Aurrekoan nioen bezala, Rafael Ariza Etxezarreta oso gizon jantzia zen eta goi kultura mailakoa. Eta Arrasateko bere etxean adibide ugari utzi zituen, ikasketek eta bizitzaren gaineko begiratzeak eskaintzen zioten maila hartaz. Eman nuen aurrekoan Sagasti-Etxeko bibliotekari buruzko nire ikuspuntu azkarra eta berera itzuli nahi dut.
Ariza Etxezarreta gizon ikasi baten semea zen. Izen
bereko Ariza Espejo medikua, Ezijan jaio eta Arrasaten hila, unibertsitate
ikasketak amaituta gero Sevillan aritu zen Medikuntza eta Kirurgiako Eskola
Librean histologiako irakasle gisa. Handik Madrilera igaro zen eta espainiar
hiriburuko Ebakuntza Terapeutikako Institutuko Otorrinolaringologiaren
zuzendari izendatu zuten. Bere ibilbide profesionalean denetariko diziplina
intelektualak landu ahal izan zituen eta bere biblioteka oso aberatsa izan zen.
Sagasti-Etxeko bibliotekara heldu zen Ariza
Espejoren liburu bilduma eta egundoko prestigioa ahalbidetu zion. Medikuntzari
buruzko espezialitate zabalez bete zuen Ariza Espejok bere bilduma eta liburuak
Arrasatera heldu ziren. Horregatik ez da harritzekoa, Joxe Letonak esan ohi
zuen moduan, Gregorio Marañon eta Pio Barojaren gisako intelektualek – biak
mediku eta idazleak- Etxezarretako liburutegia erabiltzea euren lanetarako.
Aurreko idazkian adierazi nuen moduan, Sagasti-Etxea
barrutik ezagutzeko aukera izan nuen eta esan dezakedana da
bibliotekako aretoa inoiz etxe partikular batean ikusi dudan handiena zela.
Etxera gonbidatu nindutenerako, ordea - 1978an- ia-ia hutsik zegoen baina garbi
neur zitekeen haren tamaina, eta apalategi haietan sar zitezkeen liburuen
kopurua ikaragarri handia zen. Liburutegia etxeko behe solairuan zegoen.
Egiaztatu ahal izan nuenez, Ariza jaunak
katalogatua zeukan bere liburutegia. Eta nik artean eskuetan eduki ahal izan
nituen liburuak espainiera, frantses, alemanera, ingeles, italiera, katalanera,
euskara, latina eta beste hizkuntza batzuetan zeuden idatzita. Bisita hartatik
zenbait liburu etxeratu ahal izan nituen eta nire liburutegian daude.
Baina Ariza Espejoren liburuez gain, Ariza
Etxezarretaren biblioteka jatorri desberdineko beste emarirekin osatu zen,
Rafael Ariza Etxezarreta semearen beraren liburuez gain, jakina. Horrela, Panticosako Bainu Etxeko
zuzendaria izan zen Eduardo Gurutxarriren liburuak katalogatuta zeuden
Etxezarretako bibliotekan. Halaber, Jose Maria Mendia eta (Juan) Gregorio
Mendiaren liburuetako asko Sagasti-Etxera ailegatu ziren. Zeintzuk ziren
horiek?
Santa Agedako Bainu Etxearen jabea izandako Jose Mariaren biloba genuen
Gregorio. Juan Gregorio Mendia Etxezarretak Santa Agedako negozioari muzin
eginez Irurara ezkondu zen Julia Goizueta Diazekin. Horren semeetariko bat, Gregorio Mendia Goizueta, zenbait enpresaren
sortzailea izan zen, besteak beste Hernaniko Papelera del Urumea eta G. Mendia
y Cia. Juan Gregorio arrasatearrarekin eta Iruran jaiotako semearekin harreman
handia izan zuen Rafael Ariza Etxezarretak, enpresa horietako administrazio
kontseiluetan aritu baitzen. Hurrengo batean ikusiko dugu, gainera, Juan
Gregorio Mendia Goizueta hiltzean Rafael Ariza Etxezarreta haren alarguntsa Carmen Ruiz de Arkauterekin ezkondu zela.
Juan Gregorio arrasatearraren beste seme bat
Jose Maria izan zen, hori ere Iruran jaioa eta, beraz, izen bereko Santa Agedako
bainuen ugazabaren biloba genuen. Bi anaiek urtetan egindako biblioteken arabera,
europar kultura ez zitzaien bat ere arrotz. Haietako tomo ugari Rafael Ariza
Etxezarretaren liburutegira igaro ziren.
Zer gertatu zen Sagasti-Etxeko liburuekin? Joxe
Letonak zioenez, hamasei zati egin ziren eta horrenbeste senitartekok eraman
zituzten, Gipuzkoan izan ei zen bildumarik garrantzitsuenetakoa deseginez.
Aurreko artikulua:
Aurreko artikulua:
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina