maiatza 25, 2022

KROSSA ETA MORALA. Duela ehun urte Arrasaten


 Club Deportivo Mondragonek futbolez haratago ireki zuen bere ekintza 1922an eta maiatzaren 14an kross lasterketa bat antolatu zuen, herriko kaleetatik zehar, 16 urtetik azpiko gazteentzat.  Bi kilometro inguru egin behar zituzten parte hartzaileek, irteera Azokan - gaur egungo Sebero Altube plazan- zegoela, Erdiko kaletik Gazteluondoraino igotzeko eta Ferreriasetik jaitsi ondoren, ostera Resustatik Gazteluondora igo eta Erdiko kaletik Azokara iristeko.

Arrasaten inoiz antolatutako kirol erakuspenik handiena izango zela zioen prentsak. Egia da Arrasate ez zela garai hartan oso kirol zale – gogoratu 1916tik deseginda zegoela futbol taldea eta pilota zela herritarrentzat tiroi apur bat zuena, Mondragonés txapeldunaren haritik. Beraz, ohikeriatik ateratzeak bazuen halako erakarpen puntu bat gazteentzat.  Eta uste dut han ibili ziren gazte korrikalariek – denak mutilak, noski- norgehiagoketarako ausardia erakutsi zutelako, euren izenak gogoratu behar ditugula: Luis Ibañez, Damaso Azkoaga, Rufino Azkoaga, Isaias Abarrategi, Esteban Zaitegi, Joakin Balzategi, Alejandro Ugarte, Bonifazio Garay, Sabino Lasaga, Manuel Palacios, Felix Azkoaga, Leandro Agirre, Pedro Gallastegi, Luis Arrieta, Manuel Egiluz, Frantzisko Vitoria, Luis Otxandiano, Tomas Alegria, Jesus Oyanguren, Bixente Ugarte, Pedro Irusta, Oskar Basaguren, Luis Hierro, Ignazio Fuldain, Jesus Bastida, Rikardo Zeziaga, Felix Lasagabaster, Karlos Garro, Jesus Barrena eta Martin San Pedro.

Sailkapena honela geratu zen: Sabino Lasaga, Manuel Palacios, Damaso Azkoaga, Luis Ibañez, Joakin Balzategi eta Pedro Irusta. Club Deportivo Mondragonek sariak banatu zituen hobeen artean.

Auskalo orain azaltzera natorren gaiak zerikusirik duen aurrekoarekin. Kasualitatea al da kross lasterketa eta udaletxean biharamunean gertatutakoa kronologikoki elkarren ondoan joatea? Irakurleak atera beza ondorioa.

Udal zinegotzien osoko bilkura bat izan zen maiatzaren 15, astelehena, eta mahai gainera ateratako gaien artean izan zuten bat, Maiztegi zinegotzi abertzaleak proposatutakoa. Horren iritziz, San Juan jaietako zezenketetarako udal diruetatik 1.200 pezetako diru laguntza ematea guztiz ez zuzena zen. “Se trata de un espectáculo eminentemente inculto e inmoral” adierazi zuen Maiztegik.  Arzamendi alkateak erantzun zion krossa eta - artekarien presentzia zela eta- pilota partiduak ere inmoralak zirela. Eztabaida sortu zen zinegotzi proposatzaile eta alkatearen artean. Azkenik Maiztegik planteatu zuen 1.200 pezeta haiek, zezenetarako eman ordez Club Deportivo Mondragonek jaietan kirol ekintzak antolatzeko erabakitzea. Bozketa egin zen eta bost zinegotzi zezenketen alde agertu ziren eta lau kiroletarako.

Gauza hor geratuko zen, prentsako korrespontsal batek bere kronikan idatzi izan ez balu: “¿Podrá decirnos el señor Arzamendi dónde está la inmoralidad del cross-country y del partido de pelota? Hacer una afirmación de este calibre, sin que luego vengan pruebas, nos parece lastimoso e improcedente”

Domingo Arzamendiren erantzuna ez zen berandutu eta eskutitz bat bidali zion egunkariaren herriko kazetariari. Alkateak bertan zioenez, bera ere izan zen prentsa korrespontsala bost urtez eta horrek animatzen zuen galdegileari erantzun ematera. Eta beste zenbait azalpenen ostean, Arzamendik azaltzen zuen:

Los espectáculos profanos están desnaturalizados, es difícil o imposible hallar unos festejos que resulten agradables para la Iglesia nuestra Madre… Y añadí que aun los partidos de pelota y el cross country, tal como se juegan ahora, tienen mucho de inmoral. Para demostrarlo me basta invitar a que se lean las crónicas de pelota y deportes. Pero ya sé la objeción que se me hará: “!Que se supriman las traviesas!” Sí, ¿pero el esfuerzo excesivo y, por consiguiente, el riesgo de salud y hasta de la vida? “Que se evite también!”

Está bien. Suprímanse estas inmoralidades y otros pequeños lunares que se notan en esos juegos y estos serán los espectáculos más puros del mundo, de los cuales seré yo un entusiasta apologista”

Ehun urte eman dira ordudanik. Domingo Arzamendik bere pentsamolde kristau integristatik egiten zituen aitorpenak. Baina mende oso bat igaro ondoren, Arzamendi gogoratzen dut sarritan, kirol espezialitate guztiak zertan bilakatu diren ikusita.

Argazkiak: JMVM

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina