Sebero Altube ezaguna badugu ere – behintzat,
badakigu plaza batek haren izena daramala- oso gutxik dakite Seberoren anaia
Benignok – bien gurasoen izenetarako afizio bitxia!-
euskaltzain/musiko/politiko/industria
gizonarengan eragin handia izan zuena. Eta gainera Benigno, anaia txikia
bezala, egundoko musiko bikaina izan bide zen, kronikek diotenez. Gaurkoan tarte
bat eskaini nahi diot Benigno Altube Lertxundiri, gehiena 1979an argitaratu
nuen “Sebero Altube” liburuan bildua.
![]() |
Benigno Altube, 1900 inguruan |
Benigno Arrasaten jaio zen, 1878ko otsailaren
12an. Sebero baino urtebete bat zaharragoa genuen. Gurasoak Alejandro eta Klara ziren, eta aita/amapontekoak
Toribio Agirre eta Eladia Altube izan zituen. Txikitatik musikarako zaletasuna
erakutsi zuen, eta bere anaia Seberorekin batera musika ikasi zuen, Juan José
Rodriguez “Maisu Zaharra”rekin. Dena den, bi altubetarren musika-ezaupidea
aurki maisuarena baino altuagoa izan zen eta beraien kontura ekin zioten
ikasteari, Biktoriano Balerdi herriko organo
jolearen laguntza estimagarriarekin. Dultzaina eta txistua ikasi zuen Benignok
eta diotenez klarinetea ere ederto jotzen zuen.
Benigno, Sebero eta atabalari moduan beraiekin
ibili ohi zen Kristobal Bedia gaztetxoak kontzertuak eskaintzen zituzten
igandero herriko plazan. Baina sarritan kanpoko deiak jasotzen zituzten eta,
horrela, Aramaio, Bergara, Eibar, Bermeo, Lizarra… eta hainbat herritako
jaietara agertzen ziren. Badirudi diru aldetik ez zebiltzala hain gaizki euren
musika joaldi haiekin. Sari batzuk ere irabazi zituzten dultzainarekin.
Sebero Altuberen gorazarre bat izan zen 1973an
Arrasaten, eta bertan besteak beste Juan Garmendia “Zeleta”k hitz egin zuen.
Berarenak dira ondoko hitzak, ez Seberoren gain botatakok baizik Benigno anaia
goraipatuz:
“Altube
dultzaiñeroa” izengoitiaz ezagutzen zan, gerra aurrean, Bergarako Erki edo
Distritoko errietako biztanle artean, dultzaiñero bezela beti deitua izan oi
zalako. Inguru abetako errietan aldi artan ain sarriro ospatu oi ziran Euskal
Jaietara, Euskal Batzokiak antolatzen zituzten jaialdietara. Esan bearra dago –
eta au ez dago ukatzerik- Euskalerriak oraindaño izan duan dultzain-jolerik
iaiuena eta bikanena izan zala Altube Dultzaiñeroa. Euskal jai aieri asiera
emateko, gure errietako kalez-kalezko bere biribilketa entzungarri ta
atsegingarriak ez dira aztutzeko”
Benignok musika klaseak eman zituen ere
Udaletxeko aretoan. Eta 1908 inguruan hogeita hamar bat ikasle zituen. Orfeoi
bat ateratzea otu zitzaion eta kideak gazte samarrak ziren arren – han zeuden, Modesto
Zulueta, Ildefonso Ugarte, Anizeto Aranzabal orduko mutil koskorrak…- herrian
ez ezik inguruko herrietan ere kantatu zuten. Adibidez, Oñatiko euskal jai
batean agertu ziren hango plazara: San
Juan aldera joan ginenean/makila baten gainean/ arantza beltz bat sartu
zitzaidan/ ospela nuen tokian.
Regina Azkoaga Abarrategi garagartzarrarekin
ezkondu zen 1900an eta zortzi seme alaba izan zituzten, Arrasate, Amorebieta
eta Elorrion jaioak. Zer dela eta herri horietan? Benignok Arrasatetik kanpo
ipini zuen lantegi bat, lehenik Amorebietan eta gero Elorrion. Azken horretan
ere garatu zuen musika lana, eta Elorrioko eliz abesbatzaren zuzendari izendatu
zuten. 1918an emaztea hil zitzaion eta Europako gerraren ostean, hemen lanik ez
zuelako, Bartzelonara joan zen bizitzera. Kataluniako
hiriburuan “Centro Vasco
Navarro” sortu zuen eta euskal giroa suspertzen ahalegindu zen: abesbatza,
dantzari taldea, txistu eta dultzaina klaseak… Sabino Aranaren jarraitzaile
amorratua zen Benigno eta diotenez berak eta Sebero anaiak zenbait aldiz egon
ziren Larrinagako espetxean dultzaina jotzen Sabinoren orduak alaitzearren. Errepublika
sortu zenean, Benigno izan zen Bartzelonako Batzokiaren bultzagileetarikoa, eta
gainera haren administratzaile izendatu zuten. Denetariko ekintzak antolatu
zituzten. Goian aipatutako Juan Garmendia “Zeleta”k honako hauxe ere adierazi zuen hitzaldian:
Regina Azkoaga garagartzarra |
“1933an
deitua izan nintzan Bartzelonako Euskal Etxean euskerazko itzaldi bat ematera.
Itzaldia bukatu bezin laster, etorri zitzaizkidan esanez gau artan bertan
Saguntora joan bear nuela, hango euskaldunekin egoteko. Eta derrigor araxe joan
eta itxas-ontziratu nintzan. Arratseko zortzirak inguruan, Saguntoruntz
irtetzeko geundela, orra non azaltzen zaigun gure Altube aundia, bere txistu ta
danboliñakin; eta kai aurreko enparantza zabalean euskal-soñuak jotzen asi… Ura
zalaparta, ordun sortu zana, kai artan aurkitzen ziran itxas-ontzietako
euskaldunen artean! Danak urbildu ziran Altuberen soñu-otsera eta egundoko
euskal erromeria pozezko oiu eta dantzakin gure aurrean sortu zuten;
aurrekalderatu eta “Agur Jaunak” txistuaz arrigarriro joaz, azken agurra egin
zigun, keroztik ikusterik izan ez degun Altube adiskide maitagarriak”
Benigno Altube, 1940 |
Gerrak Bartzelonan harrapatu zuen eta gatazka amaitu zenean
harrobi batean ekin zion lanari. Gutxi iraun zuen, 1941ean hil baitzen, 63 urterekin.
Benignoren alaba Elixabete alabatzat hartu zuen Seberok, 1918an
ama hil zitzaionean. Eta Elixabetek berak egin zidan bi gizon haien nortasun- erradiografia
polita. Hona hemen: “Sebero: inteligente
y estudioso; disciplinado, maticuloso, serio y hablador. Benigno:
talento natural, dinámico, luchador, alegre y espontáneo”
Zalantzarik gabe, altubetarrek euskal kultura – musika eta
euskara- zuten helburu nagusia. Eta biek modu berezian ondratu zuten euren
aberria.
Argazkiak: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina