hasita. Parte hartu zuten toki askotatik iritsitako txistulariek, Zumarragako eta Donostiako Trikitixek eta Gaztelu Elexabeitiako albokariek.  Alde zaharra eta ondoko kaleetan barrena ibili ondoren, meza nagusia izan zen txistularien Alkate Soinua jo zutelarik. Durangoko Tronperri dantza taldeak Aurreskua dantzatu zuen. Jarraian dantza txapelketa izan zen herriko plazan, egundoko jendetzarekin. Epai mahaian, besteak beste, Pedro Mari Arregi, Pablo Zumelaga eta Antonio Balerdik ihardun zuten.

Goizeko 11´30etan Gurea Zineman lurralde mailako Gipuzkoako Bertsolarien Txapelketako nor gehiagoa izan zen, epai mahaian Euskaltzaindiko kide batzuek toki hartu zutelarik, Alfontso Irigoien besteak beste. Eguerdiko 12etan Angelusa otoitz egin zen eta ordu batean Juan Arzamendik zuzendutako alardea burutu zen herriko plazan, bertsolarien lana tartekatuz. Bertsolarien txapelketak arratsaldean ere jarraitu zuen Gurea zineman. 

Arratsaldeko 4´30etan ekin zitzaion hirugarren zati nagusiari dantzari guztien biribilketa erraldoiarekin, Bilboko Gaztedi eta Durangoko Tronperri taldeek herriko zenbait tokitan eskainiz euren dantzak. Eta horren ondoren, 6etan beste ikuskizun handi bat: karrozen txapelketa.

Herriko koadrilek karroza bana atera zuten. Lehen saria – 2.500 pezetakoa- eraman zuenak “Sagardotegia” irudikatu zuen. Bigarrenak “Danbolina” aurkeztu zuen eta 2.000 pezeta jaso zituen. Iruditutako estanpen artean ikusi ahal izan ziren Teodosio Goñiren istorioa, Arantzazuko Ama Birjinaren agerpena eta euskal kirolen erakusketa zabala. Karroza bakoitzak bere musika laguntzarekin desfilatu zuen. Desfilea amaitutakoan erromeria izan zen plazan eta gaueko 12etan amaiera eman zitzaion, bertara azaldutako publikoak "Agur Jaunak" abesten zuen batera. Plazako ahots gailuek lau haizeetara hedatu zituzten emozioak jotako eztarrietatik ateratako himnoaren notak. 

Joxe Murgiak ongi oroitzen du egun hartako giroa eta azpimarratzen digu:

  Ez dut uste Arrasaten bizi izan dugunik harrez geroztik egun hartako giro atsegina. Alaitasun eta itxaropen jarioko erakustaldi handia izan zen. Handik urtebetera ere egin genuen bigarren edizioa, arrakasta handiz. Baina aurrenekoak ezustekoa eman zuen, ez baikenuen uste hain ederto erantzungo zuenik herri osoak. Duela berrogeita hamar urteko aldarrikapen sozial, kultural eta baita politikoaren islapena izan zen jai hura 

EUSKAL JAI HAREN GAINEKO BIDEOA PRESTATU ZUEN PEDRO SOLOGAISTOA “LASO”K.  HONA HEMEN, DUELA MENDE ERDIKO JAI GIROAREN LEKUKOTASUN GISA.



Argazkiak: Pedro Otaduy, JMVM
Bideoa: Pedro Sologaistoa "Laso" (Eusko Ikaskuntza eta Lasoren sendiaren arteko hitzarmenari esker digitalizatua)

uztaila 09, 2014

LEZE TXIKIKO GIZA BESAHEZURRA: 50 URTE AZALEAN



Besahezurra, lau angelutatik

Titulu horrekin artikulu bat publikatu berri dut Euskonews aldizkarian. Idazki horren bitartez aurkikuntzaren efemeridea gogoratu nahi izan dut, iruditzen baitzait oso garrantzitsua dela behar bezala jabetzea Jose Migel Barandiaranen lan taldearen deskubrimenduaz. 

On Jose Migel Lezetxikin
Bigarren aroko Lezetxikiko kanpainak 1956an hasi ziren eta denboraldi bakoitzean historiaurreko gizakiaren aztarnekin topo egin bazuten ere, ez zen gertatu 1964ko abuztuaren 20ra arte giza besahezurra lurpetik atera zutela. Euskal Herriko giza hezurrik zaharrena dugu, duela 250.000 urte ingurukoa izan daitekeena.




Irakur Euskonewseko artikulua:


Argazkiak:
Besahezurra: Munibe aldizkaria
Lezetxiki: Jose Migel Barandiaran Fundazioa

uztaila 02, 2014

KARLISTAK ARAMAION, 1837an

Lehen karlistadak (1833-40) gogor jo zuen Aramaion eta bere ondorioak sakon nabaritu ahal izan ziren ibarrean. Alde bateko eta besteko armadak liskar odoltsu jarraikietan sartzen ziren eta herriak pairatzen zuen ondorioa. Gora behera askoko aroa izan zen eta Aramaioko udalak denetariko presio eta aldaketak bizi behar izan zituen, orain liberala - Isabel II erreginaren aldekoekin- bihar karlista - Carlos V hautagaiarekin zeudenekin- izatera pasatuz. 

Verasteguik sinatutako dokumentua
Dokumentu bat dakart gaur hona, 1837ko apirilekoa. Ibiltzeko babesa zen, Aramaion karlistak nagusi izan ziren unekoa, eta bitxikeria bezala azaldu gura izan dut. Idazkia Aramaion bertan dago sinatua, nork eta Valentin Verastegui Arabako karlisten buruak.
Dokumentuan Verasteguik babesa ziurtatzen dio Gervasio Saenz de Sampedrori Nafarroara igaro ahal izateko. Arabako Zalditeriako Eskuadroiko kadetea zen Gervasio eta ziurrenik misio sekreturen batek eramango zuen nafar lurretara. 
 
Valentin Verastegui
Gervasio kadetea Guardian jaioa zen, 1816an, eta Casimiro Saenz de Sampedroren semea genuen. Azken hau eta Valentin Verastegui izan ziren 1833an Arabako karlisten buruzagitza eskuratu zutenak, Fernando VII hil ondoren. Biak armada absolutistan ibilita gero – 1830ean Mina jeneralaren inbasio liberala zanpatu zuten- Isabel IIaren kontra eta karlisten aldera egin zuten.

Valentin Verastegui gasteiztarra zen (1789) Prudencio Maria Verastegi zientzia gizon eta Diputatu Nagusi izandakoaren semea.  Legeak ikasi zituen Zaragozan. Napoleonen kontrako gerran aritu zen eta 1826an Arabako Diputatu Nagusia hautatu zuten. 1833ko urriaren 7an Arabako milizien buru nagusi izendatu zuen bere burua. Gasteizera sartu zen eta Don Carlos V aldarrikatu zuen errege, foruei zin eginez. Diputazioa baliogabetu zuen, Gobernuko Batzorde Nagusia sortu zuen eta bera lehendakari jarri zen. 

Lehen karlistadako egokiera hartan Arabako buru bezala aritu ondoren, 1838ko ekainean, Urizaharreko batailan, karlistak garaituak izan ziren eta ondorioz Verasteguik alde egin behar izan zuen.