Euskararen presentzia oso testimoniala izan da
historikoki Euskal Herriko komunikabideetan. Zenbait zirkulutan, EAJrekin
lotuta zeudenek, indarra eman nahi izan zitzaion euskarazko informazioari eta
izan ziren lagun batzuk korrespontsal lanetan aritu zirenak, bat ere
sistematizazio eta eskemarik gabe. Inoiz esan dut 1930-36 urteetan Arrasaten
zenbait pertsona ibili zirela euskara irakurlego abertzaleari zerbitzatu
guran. Ene uste apalean, oso emaitza on gutxirekin.
Arrasatetik euskal egunkarietara bidaltzen
ziren “txartelak” oso apalak ziren, eta albisteek zer ikusi handia zuten
jaiekin, heriotza eta jaiotzekin eta kanpotik herrira iritsitako bisiten
aipamenekin. Hala ere, noizean behin idazkiño politak agertzen dira, informatze
hutsaz haratago ailegatu nahi dutenak. Zoritxarrez, idazki horien egileak
gaitzizenen atzean ezkutatzen ziren eta ez dakigu zeintzuk ziren lagun haiek.
Bitez ondoko lerroak, dena den, haientzako omen-keinu apala. Ikus ditzagun,
gaur hautatu ditudan hiru adibideak:
San Juan jaiak iristear zeudela eta “El Dia” egunkariaren
1930eko ekainaren 3an idazten zuen “Udalaitz” bezala sinatzen zuenak:
“Erriko jaixak. Sanjuanak gañian ditugu eta diñuenez zezenketa eta musika
asko izango omen ditugu. Neuretzako bape-ezpalego lez, ba zezenketarako ez
daukat zaletasunik eta dantzatzeko berriz bixkarrian urtetxo asko”
Jaiak heldu ziren eta baita igaro ere. Horien
ondoren, “Arantza” gaitzizeneko batek “El Día” egunkariaren 1930eko uztailaren
8ko edizioan artikuluxka polit bat argitaratu zuen San Juan jaien ajeak
utzitakoaz. Irakurri, irakurri, soseguz:
“Jai ondorenak. Jaiak ere joan zaizkigu;
ez beingoan, baña joan dira. Ondorenak: zaragiak ximel zakelak ximur; gogoak
ilun kaskarrean min.
Jaietan
kanpotarrak atsegindu naiez-edo, estu xamar ibili geralako ez degu irten
aundirik egin. Jai ondorean kale jiratxo bat egin degu ta… jai ondakiñak ikusi
ditugu: kamioneta bat zaragi azalez txuntxur; leioetan, or emen, emakumeak
senar-semeen soñekoak eskobillatzen. Txaleko-poltxikoak barrukoaz gañera eginak…
ximur; zaragi-azala bezin ximur… Arrasate inguruetan gazte batzuek buruak
aizetu-naiez-edo. Jai-ondorenak esan degu: zaragiak ximel, zakelak ximur;
gogoak ilun, kaxkarrrean min.
Ori
goiz-bazkal ostean. Gero, illuntzean, berriz ere “txinda, txinda”, gogo iluna
alaitzeko, osakairik merkeena auxe nonbait. Auxe ere misterioa: ama batek ere
ez omen dio semeari San Juan biaramonean xemeiko xar bat bakarra ere
txaleko-poltxikoan arkitu, ta ala ere urrengo gabean mutillak ordaindu dutela
musika.
Eta
urrengoan neskak; baña mutillen diruz. Emakumeak eskatu ezkero gizakumeak nola
ukatu? esaten omen zuen mutil batek. Alajañetan! Ezagutzen dizkiat ba nik
emakumeai dirua ukatzen dakiten gizakumeak. Asmo oietan jarraitu dezala mutil
orrek emaztea artuta gero. Neronek omenajea gertatuko diot”
Arrasateko bizimodu arruntari zegozkion euskarazko
albisteak oso maiztasun gutxirekin argitaratzen ziren. Herrian korrespontsal
lanetan ari ziren euskaltzaleak aurki nekatu edo aspertu egiten ziren. Arrazoi
askori lepora dakieke jarioa emaritsuagoa ez izatea, baina kontuan eduki behar
dugu “Euzkadi”, “El Día”, eta euskarazko kronikak jasotzen zituzten kazetek oso
toki murritza zutela herri guztietako eskutitzetarako. Eta, gainera, Arrasate
oso urruti geratzen zen Donostiatik, eta zer esanik ez Bilbotik. Beste idazki polit bat ikusi ahal izateko
bost urtetako tartea hartu behar izan dut. Eta 1935eko urriaren 26an “Euzkadi”n
“Ikasle” izenordeko batek zioen:
“Egualdia. Oso txarra egiten digu aspaldi. Oraintxe ere,
idazki au egiten ari naizela, ez da eguzkiaren argi aundirik, eta otz. Trumoia
ta irestua bata bestearen ondoren, eta euri zaparrada gogorrak txingorraz naste.
Len argiunetxo batean ikusi det Kurtzebarri ta zuri-zuri agiri zan, txingor ala…
edur. Neguko txano zuria jantzita beinik bein, eta guk ere, txano ta berogarri atera egin bearko ditugu, otzak garbitu baiño len.“San Lukas usozale” (1) esan
oi da, baiño garai ontako ero-aize epel gogorrak etortzen ez bazazkigu,
alperrik joan dira goizean goiz Gatzaga gaiñera naiz Albinaruntz, usotza
aundirik ez dute etxerakoan izango; ez da beintzat oraindik alako zaratarik.
Aiñarak aitatzen zizkigun lengoan “Haur prodigoak”. Ba dijoazela-ta an
aletatik. Enadak! Emen aztuta gaude noiz agur egin ziguten ere. Lapurdi aldean
goxoago artzen dituzte nonbait. Gero izena ere alakoa ematen diote geienak: enadak
edo elaiak deitu bearrean, kulóndriñak
esaten bait-die geienak emen”
Niri, behintzat, kulóndriñak hitza egundo
gustatu zait (2) Eta zer esan, “Arantza”ren emakumeen aldeko aldarrikapenaz? Bikaina iruditu zait, kritika zorrotz, garratz eta zuzena. Zalantza daukat: emakumezkorik izan al zen egilea?
(1) San Lukas, urriaren 18.
(2) Arrasateko Udala, Bedoña, Garagartza auzoetan azpizurixe ere esaten zitzaion enarari.
(2) Arrasateko Udala, Bedoña, Garagartza auzoetan azpizurixe ere esaten zitzaion enarari.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina