miércoles, 16 de abril de 2014

SAN BIXENTE FERRER ASTE SANTUKO PROZESIOAN, ARRASATEN


1. argazkia
Ez dut ezer berririk agertzen, Arrasaten San Bixente Ferrerenganako egundoko debozioa izan zela azaltzean. Nire adinekook ezagutu izan dugu San Juan Bataiatzailearen parrokiako pulpitua eta zutabean iltzatutako pergamino bat,  “Aquí predicó San Vicente Ferrer” adierazten zuena. Pergaminoa 1953an jarri zuen Jose Luis Iñarra erretoreak, aurreko “En este púlpito predicó San Vicente Ferrer. Año 1408” aurreko inskripzioaren ordez. Gauza da, ez dagoela inondik ere frogatua fraide balentziarra Arrasatera inoiz iritsi zenik, nahiz eta Esteban de Garibayk (1533-1599) horrela idatzi zuen. Gogora dezagun Garibayri zor diogun Arrasateko errefraua: Fray Vicente esala, fedea sina liçala”  

Baina santuarenganako debozioa hedatu egin zen arrasatearron artean, eta Jose Mari Uranga historialariak dioenez, Arrasateko parrokiako San Bixente Ferreren irudia 1723koa da, hain justu urte hartako Erramu Igandean jarri baitzen, eta Vera Cruz edo – arrasatear moduan, San Migel Haundi- Kofradia izan zen eragilea. Kofradia horren  kontu liburuan irakur daiteke, 103 orrian:

“Cofradía del Arcangel Sant Miguel, patrón y abogado de esta dicha Cofradía, fundada e instituída por el bien abenturado Señor Sant Vicente, de la orden de los predicadores y natural de la mui noble ciudad de Balencia… el cual vino a esta villa de Mondragón cerca del año 1408…” 

Testu hori 1562ko beste baten kopia da.

2. argazkia
San Bixente Ferreren irudia, beraz, San Migel Haundi Kofradiak ateratzen zuen Ostegun Santuko prozesioan. Pausoa lau lagunen artean eramaten zuten eta 1956ra arte horiek kapa ireki eta zabal batekin zihoazen jantzita. Kapaz ere jantzitako beste lau kofradiakidek, kandela banarekin eskuan, eta kofradiako gidoia daraman lehen maiordomoa buru dutelarik, Ostegun Santuko arratsaldean sermoia egingo duen predikatzaileari laguntzen zioten, prozesioko lehen ilaran. 

Behin elizara sartuz gero, kandelak piztuta zeramatzaten kofradiakideek sakristiatik pulpituraino laguntzen zioten sermolariari. Sermoi tokiko oinera helduta, eta ohiturari jarraiki, San Bixentek zapaldutako eskaileraren lehen harmailari egiten zion sermolariak muin, maiordomoak erakutsitako puntuan. Sermoia amaituta itzuli egiten ziren sakristiara, zeremonial berdintsuarekin.

Elizak 1956an aldaketak sartu zituen liturgian eta data hartatik prozesioa Ostiral Santuko goizera pasatu zen. Eta kapak eta sakristiatik pulpiturainoko kofradiakideen joan etorriak desagertu egin ziren betiko.

Argazkietako oinak:

   1.argazkian: Lehen planoko irudia San Bixente Ferrer da. Pausoa daramaten anderoak, berriz, eskuinetik  ezkerrera lehen lerroan  Felix eta Pedro Amozarrain ditugu eta atzean Segundo Amozarrain. Bigarren irudia ere badator, Olibondoetako Ortuari dagokiona. Eta Portaloitik behera katxoborratxoetako pausoa ageri da.

  2.argazkian: Iturriotz kaletik behera doa prozesioa. San Bixente Ferrerren pausoa Arana eta Martinez (lehen lerroan) eta Egiara (bigarrenean) daramate. Oso pertsonaia ezagunak agertzen dira argazkian: Adolfo “Txapas” Gonzalez postaria, Joxe Aiala, Balendin Letona, Mariano Azkarate "Zelaitxo", Julito Markaide, besteak beste.

Argazkiak: Isabel Aranburuzabala


Aste Santuari buruz gehiago:




 

No hay comentarios:

Publicar un comentario