maiatza 27, 2026

PRADERE ERLOJULARI ARRASATEARRA

 


Aritu izan naiz beste inoiz, Arrasateko industria-gizon baten gain. Frantses jatorriko Jose Pradere Uribesalgori nagokio, latoiarekin merkaratzen zuena, eta horrezaz gain erlojutako negozio bat zuena. Ezer gutxi dakigu arlo horretako Pradereren jardueraz, eta dakiguna Erromantizismoko Museo Nazionalari esker da, bertan baitago arrasatearraren eskuetatik igaro zen erloju bat.

Diodan, ezer baino lehen, Pradere ez zela fabrikatzaile, merkatari edo salerosle hutsa baizik. Eta badirudi erlojuak Frantziatik ekartzen zituela, behintzat daukagun adibideari erreparatuz gero. Adituek diotenez, Franche-Comté lurraldeko erloju fabrikatzaileak oso maila onekoak ziren eta Pradererenak handik ekarri ei ziren.

Euskal Herriko gizarte maila ahaltsuetan maiz ikus zitezkeen aparailuak ziren eta horregatik pentsa daiteke Jose Pradere inportatzaile izan zela. Iritsi zaiguna, beraz, “comtoise” 
zeritzan  estilokoa zen, aipatu lurralde hartan XVIII-XX mendeen artean ekoitzi zirenak. Aipatu Museoan gordetzen dena XIX. mendearen bigarren aldian datatzen dute gaian adituek. Pradereren negozioak erloju mota desberdinak hartuko zituela suposa daiteke, eta beraz beste itxuratakoak ere salduko zituen.

Hori bai, denei inportatzailearen izena ipintzen zitzaien, eta hortik Pradere abizenaren hedapena gustu oneko hiritarren artean. Bi metro eta hamahiru zentimetroko aparailua da eta intxaurezko zuraz dago eginda.

1898ko urriaren 13an hil zen Jose Pradere, baina negozioek aurrera segitu zuten semearekin. Horrela, 1914an “Euskal Arte eta Gipuzkoako industrien lurralde erakusketa” Eibarren antolatutara  joandako Arrasateko bi erakusleen arteko bat “Pradere y Compañia” izan zen “ fabricación de batería de cocina y cubiertos de mesa”. Diodan, halaber, beste erakuslea Leonardo Alberdi izan zela, “instalación de muelas de esmeril de primera calidad”

Pradere izan da Arrasateko industriaren historia hurbilean pisu espezifiko interesgarria izan zuen sendia. Gera bitez aurreko lerroak horren lekuko gisa.

PRADERE DULTZAINA EGILEA

https://txemax3.blogspot.com/2024/01/jose-pradere-arrasateko-dultzaina-egilea.html

 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina