Entzun al duzu inoiz “La Peregrina” harribitxiaz ezer? Horrela esanda, ezta?... Baina jartzen badut, XVI. mendez geroztik erregina eta emakume ezagun batzuek euren lepoan luzitu dutela? Orain beharbada zertxobait gehiago gogoratuko duzu. Eta gehitzen badut 2011an Elizabeth Taylor jabea hil ondoren 9 milioi euro ordaindu zirela harribitxi hura erostearren? Orain, ziur nago baietz, ezaguna egiten zaizula. Baina, nork daki harribitxi horren eta Arrasate (Mondragón)en artean badela erlazioa? Horixe azalduko dut hurrengo lerroetan.
“La Peregrina” bataiatu zuten, XVI. mendearen
lehen urteetan Margaritako uhartean aurkitutako harribitxia. Ameriketatik
Espainiako Felipe II.ren eskuetara heldu zen eta horrek Maria Tudor erreginari
oparitu zion. Horren heriotzan berriro Espainiako erregearen andreari itzultzen
zaio harribitxia eta 1808an Jose Bonaparte Espainiako errege izendatzen denean
bere begiak “La Peregrina”n jartzen ditu eta bost urte geroago Espainia utzi
behar izan zuenean berarekin eraman zuen, goi balioko beste hainbat ondasunekin
batera. Handik gutxira bonapartetarrek Ingalaterrako Hamilton sendiari saldu
zioten. Horrek enkantean jarri zuen harribitxia eta Richard Burton aktoreak erosi
zuen 37.000 dolar amerikarretan, Elizabeth Taylor bere emaztearentzat. 2011an
Taylor aktoresa hiltzean erosle anonimo batek 9 milioi eurotan erosi zuen “La
Peregrina”
Orain goazen Arrasate (Mondragón) eta “La
Peregrina”ren arteko erlazioarekin. Egia esan behar badut, fikziozko harremana
da, 1855ean Pariseko “La Sylphide” aldizkarian Augustin Challamelek
argitaratutako istorioa baitugu. Chalamell (Paris, 1818-1894) historialaria zen,
eta, itxura denez, fikzioa ere atsegin zuen, “La Peregrina”ren inguruan ipuin
labur bat idatzi baitzuen urte hartan, "La pérégrine" tituluarekin, harribitxia bera bezain bitxiak ditugun
osagai batzuekin apainduta. Behean datoz “La Sylphide” aldizkariaren
erreprodukzioak, frantsesaz, baina ahaleginduko naiz istorioaren laburpentxo
bat egiten.
Challamelek, jauzi historiko batez, atzeratu egiten du gertaeraren data, eta Frantziako Luis XIV. erregearen agintaldian kokatzen du, konkretuki 1706an. Areago, kontakizunaren amaieran Eguzki
Erregea – le Grand roi- bera agertzen da.
Challamelli erosoago egingo zitzaion, nonbait, istorioa mende bat atzeratzea,
finean bonapartetarren lapurreta baten deskribapen erreala ari baitzen egiten,
hori bai frantziar ikuspuntutik idatzia, lapurrak eurak izatezko sentimendu bat ere
gabe.
Challamelek, jauzi historiko batez, atzeratu egiten du gertaeraren data, eta Frantziako Luis XIV. erregearen agintaldian kokatzen du, konkretuki 1706an. Areago, kontakizunaren amaieran Eguzki
Ingalaterrako Maria Tudor, "La Peregrina"rekin |
Istorioaren haria Madrilen hasten da, Felipe
V. erregearekin – Luis XIVren biloba- Borboien soka luzearen lehen kidea. Hark
ematen du “La Peregrina” Espainiatik ateratzeko agindua. Hau bai
kasualitatea!... lehen borboiarekin ekin zitzaion espolioari… gaur egunera arte
heltzen dena. Eta Challamelek Felipe V.ren emazteak Luis XIV frantziarrari bidalitako
eskutitz baten berri ematen du:
“Arrazoi
osoa zuen Espainiako erreginak; garesti ordaintzen zuen iraganeko handitasuna.
Agur dantzei Madrileko jauregian; amaitu ziren Retiroko ibilaldiak; ahaztu
betiko plazerak, harrotasuna, nagusitasuna. Erreginak bere bitxitegia salbatu
behar du eta horretarako Luis XIV.k bidalitako pertsona baten bitartez egingo
du. Horrek ipiniko ditu salbu errege-erreginaren ondasunak Versaillesen”
Harribitxien arten “La Peregrina” zegoen,
"sekulan ikusitakorik ederrena" Baina Madriletik Pariseraino iristeko Euskal
Herritik igaro behar zuen pertsona Vaset izeneko errege-mandatariak, eta euskaldunen artean
lapur asko zirela idazten du Challamelek, lapurtzen ari zirenak frantziarrak
zirela ahaztuz, nonbait. Eta Vasetek zaintzako soldadu asko eraman zituen
berarekin, lapurrei aurre egin ahal izateko. Gasteizera iritsi ziren. Hurrengo
geldialdia Arrasaten zegoen. Bidean, ordea, lapurrak ei ziren nagusi eta kontuz
ibili behar zuten gabatxoek.
Gasteizen ostatu batean lojatu ziren eta Vaset
bere logelan zegoela neska baten kantua aditu zuen, “Ni naiz Peregrina” esaten
zuena. Harrituta, kalera atera eta neskarekin hasi zen hizketan. Orduan jakin
zuen Vasetek espainieraz peregrina
pertsona arrotzari esaten zitzaiola eta neskaren benetako izena Madeleine Ferlanges
zela, Tarbes inguruko herri batean jaioa. Neskari gaitzizenez Peregrina esaten
zioten Gasteizen. Ostatu hartan ari zen lanean… eta Arrasateko lapur bat –
Marcosta izenekoa- zegoen maitemindua neska hartaz. Gau hartan bertan Marcosta
ostatuan azaldu zen, Madeleineri adieraziz:
“Nire
bizitzaren izarra: ia-ia arratsaldero dantza biziak eta ederrak diren eta ni
bizi naizen Arrasateraino joan ahal zaitezen, oraintxe emango dizut nire
benetako maitasunaren testigantza: euskal mendietan aske ibili ahal izateko
igarobidea. Nire lagunek aske utziko zaituzte paper hau irakurtzean: “Utzi
Peregrina libre. Baditut nire arrazoiak”
Gertatu zen Vaset hurrengo goizean
Arrasaterantz abiatu zela baina Gipuzkoa aldera heldu zenean Marcostaren eskuetan
jausi zen, eta zeraman guztia ostu zioten. Preso geratu zen. Madeleine
Ferlanges “Peregrina”k – Vasetez supituki maitemindua, nonbait- haren atzetik
jo zuen eta bera ere Marcostak atzeman zuen. Challamelek idatzi zuen:
“Gaizkileak
esan zion Espainiako erregina baino aberatsagoa egingo zuela Arrasaten. Eta
denen aurrean adierazi zuen neska hura bere emaztegaia zela eta ahalik eta
lasterren ezkonduko zirela Arrasateko parrokian. Peregrinak ez zuen ezer erantzun
eta bazirudien ados zegoela Marcostaren adierazpenarekin”
Baina Peregrina eta Vaset elkarrekin egon ahal
izan ziren unetxo batez eta neskak esan zion berak asmatuko zuela zerbait biak
handik alde egiteko. Eta horrela gertatu zen. Lehenik, Mascorta arrasatearra
konbentzitu zuen Vaset libre uzteko; ez bakarrik hori baizik eta gaizkileak 50
ogerleko eman zizkion frantziarrari bidaiako gastuetarako. Eta gero, Peregrinak
bere maitalea hitz lausengarriekin erakarriz, elkar bizitzari ekin behar
ziotenez gero frantziarrei kendutako harri bitxiak jantzi nahi zituela
esan zion. Baietza eman zion Mascortak eta lepoan, besteak beste, “La Peregrina” izenekoarekin ageri zen Madeleine
bere senargaiaren aurrera, arrasatearra neskaren edertasunak itsutua geratuz.
Halako batean Mascortak alde egin behar izan
zuen euren ezkutalekutik eta Madeleine aprobetxatu zuen, gaizkile haietako
baten laguntzarekin, berak ere hanka egiteko, eta Arrasate eta Oñatitik zehar
Tolosaraino ailegatu zen. Bertan zegoen Vaset frantziarra “La Peregrina”
zeraman Madeleineri itxoiten. Eta biak Frantziako muga igaro eta Pariseraino
joan ziren. Challamalek honela amaitzen du ipuina:
“Neskak
Pirinioak utzi zituen atzean, “La Peregrina” zeraman Luis XIV.aren bidaliaren laguntasunean,
eta Versailleseraino heldu ziren. Bertan Errege Handiak, abenturaren
deskribapenarekin mutu, dote eder bat eman zion neskari, horrek Vasetekin konpartitu
zuena”
Polita, ipuin bezala. Errealitatean modu
gordinagoan ostu zuten frantziarrek “La Peregrina” 1813ko ihesaldi basati
bezain eroan. Agian, Arrasatetik igaro zen, baina horrezaz ez du historiak ezer esaten. Edozelan ere, benetako lapurretak beste ipuin baterako gaia emango luke.
Argazkiak: Wikipedia
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina