Luis Heriz Telleria Real Sociedaden elastikoarekin |
Arrasateko futbol historian ditugun jokalari nabarmenen artean toki bat derrigorrez utzi behar zaio Luis Heriz Telleriari. Iragan mendeko berrogeitamarretan estatuko futbol zelairik garrantzitsuenetan erakutsi ahal izan zuen bere kalitatea, lehen mailako taldeeekin. Hurrengo lerroetan Herizen biografia labur bat dugu.
Estrella taldearen elastikoarekin, 1942 inguruan, Maalan. |
Arrasaten jaio zen 1928ko abuztuaren 8an, eta gazte-gaztetatik futbolak eta txirrindularitzak tiratu zuten, azkenik ostikoaren kirolari indar osoz heldu bazion ere. Herriko “Estrella” izan zen bere lehen ekipoa, Mondragon C.Fera pasatu aurretik.
Zutik, ezkerretik: Azkargorta "Monty", Arizaga “Txanbolin”, Arana "Cano", Azpiazu, Ramon Heriz, Sologaistoa, Fertxu Aranburu, Aranburu, Madinabeitia (entrenatzailea) Makurtuta ezkerretik: XX, Mendizabal, Luis Heriz, Roa (laguntzailea) Errasti. 1943-44 denboraldikoa izan daiteke Mondraren goiko argazkia, Maala futbol zelaian aterata.
Karrera meteorikoa egin zuen Herizek, izan ere bere doaiak ez ziren ezkutuan geratu. Logroñoko Maestranza Aérea ekipoak fitxatu zuen 1945-46an denboraldirako, hirugarren mailan aritzeko. Ekipo hartan beste bi mundrautarrekin egin zuen bat: Imanol Zeziaga “Divino I” eta Angel Arregirekin.
Logroñoko Maestranza Aérea taldean. Hiru arrasatear |
Maestranza Aérea ekipoan. Makurtutakoen artean, eskuinekoa Luis Heriz da eta bere ondoan Angel Arregi. Zutik, eskuinean ere, Imanol Zeziaga “Divino I” Ekipo hartatik hiruek jauzi kualitatibo nabarmena egin zuten. Arregiri eta Divinori eskainitako kapituluetan daude jasota euren ibilbideak, eta diodan Luis Herizen kasuan, Logroñoko aldi hartan urtebete bakarra egin zuela, Real Sociedadek eraman baitzuen Donostiarantz, 1946-47 denboraldirako. Donostiarrak bigarren mailan ari ziren.
Donostiako lehen urte hartan beste bi arrasatearrekin aritu zen: aipatutako Arregi – Maestranzatik ere Gipuzkoako hiriburura aldatu zena- eta ordurako donostiarren izar nagusia zen Patri Egidazu “Patri”. Hamazortzi urte zituen Heriz arrasatearrarentzat oso urte ona izan zen, titular bezala bederatzi partidu bakarrik jokatu bazituen ere.
Debuta 1947ko azaroaren 17an egin zuen Atotxan. Bezperako prentsak zioen: ”Recuerden los aficionados la modestia del debutante y no se olvide que el hecho de su presentación en Atocha no es la seguridad de que el muchacho esté preparado para encuentros de responsabolidad, sino que las circunstancias mandan que se pida su colaboración en el primer equipo” Arerioa Zaragoza zen eta donostiarrek 2-0 irabazi zuten. Partiduaren kronikan irakurtzen da, Herizi kapitulu bat eskainiz: “También se produjo en forma espectacular el tercer gol realista, iniciado en una jugada, la más acabada, de Hériz, autor básico del tanto que cerró el marcador. Una internada recogiendo el esférico casi en la banda; un centro templado sobre la portería, salvando en la trayectoria la defensa contraria y una entrega en bandeja a Vázquez que la aprovechó con éxito desviando el balón con un cabezazo cruzadísimo que acabó en las mallas. En esta jugada descubrió Hériz una de las muchas cosas buenas que dejó entrever a lo largo del partido”
Esan dudan bezala, erreserba gisa aritu zen gehien bat Heriz, baina norgehiagoketarik garrantzitsuenean ipini zuen konfiantza Benito Diaz donostiarren entrenatzaileak eta denboraldiko azken partiduan, Murciaren kontra Madrileko Metropolitano futbol zelaian urrezko mailara igotzeko finalean, bi arrasatearrek lortu zuten helburu preziatua, modu bereziz nabarmenduta gainera.
Metropolitanon, 1947-06-8. Bi arrasatear, Patri eta Heriz |
Ondoko argazkian ikus daiteke Real Sociedaden alineazioa Metropolitanon 1947ko ekainaren 8an. Patri zutik bigarrena ezkerretik. Eta makurtuta, Heriz, bigarrena eskuinetik. 1947ko ekainaren 8a zen, eta Errealak honako ekipoa aurkeztu zuen: Galarraga; Etxaniz, Markuleta; Ontoria, Patri, Urra; Perez, Campos, Vazquez, Heriz eta Castivia. 2-0 irabazi zuten txuriurdinek, eta bigarren golari buruz hauxe zioen prentsak: “30 minutos del segundo tiempo; avanza toda la delantera, centra Castivia sobre Hériz, quien deja inteligentemente pasar la pelota a Campos quien remata el tanto”
Igoera zela eta, prentsak zioen kanpaina osoko benetako zutabea Patri arrasatearra izan zela. Baina ez ziren falta izan, Heriz gaztearentzako laudorioak Metropolitanoko jokoari zegokionez: ”… remates peligrosos del joven Heriz, al que dejaron suelto por su cuidado desmarcaje”
Bitxikeria gisa, diodan Donostiako jokalariei eskerroneko keinu bat egitearren, herri mailan diru bilketa bat egin zela. Gaur egungo ostikalarien antzera!
Real Sociedad-Athletic Bilbao, 1947-06-15, Atotxan |
Igoeraren ondoren, Errealak Bilboko Ahtleticen omenaldia jaso zuen eta ekainaren 15ean lagun arteko norgehiagoketa izan zen Atotxan, Ondoko argazkian bi taldeak agertzen dira eta goiko lerroan, bosgarrena Heriz da eta zazpigarrena Patri (gorriz markatuta). Donostiarrek Metropolitanoko ekipo berdina atera zuten eta bilbotarrak hauexek izan ziren: Lezama; Fernandez, Gainza I; Zelaia, Bertol, Nando; Iriondo, Panizo, Zarra, Iraragorri eta Gainza II. Hura zen ekipoa! 1-3 irabazi zuten Athleticekoek. Bi arrasatearrak estatuko futbolaririk ospetsuen artean genituen.
Donostiako herriak ere harrera ekitaldi handia egin zien txapeldunei eta argazkiak darakutsan moduan bertan ibili ziren Heriz eta Patri, azkena, gainera, txuriurdinen kapitain gisa, txapeldunen garaikurrarekin..
Patri, garaikurrarekin; bnere ezkerrean Heriz |
Lehen mailako futbola itzuli zen Atotxara 1947-48 denboraldian, eta aurreneko partidua 1947ko irailaren 21ean izan zen, Valenciaren kontra. Heriz titular bezala atera zen baina gauzak ez zitzaizkion ondo joan eta donostiarrek 0-2 galdu zuten. Haren ondorioz, beste hiru partidutan bakarrik agertu zen arrasatearra hamaikako titularrean.
Oso txapelketa txarra egin zuen Errealak eta bigarren mailara jaitsi zen; Heriz desagertua zegoen hamaikakotik eta Patri, prentsaren arabera, “inconmensurable” amaitu zuen denboraldia. Urte hartan Luis Herizi soldadutza egitea iritsi zitzaion eta futbolari utzi behar izan zion. 1950-51 kanpainan, Erreala berriro lehen mailan, Donostiako taldera itzuli zen baina partidu bakarra egin zuen. Huraxe izan zen txuriurdinekin jokatu zuen azkena.
1951-52 denboraldirako, bigarren mailan ari zen Logroñesek fitxatu zuen arrasatearra. Eta errioxarrekin debutatu zuen… eta hogeita bederatzi partidu jokatu zituen, txapelketako guztiak bat ezik. Logroñesek sekulako denboraldia egin zuen, baina ez zuen helburua lortu ahal izan zuen: lehen mailako atarian geratu zen.
Goiko argazkian, 1951-52 denboraldiko Logroñesen taldea; Heriz makurtuta, bigarrena ezkerretik. Egundoko jokoa egin zuen arrasatearrak urte hartan, hamaika golen egilea izan zen eta lehen mailan ari zen Valladolidek sarea bota zion. Eta Zorrilla futbol zelaira aldatu zen Heriz, zerumuga berrien bila.
Bi denboraldi egin zituen Pisuergako hirian, estatuko futbol mailarik gorenean. Lehenean, 1952-53, hogeita hamar partidu ofizialetatik hamabostetan azaldu zen titular moduan arrasatearra. Ziurrenik, nahiz eta galdu, gogoan izango zuen Herizek beti, 1953ko apirilaren 26an Zorrillan lehiatutako norgehiagoketa, Barcelona handiaren kontra. Azken emaitza 0-1 izan bazen ere, kronikek nabarmendu zuten Valladolideko mutilen joko bikaina.Arratsalde hartan Herizen ekipoa honakoa izan zen: Goikolea; Matito, Lesmes; Losco, Ortega, Lasala; Canovas, Coque, Tini, Ricardito eta Heriz.
Barçaren aldetik, berriz: Ramallets; Hanke, Biosca; Seguer, Flotats, Bosch; Basora, Cesar, Kubala, Moreno eta Manchon.
Zazpi egun geroago Barçak Liga irabazten zuen, denboraldi borobilaren ondorioz. Valladolid hamargarrena izan zen sailkapenean. Luis Herizek irudi ona irradiatu zuen Valladoliden emandako bi urteetan. Oraindik ere, Jose Mari Arzamendi mediku arrasatearrak gogoratzen du, partidu egunetan berak eta Alfontso anaiak – biak ikasle hango Unibertsitatean- bisita egiten ziotela Herizi, sarreren bila. Jose Marik dioenez, Heriz oso jokalari trebea zen, eta dena ematen zuen zelaian.
1953-54 denboraldian, ordezkoen zerrendan egon zen Heriz, sei partidu bakarrik jokatu ahal izan zituelarik. Horietako bat 1953ko urriaren 18an Jaenen, ondoko argazkia, lehen mailara igotako hiriko ekipoaren kontra. Andaluziarren izarra Angel Arregi zen, Herizen taldekide ohi arrasatearra, baina hura lesionatua zegoen eta ez zen aritu ahal izan. Herizek – beheko argazkian zutik hirugarrena eskuinetik- atzeko lanetan ihardun zuen Jaenen.
Valladolid, Jaenen, 1953-10-18 |
Avileseko entrenamendu batean |
Aviles izan zen Luis Heriz arrasatearraren azken geltokia futboleko bere ibilbide profesionalean. Hamazazpi urterekin atera zen jaioterritik eta hogetazazpirekin itzuli zen, futbol eskarmentu aberatsaz motxila beteta.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina