miércoles, 11 de septiembre de 2013

FRANTZISKO BENGOA ABERTZALE ARAMAIOARRA


Aramaioko abertzaletasunaren hasierako mapan agertzen zaizkigun izenen artean Frantzisko
Frantzisko Bengoa Urrutia
Bengoa Urrutiarena dugu. XIX. mendearen hondarretan jaioa –1896ko apirilaren 2an- aita Martzelinoren eskutik abiatu zen ideologia sabindarraren ildoetatik eta biak EAJren herriko lehen afiliatuetakoak ditugu. Martzelino bertako Batzokiaren idazkaria izan zen 1916-18 urteetan eta Frantziskok kargu bera izan zuen 1923ra arte.

Ibarran munduratu zen Frantzisko nahiz eta bere jatorria Arexolan zegoen, aitona Jose bertakoa baitzen. Alde horretatik esan behar da, Joseren arreba Frantziska Kaietana Gasteizen ezkondu zela Miguel Becerro militarrarekin. Horien seme Ricardo da, blog honetan hain sarri aipatu dudan Ricardo Becerro de Bengoa ilustratu euskaltzalea. Beraz, Frantzisko gure gaurko pertsonaiaren aita eta Ricardo Becerro de Bengoa lehengusu propioak ziren.

Nardeaga Kalean bizi izan zen
Frantzisko Bengoa Urrutia laugarren kidea zen zazpi anaia-arreben artean, eta guztietatik gizakume adindua. Hori dela eta, berari egokitu zitzaion aita Martzelinoren negozioan hastea, laguntzaile moduan. Arotza zen aita eta zerratokia zeukan Aramaion bertan. Frantziskok bere bizitza osoan bide beretsutik jarraitu zuen eta seme batzuk ere lankide izan zituen. Halaber, Aramaioko Nardeaga kalean taberna bat eduki zuen.

Jesusa eta Frantzisko, ezkontza egunean
Jesusa Armendariz oletarrarekin ezkondu zen eta zazpi seme alaba izan zituzten: Pruden, Bitor, Miren Arantzazu, Imanol, Benedita, Fernando eta Mari Anjela. Denak aramaioarrak. Ahal izan zuenean, Frantziskok euskal izendegia erabili zuen bere ondorengoak bataiatzeko.

Politikoki, beraz, abertzale izan zen, eta Aramaion modu bereziz nabarmendu zen gazte-gaztetatik. Bere zerratokian, diotenez, bilera bat baino gehiago burutu zen, batez ere Primo de Riveraren diktadurapeko urteetan, bilkura politikoak debekatuta zeudenean. Francoren matxinada gertatu zenean Aramaion geratu zen lehenik baina tropa faxistak herrira sartu aurretik Bilbora aldatu zen sendi osoarekin. Baina, bost hilabeteren ondoren, ezer gutxi lepora zekiokeelakoan, Aramaiora itzuli zen, jakin gabe beraren kontra irekitako fitxan irakur zitekeela, besteak beste: “Nacionalista separatista acérrimo. Ha trabajado constantemente con mentiras y engaños a esta pobre gente aldeana en contra de las derechas. Ha sido durante el Movimiento uno de los cabecillas significados, el cual huyó al campo enemigo

Jesusa, Frantzisko eta seme-alabak
Aramaion atxilotu zuten, Pruden eta Bitor semeekin batera, eta handik gutxira Gasteizen Karmeldarren Komentuan erregimen faxistak irekitako kartzelara eraman zituzten hiruak. Sendia, bestalde, Santanderreko Comillasen egonaldi labur bat egin ondoren Gasteizera heldu zen, senar, aita eta anaien ondoan egoteko asmoz. 1940an Erantzukizun Politikoetako Epaitegiak hiru urteko gaitasungabetzera kondenatu zuen Frantzisko. Eta zigorra bete ondoren, arabar hiriburuan jarri zuten bengoatarrek egoitza.

Frantziskok Aramaion zeukan negozioarekin segitu zuen Gasteizen –Bengoa Zerratokia- eta aitakekin seme guztiek egin zuten lan zerratokian, Aramaion edota arabar hiriburuan. Patxi Bengoa 1976an hil zen, arabar hiriburuan.











 

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada