martxoa 23, 2016

ARGAZKI MUNDIALA, 1936an

Istorio honetako protagonista, Pedro Gonzalez Duque, iragan igandean (2016-03-20) hil zen Arrasaten. Bitez ondoko lerroak Pedrori eskainitako omenaldi xumea.Idazkia prestatuta neukan lehendik, eta ez dut koma bat ere aldatu nahi. Agur Pedro!

1936-09-02, Irungo zubia, sendia erbesterako bidean

Gerrateek miseria dakarte askorentzat eta aberastasuna banaka batzuentzat. Horrezaz gain, ustekabeak ere ematen dituzte. Gaurko idazkiño honetan ustekabe baten istorio txikia azaldu nahi dut. Arrasateko historiarekin zuzen lotuta ez dagoen arren, Arrasaten bizitzen hirurogeita hamahiru urte luze daramatzan lagun bati gertatu zitzaion. Argazki baten historia txikia da, eta Pedro Gonzalez Duque da protagonista pasiboa. Irungo Nazioarteko Zubian, 1936ko irailaren 2an jazo zen. Baina goazen poliki-poliki. 

Pedro Irunen jaio zen, 1924ko urriaren 8an. Gurasoak –Gonzalo eta María- Valladolideko Esguevillas de Esguevakoak ziren eta - aita Afrikako Annualeko  batailan aritu ondoren- 1922an Iruneko bidea hartu zuten senar-emazteak eta seme nagusiak etorkizun hobearen bila. Aita ferrokarrilean hasi zen lanean. 

Irun sutan, bonba faxistek eraginda
Faxistak 1936ko uztailaren 18an altxatu zirenean, aitak komunisten alde egin zuen eta Manuel Cristóbal Errandonearen aginduetara jarri zen. Errandoneak Irun aldeko iraultzaileen kontrola lortu zuen bere izaera agintzailearekin eta Gonzalo Gonzalez haren jarraitzailerik zintzoenetakoa izan zen. Oiartzun ondoko Pikoketaren defentsan aritu ziren eta faxisten erasoari ezin eutsiz amore eman behar izan zuten. Gonzalok ihes egin ahal izan zuen abuztuaren 11an, eta Erlaitzera iritsi zen. Frankisten beste eraso batean zauritu egin zuten hilaren 15ean eta ozta-ozta alde egin ahal izan zuen … etxera. 

Irungo nazioarteko tren zubia
Zenbait egunez ezkutatuta egon ondoren, mugaz bestaldera pasatzea erabaki zuen Gonzalok. Eta Irungo Topo geltokiko tunelean lo egin ondoren, biharamunean – irailaren 2an-  Nazioarteko Zubitik Hendaiara igaro ziren. Orduantxe gertatu zen ustekabea … urte asko pasatu arte deskubrituko ez zena. Norbaitek zubiko frantses aldetik bere argazki kamera disparatu zuen eta hara non Gonzalez-Santos sendia betiko erretratatua geratu zen

Gonzalez-Santos senar-emaztea agertzen dira, ezker aldean, etxetik hartu ahal izan zituzten gauzak garraiatzen ari. Aitak koltxoi bat darama sorbalda gainean. Eta argazkiaren erdi aldean, jantzi zuriko emakumearen ostean bere gorputza jaka batekin estaltzen duena, Pedro Gonzalez gure protagonista pasiboa da, 12 urterekin. 

Nor izan zen argazkilaria? Bada zubi berdinean egun haietan ateratako beste argazki bat eta egilea Raymond Walker argazkilari britainiarra da. Egun haietan Biriatun zegoen beste kazetari ospetsu bat George Steer daukagu, “The Times” egunkariko korrespontsala eta "The Tree of Gernika" (Gernikako Arbola) liburu harrigarri bezain ausarta idatzi zuena. Haietakoren bat izan al zen argazki hura hartu zuena? 

Pedro Gonzalez, istorioko protagonista, Arrasaten
“Nik ez nuen argazkia ezagutu, behin 1985 inguruan Irungo lagun batek esan zidan arte. Ordurako argazkia oso ospetsua zen mundu osoan. Harrez geroztik hainbat tokitan ikusi dut: liburu, egunkari, telebista eta aldizkarietan. “Recetas para después de una guerra” liburuko portada izan zen, adibidez. Gu trantze hartan ez ginen ohartu norbait ari zela erretratuak egiten” diost Pedro Gonzalezek, garai haietako gertaerak kontatzen ari zaidalarik.

Argazkiko egun hartan ez zen mugaz bestaldera sendi osoa igaro ahal izan. Aita, artean zaurietatik ongi osatu gabe, atzera eraman zuten milizianoek Irunera, hobeto senda zedin. Ama eta bi semeak, aldiz, Angelura heldu eta bertan egon ziren hilabete batez, aita agertu bitartean. Sendiak Bartzelonara alde egin zuen eta 1937an Valenciara iritsi ziren, aita ferrokarrilean segitzen baitzuen, gerrarako erabat ezindua. Pedrok jarraitzen du kontatzen:

Milizianoak Hendaian, 1936an
 “Oso ongi gogoratzen dut, 1939ko martxoaren 28an Valenciako Udaletxearen plazan nengoela eta hegazkin bat igaro zen, frankistak hirira sartzeko prest zeudela  adierazten. Biharamunean hiriko zezen plaza presoz bete zen. Egun batzuk lehenago nire aita bere adiskide Manolo Errandonearekin elkarrizketatu zen Valencian bertan, eta hark sendi osoa Mexikora joatea planteatu zion. Aitak nahiago izan zuen hemen geratzea. Irunera itzulita, aita zigortu egin zuten eta bost urtez Santanderreko Arenas de Santa Cruzen egon zen. Nik ordurako 15 urte nituen eta Arregi-Martinez eraikuntza metalikoetako enpresan ekin nion lanari” 

Argazki ospetsua, liburu azala bihurtuta
Baina Pedrok handik gutxira Arrasatera egingo zuen salto. Arrasateko OMU enpresan lana eskaini zioten eta onartu egin zuen. Eta Pedro 1943ko urtarrilaren 7an ailegatu zen Arrasatera. Milagros Marco arrasatearrarekin ezkondu zen 1952an. Kafe bana hartzen dugun bitartean dio:

“Gerrateek zenbat kalte ekartzen duten gogoratu nahi dudanean, Irungo Zubi Internazionaleko argazkiari begiratzen diot” 

Argazki mundiala eta adierazgarria, bai horixe!

Argazkiak: Pedro Gonzalez eta JMVM













 

2 iruzkin:

  1. Bihotzez eskerkertzen dizugu Josemari aitari egindako
    omenaldi hunkigarri hauxe!!!

    GGM

    ErantzunEzabatu
    Erantzunak
    1. Gloria, Pedro ezagutu nuenean harrituta geratu nintzen, bere gizontasunaz eta jakinduriaz. Ohorea da azken bospasei urteotan zuen aitaren laguna izatea. Eskerrik asko, berari!

      Ezabatu