otsaila 22, 2023

ZIGARROLAKO AXERI BASERRIA, ZAHARRENA?



 
Axeri (Axerikoa) baserri izandakoa
Zigarrolako lagun batek lehengoan galdetu zidan zein ote den auzoko erreferentzia idatzirik zaharrena. Aitortu nion hori zehaztea oso zaila dela, ezina ez esatearren, eta atzera begira jauzi handiak egin daitezkeela toki-izen eta pertsonen deituren aldetik. Baina ziur nago artxiboetako arasetan oraindik atera gabeko izenak gordetzen direla. Auskalo, beraz, zein den auzo hartako izenik adintsuena. Gerta daiteke ere, normala den bezala, idazki zaharretan grafia bihurrian jasota egotea, eta horrek konplikazio gehiago ekartzen dizkio ikertzailearen lanari.

Gaurkoan, dena den, adibide bat jarri nahi dut. Testu zahar batetik aterata, eta gainera ahozko jatorria duena, nolakotasun horrek eskaintzen duen erlatibotasun osoarekin, izan ere ahoz ahoko transmisioak aldaera sor dezake izena idazteko orduan. Baina izan daitekeen guztia alde batera utzita, uste dut adibideak – Arrasateko historia ezezagunean txertatua urrezkoa bailitzan- 1448ko Arrasateko gertaera ilunetara hurbiltzeaz gain, Zigarrolako lagun horrek galdetutakoari buruzko argitxo piska bat dakarrela. Goazen gunera.

Mondragon sortu zeneko zazpigarren mendeurrena ospatzeko, 1960ko maiatzaren 22an Udaletxean Manuel Lekuonak hitzaldi bat eskaini zuen (1) Diodan berezko titulua “Mondragoe sutan. 1448” izan zela.

Lekuona adituak bertsio bitxi bat eman zuen hitzaldian, Zigarrolako baserriei dagokienez XV. mendera arte eramaten gaituena. Eta lerro txiki batzuetan oiartzuarraren tesia aldatu nahi dut hona, hitzaldi hartatik hartuta. On Manuelek dio, 1448ko Arrasateko erreketaren ondorioz entzutetsu egin ziren bertsoetako bat azalduz:

Oin-orrazian luma

Ozaetako Jaun gazteak

laster baten igaro zan

uraz alde bestean.

 

Uraz ara igaro zan

Oñeztar seme lasterra;

Ara-bere lasterrago

Abendañuye “motela”

 

Eskerrik asko ematen deutsat

Andra Santa Mañari

Bera Axeitzan sartu-ta

Etsera bidaldu nau ni.

Abendanuye jarraitzailea itsumustuan oker-bidera eramanez… eta mutilla bere etxera,
Bergarara. Non izan zan, ordea, Abendañuyeren oker-bideratze ori? Santa Maña eliz izandakoaren aurrez-aurre antxen dago, ain eroso, Bergara-bidean, gaur oraindik Aixerixa edo Aixerija deritzan baserri bat. Uraxe ote-dan koplak axeitzat diona, guk pentsatzen. Koplak berak “sartuta” bait-dio… etxeren batean, alegia.”

Lekuonak Axeitza hitzean Axeri irakurtzen du, hots, Zigarrolako bihurgunean oraindik ere zutirik dagoen eraikina. Eta hori azpimarratzeko guran nonbait, “uraz alde bestean” kantatu zuen bertsolari ezezagunak XV. mendean. Hau da,  Bergararantz ihesean zihoan Ozaetako Jaun gazteak – oñaztarra- zubia igaro ondoren bere bideari segitu ziola, atzetik zetorkion Abendañoko “motela” ganboarra zubia pasatu ondoren Axeri baserrira sartzen zen bitartean, iheslaria atzemateko asmoz.  Bergarakoa - “Etsera bidaldu nau ni” - libre geratu zen.

Eta Lekuona euskaltzale handiak - Zigarrola, Axeri eta San Isidro eliza Jose Luis Iñarra erretorearen eskutik ezagutzen zituena bertatik bertara- bere tesian Axeri baserriaren lehen agerpen publikoa markatzen du. Lekuonaren bertsioari askoz logika gehiago ikusten diot, Luis Mitxelena goi hizkuntzalariak bere "Textos arcaícos vascos"enean eskainitakoari baino. 

(1) Udal publizitate-orrian hitzaldiaren titulua agertzen da “El incendio de 1448” nahiz eta kako artean “Conferencia en vascuence” dioen. Berbaldiaren atal desberdinen deskribapena ere badakar… baina hizlariaren izena ahaztu zitzaien. Gertatzen dena da.

Argazkiak: Zuriñe, JMVM

2 iruzkin:

  1. Kaixo Josemari, neuk topau ditxudan datuen arabera, 1342an Lope Sanchez d'Alçivar aipatzen da. Beraz, suposatu neike Altzibar baserrixa izan leikela Axeri baino zaharraua. Hala ta be, artxibotan gordetzen da historiaren zati oso txiki bat eta dakitzun moduan ikertu dogu oraindik proportzio txikiagoa. Oso interesgarrixak izan leikez dendrokronologiaren ikerketak, geure baserrixetako egur egiturek sorpresa asko godetzen dituztela dakit. Besarkada bat!

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Aupa Arantza! Nioena, arakatuz gero ziur ateratzen direla izen gehiago. Artxiboan zain daude! Segi GOGOTSU.

      Ezabatu