urria 04, 2017

JULIAN UNZUETA. TRANTSIZIO POLITIKOA ARAMAION


Julian, gaurregun
Ekarpentxo honen tituluarekin idatzi dut dokumentu txiki bat beste arrazoi batengatik, eta hona dakart Julianen nondik norakoa ulertzen hoberen lagunduko digun tartetxo bat. Julian Unzueta Etxebarria Aramaioko Seme Kuttuna izendatu dute herrian. Beraz,bitez ondoko lerroak Julian omentzeko bitartekaria. Eta hasteko egin dezagun salto bat denboran, Julianen aitajaun-amandrearekin topo egin arte.


Salesan baserriko Domingo Etxebarria eta Paula Altuna senar-emazteak zazpi alaba izan zituzten: Isidra, Felisa, Kristina, Felipa, Maximina, Josefa eta Margarita. Nagusia, Isidra (1899) Meltxor Unzueta Kortabarriarekin ezkondu zen 1923an, eta bikotea Salesanera joan zen bizitzera, emaztearen guraso eta anaia-arreba ezkongeekin. Meltxorri egokitu zitzaion baserriko lan gogorra eta aitaginarreba bizi izan zitzaion bitartean haren esanetara ibili behar izan zuen.

Meltxor eta Isidrak bederatzi seme-alaba izan zituzten: Kristina (1924) Juanita (1925) Paula (1926) Julian (1929) Antonio (1931) Miren Ineke (1932) Miren Karmele (81) Frantzisko Javier (1938) eta Florentzio (1941) 

Meltxor Unzueta 1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeetara aurkeztu zen, EAJren taldekide moduan, eta hautatua gertatu zuen zinegotzi moduan eta udaletxean iraun zuen 1937ko urtarrilaren 10era arte.

Oso une zailak ziren aramaioarrentzat. Gerra jotzen ari zen izkina guztietan. 1937ko apirilean frontea Aramaioko inguruetara heldu zen. Berarekin zer gertatuko ote beldurrak jota, Meltxor Unzuetak Bilbo aldera alde egin zuen. Sendia sakabanatu egin zen. Julian semea –zazpi urterekin-  amari laguntzeko geratu zen baserrian: bera zen gizonezko bakarra. 

Julian Unzueta 1929ko uztailaren 18an jaio zen Salesan baserrian. Eta baserri kulturan murgildu zen lehen ordutik, txikitatik egokitu baitzitzaion lanerako ardura. Erantzule izatea umetatik ikasi zuen, beraz. Aipatu dut gorago aita Meltxorrek gerra garaian etxetik alde egin beharrak salesandarrengan adierazi zuena.  Frankistak Aramaiora sartu zirenean zazpi urtetako mukizu bat zen Julian baina, hala ere, amaren laguntzaile bikaina bilakatu zen.

Ordura arte Aramaioko eskolan egin zituen aurreneko ikasketak, eta handik ateratzean aitari laguntzen zion baserriko lanetan. Klase partikularretan aberastu zuen bere prestakuntza.

Gasteizko Elizbarrutiaren Prestakuntza Profesionaleko Obrak Legutioko Larrabea Landetxean nekazaritza-langileburuak hezteko programa jarri zuen martxan 1955ean. Eta Larrabean ikasi zuen Julian Unzuetak 1955-56
Julian Unzueta, 1977an
urtean. Eta 1959an  Abeltzaintzaren Osasun Zerbitzuaren Aramaioko kontrolatzaile izendatu zuten, urte batzuk geroago Legutio eta Zigoitirako egin zuten moduan.

Aramaioko gizarte egituran Julianek parte hartu zuen zenbait ekimenetan. Hala, 1967an sortutako Ibarra Nekazal Makineriako Kooperatiban idazkari moduan aritu zen.  Urte haietakoa ere da, Aramaio eta Arrasateko hainbat baserritarrekin batera, irekitako aseguru mutua eta Julian Unzueta presidente izendatu zuten. Benedikta Gardoki Mazmelarekin ezkondu zen Julian, 1960ko urtarrilaren 23an.  Eta 1972-1979 bitartean Aramaioko alkatea izan genuen. 

“Goiz batean dei bat jaso nuen Gobernu Zibilean aurkezteko. “Ongi etorri, Aramaioko alkate jauna. Zorionak!” bota zidan gobernadoreak ni bere langelara sartzeaz bat. Oker zegoela esan nion, ni ez nintzela alkatea, eta berak baietz, izendapena eginda zegoela, zuzen zuzenean Manuel Lejarreta Diputazioaren Presidenteak sinatua. Gobernadoreari zegokion bakarra izendapena baieztatzea zela gehitu zidan” 

Julian Unzuetak 1972ko uztailaren 4an hartu zuen modu ofizialean Aramaioko alkatetza. Urtebete eta erdiko udal kudeaketaren ondoren Aramaioko egoera publikoki azaltzeko ordua zela iruditu zitzaion. Eta komunikabideetara jo zuen – garai hartan Gasteizko “Norte Expres”  Herriaren erradiografia argi bat eskaintzen du herriko alkateak eta, besteak beste, dio:
 
“Bien porque geográficamente está orientada hacia el valle de Léniz bien por su lejanía de la ciudad de Vitoria, el municipio de Aramayona se ha visto un tanto olvidado dentro de la problemática del pueblo alavés. En verdad, nuestro pueblo es parte esencial dentro de la riqueza económica y cultural del pueblo alavés.… La importancia industrial de Aramayona viene dada por su aportación de la fuerza de trabajo al valle de Léniz. El 74% de las cabezas de familia trabajan en el sector secundario. Unas 580 personas acuden diariamente a las industrias de Guipúzcoa.
Julian, Salesan baserrian

Las exigencias de la vida industrial y la demanda de los puestos de trabajo han llevado a los padres de familia a interesarse por la formación profesional de sus hijos. Hace más de 25 años que nuestros jóvenes comenzaron a llenar las aulas de la escuela profesional de Mondragón. Aramayona ocupa uno de los primeros puestos de Alava en cuanto a la preparación educacional de la población activa se refiere.

Desde el punto de vista cultural, Aramayona aporta a la riqueza cultural alavesa varios aspectos importantes. En primer lugar es el único municipio alavés que conserva como lengua viva el euskera y  se ha visto con agrado el hecho de que la Diputación haya tomado con interés la iniciativa del pueblo de crear una enseñanza general básica bilingüe y precisamente estos días han comenzado a funcionar dos aulas parvulario para aquellos niños que quisieran ser educados en su lengua nativa…” 

 Aramaioko Udalak aurre egin behar izan zion Julian Unzuetaren denboran hainbat gai administratibo konplikaturi. Eta alkatearen esku diplomatikoak ate asko ireki zizkion. Aramaio, urte haietan, Leintz Bailarako Mankomunitatean sartu zen, auzo guztietako elektrifikazioaren berriztatzeari ekin zitzaion, herriko ikastola martxan jarri zen, eta abar. Baina Unzuetaren kasua politikoagoa izan zen, trantsizioko urteak kudeatzea egokitu baitzitzaion.
 
Bergarako Alkateen Taldean aritu zen, horrek testuinguru hartan adierazten zuen guztiarekin. Bistan da zerbait mugitzen ari zela euskal udaletxeetan. Eta Aramaiokko udala aintzindaria genuen. Faktura pasatu zion horrek  Unzuetari, eta Aramaioko herriari. Hor dago, adibidez, 1977ko urtarrilaren lehena, Tellamendi mendiko gurutzea guardia zibilek lehertua. Sasoi hartan gobernadore zibil desberdinen aurrean tinko agertzeko adorerik ez zitzaion falta izan Unzuetari.Ezaguna zen guardia zibilen kuarteletan eta guardia zibilek ondo ezagutzen zuten Julianen etxerako bidea eta gure alkatea terrorismoaren biktima zuzena izan zen 1979ko urtarrilaren 28an. 

Egun hartan lehergailu batek eztanda egin zuenSalesan baserrian, Julian eta emaztea etxean zeudela.  Biharamuneko Norte Expres egunkarian irakurtzen zen: “Julián Unzueta, uno de los alcaldes del Grupo de Vergara, en ninguna ocasión había recibido amenaza alguna”

Gezur galanta, Julianek berak oroitzen duen moduan:  
“Guk etxean mehatxuak jasotzen genituen, bata bestearen ostean, gehienetan telefono bidez. Benedikta emaztea egoten zen etxean normalean eta berak hartzen zuen telefonoa. Behin “Le llamamos de ETA; vamos a atentar contra Vds.” entzun zuen Benediktak, eta boteprontoko erantzuna irten zitzaion: “Los de ETA no tienen acento andaluz” 


1979ko Diputazioaren lehen bilera
 Julian ez zen 1979ko apirileko udal hauteskundeetara aurkeztu. Amaitu zen Julian Unzuetaren udal zerbitzu zuzenari eskainitako ibilbidea baina laster beste kargu batetik ekin zion zerbitzu publikoari: 1979an bertan Arabako Foru Diputazioan Diputatu izendatu zuten, Zuia koadrillak aurkeztuta.
 
Lau urte eman zituen Diputazioan, Jose Mari Gerenabarrena, Fernando Buesa, Felix Ormazabal, Gentza Belaustegigoitia, Javier Rojo, Peli Martin, Juan Mari Ollora eta horien gisako kideekin. Julian Unzuetari egokitu zitzaion,  Estatistika eta Katastroren Lurraldeko Batzordeburutza. Bestalde Euskararen Zerbitzuko Administrazio Kontseiluko kide izendatu zuten. Eta abeltzaintzako batzordean ere ihardun zuen, buru belarri.

Julian Unzuetak Aramaioko historiaren zati bat bete du bere zereginekin. Ez da huskeria gertatu, ez alajaina!


Argazkiak: JMVM

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina