Jose Martinez de Ubago |
Futboleko entziklopedietan hirugarren edo
beheragoko mailetan agertzen dira klubetako presidenteak, eskandaluren bat ez
bada tartean. Klubaren kudeaketak normaltasuneko koordenaden barruan izan
denean, normalean, itzaleko protagonistak ditugu elkartearen lehen agintariak.
Arrasaten ezin zitekeen salbuespenik izan. Gaurkoan pertsonaia horietako bati
eman nahi diot toki, herriko futbolaren historian merezimendu osoz irabazi
baitzuen bere oroitzapena geroko belaunaldietan ere bizirik irautea.
Jose haurra, eserita bigarrena ezkerretik, Aranorekin. |
Jose Martinez de Ubago Milikua dugu gaurko
protagonista. Norbaitek esan lezake izan direla beste presidente batzuk,
karisma handiagorekin. Ez noa horretara sartzera. Dakidana da Martinez de
Ubagori egokitu zitzaiola une zailak eta erabakigarriak bizitzea eta bere
jakituria osoa ipini zuela klubaren kudeaketan. Batzuetan garaile atera zen eta
askotan osasunarekin ordaindu behar izan zuen.
Jose Martinez de Ubago Arrasaten jaio zen
1907ko apirilaren 14an eta Felix Aranoren eskolan ikasi zuen. Aita medikua zen
eta anaia Luis, odontologoa, futbolean aritu zen iragan mendeko hogeietan,
herriko taldean. Josek, futbolarekiko grinak bultzatuta eta sekulan praktikatu
ez zuen arren, kudeaketa lanetan ihardun zuen gazte-gaztetatik. Gerra aurretik, 1930-36 bitartean, orduko presidenteen
taldeetan aritu zen, diruzain gisa. Martinez de Ubago, kontablea Roneon,
zenbakietan genuen aditua eta urte
luzez Arrasateko futbol taldearen diruak administratzen zituen.
Joxe Errastiri eginiko omenaldian |
Gerra ostean, 1942an, Juventud Deportiva
Mondragón sortu zen. Lehen presidentea Jose Aiala izan genuen, eta 1946an
Martinez de Ubagok jarraitu zion karguan, 1954ra arte. Eta bere
agintaldi hartan futbol arrasatearrak titulu batzuk irabazi zituen lurralde arloan,
1952-53 denboraldian hirugarren mailan aritu zelarik, lehen aldiz. Hurrengo
denboraldian utzi zuen lehendakaritza Martinez de Ubagok, baina ez zen sekula
futbol girotik aldendu.
Iturripe berrian, 1966an |
Juventud Deportiva Mondragónek krisia bizi
izan zuen bere baitan hirurogeietako erdialdean eta beste klub bat martxan
jartzea erabaki zen: Mondragón Club de Fútbol. Lehen batzar nagusian Jose
Martinez de Ubagorengana itzuli ziren begi guztiak, erakunde berriaren
lehendakaritza hartzeko. 1965 zen eta Martinez de Ubagok erronka berriari ekin zion.
Hiru urtez ihardun zuen gorengo karguan.
Martinez de Ubagoren presidentzia desberdinetako
kudeaketa estiloan zuzendaritza lana izan zen nabarmenena eta Arrasaten urte
haietako kirol esparruetan mugitzen ziren pertsonengana jo zuen, laguntza bila.
Horrela, Gaspar Ezkurra, Pako Marteatxe, Valentin Gonzalez, Miguel Laspiur, Vicente
Sagasta, Zezilio Iturraspe, Fernando
Aguriondo, Pablo Zubillaga eta beste batzuen ezagutza aberatsarekin aritu ahal
izan zen.
Ikusle bezala, 1950 inguruan |
Martinez de Ubagoren bi aldietan ibilitako entrenatzaileen
artetik Joxe Errasti eta Juanito
Arriaran ditugu nabarmenenak. Jokalariei
dagokienez, berriz, asko eta onak dira haren lehendakaritzapean aritutakoak.
Eta esango nuke guztiengan oso oroitzapen onak utzi zituela. Jose Ignazio
Zaitegi da Martinez de Ubagoren bigarren
aldiko jokalari haietako bat eta berak honela deskribatzen du bere presidentea:
“Gizon erantzule, langile, serioa. Pertsona
bezala bikaina eta jokalari guztienganako hurbiltasun handia erakusten zuen.
Entrenamenduetan egon ohi zen eta gutariko norbaitek saioetara joateko lan
arazoak bazituen, presidentea ahalegintzen zen haiek ezereztatzen. Maite genuela esango nuke …”
Rafaela
Ruiz de la Cuestarekin ezkondu zen Jose Martinez de Ubago eta lau seme alaba izan zituen bikoteak:
Karmen , Pilar, Jose Luis eta Maria Jesus. Udalpe elkarteko bazkidea genuen eta futbolaz
gain musika zuen atsegin – Justo Munarriz musika bandako zuzendariarekin
egunero jarduten zuen solasean- eta zinea. Gerra ondoren eta jubilatu arte La
Industrial Mondragonesako administrazio burua izan zen.
Bizitzak ez zion jubilatu ondoko atsedenerako
1965-66 denboraldiko lehen entrenamenduan |
aukerarik eman, 66 urterekin hil baitzen, 1973ko apirilaren 19an. Ostegun Santua zen eta biharamunean
egin zuten ehorzketa, hiletak astelehenean izan zirelarik. La Voz egunkarian irakur
zitekeen heriotzaren gaineko albistea Berpizkundeko Igandean:
“Después
de larga enfermedad ha dejado de existir don José Martinez de Ubago Milicua,
persona que en vida fue un perfecto caballero y muy estimado por todo el
pueblo. Muy querido de cuantos directivos, entrenadores y jugadores que
desfilaron por el club durante su mandato al frente del Mondragón Club de
Fútbol. Pertenecía a la Junta de la Federación Guipuzcoana de Fútbol y por su
entrega total al deporte había conquistado varias medallas del Mérito
Deportivo. La consternación causada en el pueblo ha sido tan grande que la
conducción del cadáver fue una imponente manifestación de duelo”
Igande
hartan Gipuzkoan jokatu ziren partidu guztietan jokalariek besoko beltza eraman
zuten Martinez de Ubagorengatik.
Argazkiak: JMVM, Martinez de Ubago Ruiz de la Cuesta sendia, Carmelo Letona
ARRASATEKO FUTBOLARI BURUZ GEHIAGO
EZAGUTZEKO - PARA CONOCER MÁS SOBRE EL FUTBOL DE MONDRAGÓN
https://txemax3.blogspot.com/2022/01/futbola-arrasaten-istorioak.html
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina