apirila 09, 2014

ARAMAIOKO ASTE SANTUKO SERMOIAK, XIXan

Aste Santuko prozesioa Aramaion, 1955ean
Eliza eta aginte zibila eskutik helduta joan dira mendetan eta duela gutxi arte udal kudeaketan bizitza erlijiosoari zegozkion puntuak aztertzen ziren normaltasun osoz. Gaurko honetan aurkeztu nahi dut Aramaioko Udalak 1867 urtean eztabaidatu zuen gai bat. Aste Santurako sermoilarien hautaketa noren esku zegoen ipini zuten aramaioar zinegotziek ezbaian. Udal diruarekin ordaindutako sermoiak, hain zuzen.

Ikus dezagun, beraz, 1867ko otsailaren 24ko bilkurako aktan agertzen den apuntea. Une haietan Juan Domingo de Urduña zen alkatea.

“El segundo Regidor D. José Domingo de Echave expuso que el Ayuntamiento debía disponer de proporcionar predicador para los sermones de Semana Santa, cuyos estipendios se pagan de los fondos comunes. El Sr. Alcalde Presidente dijo que no había más discusión; se levantó y salió del local diciendo que tenía que asistir a la Misa conventual en la que había predicación de la Bula de la Santa Cruzada (1)”

Aramaioko Udaletxea
Gainerako zinegotziek bilduta jarraitu zuten eta sermoilariaren gaineko puntuaren inguruan aritu ziren. Jose Domingo Etxabek planteatu zuen Gervasio Ruiz de Mazmela bigarren alkateorderen esku uztea abade egokiaren hautaketa. Eta hala onartu zen. Martxoaren 10ean beste bilera bat egin zuen udalak eta aurrekoaren akta irakurri ondoren zinegotziek ontzat eman zuten, alkatearen salbuespenarekin.

“El Sr. Alcalde Presidente manifestó que el último acuerdo se había hecho después de levantar la sesión por tener que asistir a la Misa conventual en la que hubo la predicación de la Bula de la Semana Santa y se puso a discusión si el Señor Alcalde Presidente tenía o no facultades y autorización de este Ayuntamiento para proporcionar Predicador para los sermones de la Semana Santa y demás que se costean de los fondos comunes. Hubo en el particular una mesurada discusión en la que resaltaron diferentes opiniones y en consecuencia se acordó el que cada concejal emitiese su opinión"

Alkateak adierazi zuen, tradizioz berari zegokiola abadea hautatzea eta ordurako egin zuela, hain zuzen Otxandioko Bernabe de Ozerinekin adostua baitzuen Aste Sainduko homiliak ospatzea.  Frantzisko Zabala lehen alkate ordeak zuzendu egin zion alkateari, sermoilaria hautatzeko ohitura zaharrak udalaren onespena exigitzen zuela adieraziz, eta zeukaten ez adostasunarengatik proposatu zuen sermoilaria:

 “... que sea diferente de los Presbíteros Ocerin e Iturzarra, pues aunque estos dos son dignos Predicadores, como unos quieren al primero y otros al segundo, eligiendo a otro diferente para quedar conciliada esta cuestión”

Planteamendu honek aldekoak eta kontrakoak izan zituen. Ematen ari ziren diferentziak nolabait konpondu nahian, Pedro Jose Lasaga alkate ohiak planteatu zuen orduko bileraren akta eta aurrekoa Arabako Gobernadorearengana irisaraztea, hark erabaki zezan nori zegokion sermoilariaren hautaketa. Bildutako guztiak ados agertu ziren eta hala egin zen.

Apirilaren 7an burutu zuen Udalak hurrengo bilera, eta gai zerrendan agertu zen Gobernadorearen ebazpena. Bertan zioenez, Udalari zegokion sermoilaria hautatzea, eta ez alkateari. Ondorioz, zinegotziek erabaki zuten bi alkate ordeen esku uztea aukera diferenteak aurkeztea, botorik gehien lortzen zuen abadeari eman ahal izateko Aste Sainduko sermoien ardura. Hamaika egun bakarrik geratzen zitzaizkien zinegotzi haiei betebeharrarekin kunplitzeko.
=======..======


(1) Bulden artekorik garrantzitsuenetakoa izan zen. Haren bitartez, pribilegio, mesede eta indultuak ematen ziren, hori bai, interesatuak ongi ordainduz gero. Dirua, gehien bat, infidelen kontrako gerra finantzatzeko erabiltzen zen. Geroago, kultuaren gastuak eta karitatea ordaintzeko diru iturria bilakatu zen.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina