urria 01, 2014

SAGASTI-ETXEA edo ETXEZARRETA



Sagasti Etxea. Aurrekaldea. 1978an

Musakola aldeko “Sagasti-etxea” zeritzan etxea Etxezarreta izenarekin ere ezagutu genuen. Istorio ugari kontatzen dira etxalde honen gain eta errealitatetik legendara urrats txikia besterik ez denez gero apuntetxo batzuk ekarri nahi ditut hona, etxe horren iraganeko gune zentrala bederen finka dezagun. 

Jose Luis Ormaetxeak “Arrasateko Toponimia” bere liburuan baserri honen gaineko lehen erreferentzia 1773an datatzen du. Beraz, ez da hain zaharra. Baina Arrasateko gizarte-bizitzarekin etxaldeak izandako garrantzia XIX.aren bigarren erdialdean hasi zen eta hirurogeita hamabost urteko historia interesgarria eskaini zuen, hain zuzen bertan bizi izan zen azken jabearen heriotza gertatu arte. Goazen, baina, etxe honen nondik norakoak azaltzen.

Rafael Ariza Espejo
Sagasti-etxean bizi izan zen azken jabea Rafael Ariza Etxezarreta izan genuen, Madrilen jaioa 1874an. Gurasoak izen bereko mediku andaluziarra eta Severina Etxezarreta Ibarzabal bergararra izan ziren. Meatzetako Ingeniaritza ikasi zuen. Zenbait enpresatako administrazio kontseilu kidea izan genuen, besteak beste “Mendia S.A. Papelera del Urumea” eta Irurako “Echezarreta, G. Mendia y Cia. S.L” izenekoetan. 

Oso gizon ezaguna izan zen Arrasaten Rafael eta herriko gizarte bizitzan inplikatu samarra izan genuen XX mendeko lehen herenean.  Goi kulturako gizona genuen. Eta bere bibliotekan milaka liburu gordetzen zituen. Joxe Letonak dioenez, beste intelektual batzuen artean, Pio Barojak zenbaitzuetan erabili zuen biblioteka hura bere lanetarako. 

Kepa Oliden kazetari arrasatearrak etxezarretarrei buruzko oso erreportaje zabala argitaratu zuen “Arrasate Press”en, 1994ko maiatzaren 20an. Olidenek dioenez, Juan Frantzisko Etxezarreta Urkiola Ormaiztegiko jatorriko Bergarako abokatuak erosi zuen 1860an Sagasti-Etxeko lur sail zabala – 90 hektarea inguru. Hamaika urte geroago, abokatuaren alaba Severina Etxezarreta Ibarzabalek jaso zuen herentzian lur eremu hura. Severina Madrilen zegoen ezkonduta Rafael Ariza Espejo laringologo eta otologo ospetsuarekin eta bi seme-alaba izan zituzten: Rafael, 1874an jaioa, eta Severina, 1876an.

Diodan, aldi berean, Darwinen jarraitzaile aurreratuenetakoa izan zela Ariza Espejo Espainiako Antropologia Elkartean. Eta giza-arrazen gaineko bere lanak oso irakurriak izan ziren espainiar zirkulu espezializatuetan. Bere teorietako batean gizakia tarteko espezie baten ondorioa izan zitekeela defendatzen zuen. Ariza Espejoren idaz-lanak haren heriotzaren ostean bildu ziren Escritos médicos del doctor don Rafael Ariz y Espejo” liburuan, 1888an. 

Ariza-Etxezarreta sendiak herentzia jaso zuenean, ordura arte lanetarako eta inguruetako sagarrondoetako uzta biltzeko bakarrik erabilitako etxaldea berriztatu egin zuen. Hori, Olidenek gogoratzen duen moduan, garbi islatu zen sarbideko burdinazko atean: “Sagasti-Etxea. 1880” Eta sendiak denboraldi luzeak ematen zituen etxe berrian. Horietako batean Ariza Espejo hil zen, 1887ko urriaren 13an, Bergarako eliza agirian irakur daitekeenez. Kepa Olidenen esanetan “Ariza Espejoren pentsakera progresista eta liberalari ohore eginez – libre pentsadore krausista sutsua zen- azken sakramentuak hartu gabe hil zen” 

Rafael Ariza Etxezarreta
Ama hil ondoren Rafael eta Severina Ariza Etxezarreta anaia-arrebak herentzia jaso zutenean Arrasatera aldatu zuten bizitokia. Eta orduantxe hasi zen, batez ere Rafaelen atxikimendu estua Arrasateko gizartearekin. Oso esanguratsua da data hori, Biteri Fundazioaren eskutik Arrasatera sasoi hartan beste gizon garrantzitsu bat iritsi baitzen: Felix Arano. Bi pertsonaia horiek lagun handiak bihurtuko ziren denborarekin. 

Rafael Ariza Etxezarretaren zaletasun handi bat botanika zen eta horretan ere berebiziko indarrez ihardun zuen Arrasaten. Olidenen aipatu erreportajean bada atal bat, “Mendia bizirik” elkarteak sinatua eta bertan irakur daitekeenez Etxezarretako inguruetan hirurogeita hamar bat zuhaitz espezie diferente katalogatu ziren.

Inoiz kontatu dut 1978an Sagasti-Etxea bisitatzera gonbidatu nindutela. Oso zirrara handia egin zidan bisitak eta Arrasateko bazter ezezagun bat bertatik bertara ikusteko aukera eman zidan. Eta, zer esanik ez, etxe hartan bizi izan ziren gizon emakumeon estilo desberdin bat azaldu zitzaidan. 

Ariza Etxezarretaren oharrak Sagasti Etxeari buruz

Bisita hartan liburu batzuk eskuetaratu zizkidaten. Haietako bat Rafael Ariza Etxezarretaren esku izkribua da, “Coníferas” izenekoa. Koadernoan, Arizaren grafiari eutsiz, “Sagastieche (Jardin/ Manzanal viejo/ Naguiturri/ Barrenaoste/ Saconandi, alrededor del manzanal) Kataide (Arcocha, Arrue), Arzubi (Catelocua) Gaztandola (Estiscorta)” bazterretan urtetan landatuko zituen arbolen gaineko erreferentzia eta datuak ematen ditu. Daturik zaharrena 1909koa da. Eta Ariza Etxezarretak argibideak jartzen ditu koadernoaren orrietan “sequoia gigantea, pinnus excelsa, abies nordmanniana, cedrus atlantica, pinus laricio, larix europea, cupressus macrocarpa, cephalotaxus fortunei” eta espezie gehiagoren gain. Horregatik ere dakigu, 1909ko abenduaren 20an

Sagasti Etxeko planoa, Ariza Etxezarretak eskuz egina

sei “chamaecyparis lawsoniana” landatu zituela, Deba errekaren ondoan. Koadernoaren zortzigarren orrialdean Arizaren eskuz eginiko planotxo bat da, eta landareak bere lur eremuan multzoka jartzen zituela ikus daiteke.

Aipatu dut hasiera batean Etxezarretako etxaldea, beste zereginen artean, sagarrondoetako uzta biltzeko erabiltzen zela. Sagasti-Etxea izena arrazoi horretatik datorkio, jakina, eta Ariza Espejok eta bere emazteak herentzia eskuratu orduko izen horrekin ezagutzen zen. Gauza da sei urte zituela sasoi hartan Rafael Ariza Etxezarretak eta behin betiko bizitzera Arrasatera iristean 28 urteko gaztea zen. 

Rafael Arizaren liburu katalogatu bat
Lehengo sagardo ekoizpenari heldu zion gogoz Ariza Etxezarretak bere etxean eta sagardoa Arrasatetik kanpo saltzea ahalbidetu zion teknika eta teoria bereganatu zuen Sagasti-Etxeko jabeak. Badaukat liburu bat, Ignazio Gallastegik idatzia eta 1917an euskaraz argitaratua, Rafael Arizaren liburutegitik eskaini zitzaidana: “Sagardotarako sagarrak” du titulua eta bertan egile adituak sagastiak nola jarri eta zaindu behar diren azaltzen du. Ariza Etxezarretak euskaraz ere hitz egiten
Arrosen gaineko beste liburu katalogatua
zuela gauza jakina da. Suposatzekoa da, halaber, ni sartu orduko ia-ia hutsik zegoen Etxezarretako liburutegi erraldoi hartan liburu gehiago izango zirela botanika, landare-zaintza eta zuhaitz espezien gain.

Joxe Letona zenak ere Sagasti-Etxeko ugazabaren gain idatzi zuen bere apunteetan:

 “A principios de siglo, con planos confeccionados por él mismo, convirtió el caserío en una gran finca, dotándola de los adelantos más moderno sen cuanto a forestal, ganadería, avicultura etc. Llamaba la atención entre los estudiosos la cuadra para ganado considerada de lo mejorcito de Europa en cuanto a instalaciones modernas. Hemos tenido ocasión de conocer dicha cuadra hace muy pocos años y aún seguía siendo de lo mejor. Obtuvo muchos premio sen concursos de ganado de raza Pirenáica y Suiza. Colocaba a cada vaca premiada su correspondiente placa en el establo”  

Bere aldetik Kepa Olidenek zehazkizun gehiago ematen ditu, Lutxi eta Juanita Sagasti-Etxeko neskame izandakoen ahotik jasoak, nonbait:  

“Sagasti-Etxeak hainbat hobekuntza ezagutu zituen bere garaian: ur instalazio eta komunak

Sagasti Etxeko sotoa, sagardotarako kupelekin. 1978

berak (Ariza Etxezarreta jaunak) diseinatuak omen ziren eta etxetik kanpo ere makina bat proiektu antolatu eta burutu zituen. Harrigarriena, dudarik gabe, bere etxeko terrenoen erditik pasatzera zihoan trenbidearen desbiderapena litzateke. 1918 aldera heldu zen lehen aldiz trena Arrasatera. Bere terrenoetatik pasa behar zuenez, Rafaelek zati horri zegozkion planoak hartu eta zuzendu eta egokitu egin zituen trenbidea erreka-bazterrera bidaliz. Horretaz gain, Rafaelek makina bat kamino eta ubide eraiki zuen bere basoetan” 

Oso interesgarria gertatzen da ondoko beste aipamen hau ere, Letonak deskribatu duen kortaren gaia osatzen duena. Nik ere ezagutu nuen 1978an korta hura eta nire egiten ditut bai Joxe eta baita Keparen hitzak. 

“Hil baino piska bat lehenago burututako proiektu hau (korta) oraindik ere miresgarria da ikuslearentzat. Adibide bezala, esan behar barrualdea guztiz baldosa txuriz egina zela eta ganaduek, askaren ordez, ur korrientea zutela edateko. Ganadu bakoitzak iturri bat zeukan eta muturrarekin zapaldu ahala urak irteten zuen. Zabor eta lastoaren ekarri-eramanak, zintzilikaturiko bagoneta baten bitartez egiten ziren. Askoren esanetan, Etxezarretako ganadua inguruetako baserritar gehientsuenak baino hobeto bizi zen” 

Esandakoaren arabera, Rafael Ariza Etxezarreta oso gizon kultua izan zen. Hurrengo kapitulu batean segituko dugu pertsonaia honekin.

Sail honen beste artikuluak:


 Argazkiak: Josemari Velez de Mendizabal, Kepa Oliden (Rafael Ariza Etxezarretarena)




 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina