Ibabe Kofradiako idazkaria genuen Txema Abarrategi bapatean hil zen iragan abuztuko 20an. Heriotzaren gauzak!: hilaren 10ean izango den "kofredoen" bilerarako deialdia berak sinatua jaso dugu kideok. Euskaltzale sutsua zen, eta euskararen inguruko hainbat ekimen zor zaio. Bertsolaritza zalea genuen eta horregatik, bere oroimenez, gaurko ekarpentxo hau eskaini nahi diot. Zaude betiko bakean Txema, eta eskerrik asko egindako lanarengatik, emandako ereduarengatik... eta niri pertsonalki luzatutako laguntzarengatik.
====.====
Ibabeko Andra Mari Kofradia” liburua idatzi
nuenean (2015) zenbait zehazkizun berri aurkitu nituen, eta horietakoa da gaur
hona dakardana, Ama Birjinari bertsolari batek egindako ekarpena azalduz. Seguru nago Kofradiaren historian, bertsolari
batek baino gehiagok bere bertsoak eskainiko zizkiola Andra Mari Ama Birjinari.
Baina elkartean horietako bakar baten testigantza aurkitu dut. Hain zuzen ere,
Oñatiko bertsolari bati dagokio. Iraileko ospakizunera Kofradiak berak
gonbidatua, Arantzazuko frantziskotarren bitartez 1955ean egon zen Andra
Marin. Graziano Anduaga (1877-1965) “Gezaltzako Aitona” dugu bertsolaria, argazkikoa.
Arantzazu ondoko Gezaltza baserrian jaio zen eta bertsoetan Arrasateko San
Frantzisko elizan egon ziren Aita Garmendia eta Aita Garayalde aipatzen ditu.
Aita Garmendia – Demetrio Garmendia
euskaltzale berrobitarra- sermoilari gisa aritu zen Andra Marin, 1954ko
ospakizunean. Eta 1955ean Aita Garayalde izan zen aukeratua. Urte hartan bertan
kantatu zuen Gezaltzako Grazianok eta Kofradiak 100 pezeta ordaindu zizkion.
Irakur ditzagun bertsoak:
“Ibabeko
Andre Mariari, bertso berriak Gezaltzako Aitonak jarriak.
Andre
Marian ola daukaten/ ermita eder batian
lendabizi
aurten ikusia naiz / Aramaioko errian.
Aita
Garmendiak deitu zidan /ango jaunen izenian.
ongi
banitzan ara joateko / Agorrillaren zortzian.
Berandu
xamar iritsi nintzan / amaikataerdik aldian,
Meza
nagusi agurgarria / bukatzen zeukatenian.
Andre
Mariri nere otoitza / egin nion bere aurrian,
arrera
ona egin zidaten / ikusi ninduenian.
Ze
jai eder egiten duten / ango baserritar danak!
Ikusten
danez laguntzen die / an daukaten Birjina Amak.
Zintzo
ta zuzen danak betetzen / apaiz jaunaren esanak,
anaitasuna
gordetzen dute / orrela bizi diranak.
Konfesio
ta komunioa / lendabiziko goizian,
amarretako
gozoa eginda / Meza nausia ondorian.
Kontu
guztiak argitaratu / apaizak Meza ostian,
kontuak
esan, bertsuak entzun / bazkari ona gaiñian.
Esan
zidaten nola daukaten / antxiñako Kofradia,
noiz
eta nola jarria danik / ezaugerarik gabia.
Danak
biotzez maite dutela / daukaten Andre Maria,
eta
orobat apaiz jauna´re / guzien zuzendaria.
Esan zidaten aurresko dantza /
len ateratzen zutela,
aspaldi ontan oitura ori /
baztertuta daukatela.
Nik esan nien aldan lenena /
berriztatu dezatela,
Andre Mari naigabetuta / egongo
dala bestela.
An bezelako alaitasunik / nik ez
det iñun ikusi,
bertsuak ere izan ziraden /
egoki edo itsusi.
Kofradi orri nere gogoa / nai
diot adierazi,
gaztea banitz zuekin lagun /
ortxe nai nuke nik bizi.
Agur apaiz jaun maiteak eta /
Kofradi ortako danak,
orobat Aita Garmendia ta / Aita
Garayalde jaunak.
Osasuna ta pakea, eta / luzaroko
zorionak,
biotzetikan opa die, bai /
Arantzazuko aitonak.
Bada liburu bat, Aita Villasantek 1961an
argitaratua, “Graziano Anduaga aitonaren uzta” titulukoa, eta bertan
gure gaurko protagonista honen bizitza eta bertso zein kontakizunak azaltzen dira. Aramaioko bertsoa ez dakar liburuak eta gaurko idazkiño honek Graziano Anduagaren
uzta aberasten du.
Argazkia: JMVM
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina