ekaina 03, 2011

BANDERETAKO GERRA ARAMAIOKO UDALETXEAN (1.931)





II Errepublikaren sorrera ekarriko zuten 1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeetan Aramaioko Udaletxean 10 zinegotzi aukeratu ziren. Alderdi bezala EAJ izan zen garaile, bost zinegotzirekin. Emaitzak ezagutu eta hiru egunetara, ordurarteko alkatea Domingo Etxebarriak dei egin zuen apirilaren 15eko udal bilerarako eta EAJko bost hautatuek -Daniel Larrañaga, Eusebio Madina, Meltxor Unzueta, Faustino Bengoa eta Justo Jauregi- Faustino Bengoa Zilaurren izendatu zuten alkategai, harik eta hilaren 19an izango zen osoko bilkura burutu arte.
Apirilaren 19an, beraz, EAJko bost zinegotziez gain, Martin Beitia, Alberto Unda, Valentin Lasaga, Felix Areitio eta Juan Arriolabengoa ere agertu ziren udal aretora. Martin Beitia, hauteskundeetan botorik gehien eskuratu zituenari egokitu zitzaion bilera hartako hasierako lehendakaritza. Eta besterik gabe, ezkutuko bozketa egin ondoren, zinegotzi guztien botoak jaso zituen Faustino Bengoak. Hamarretatik, hamar. Horri alkategaiarenganako konfidantza edukitzea esaten zaio, bai jauna!
Simon Landa idazkariak fede eman zuen, aurrerantzean Aramaioko alkatea Bengoa izango zenaz. Lehen alkateordea, berriz, Eusebio Madina Ibabe hautatu zuten eta bigarrena Justo Jauregi Uribarren. Zinegotzi sindiko edo ordezkari juridiko bezala Martin Beitia Ormaetxea ariko zen aurrerantzean, eta bere ordez Daniel Larrañaga Aristegi. Azkenik, gainerako bost zinegotzien artean eta bakoitzak jasotako botoen arabera, haien maila zehaztu zen, balizko ordezkapenei begira. Bilera hartan ere erabaki zen, udal batzaren bilerak igandeetan burutuko zirela, goizeko 9etan.
Alkatearen izendapenerako udal batzak erakutsitako adostasunak, dena den, ez zuen luze iraun. Apirilaren 26an, hain zuzen, EAJko zinegotziek idazki bat aurkeztu zuten, Udaletxeko balkoian Errepublikako banderarekin batera euskal ikurriña ere jartzea eskatuz. Eskabidea atzera bota zen, eta Errepublikakoa bakarrik edukitzea erabaki zen, “por unanimidad”.
“Unanimidad” hori ezin dut ulertu, bost zinegotzi sinbolo biak egotearen alde zeuden-eta. Deliberamendua akta liburura pasatzean, idazkariaren lapsus calami ote? Haren azpijokoa, agian? Batek daki! Edozein modutan, garbi dago banderetako gerrak ez dituela bere sustraiak oraingo alderdien arteko ezadostasunetan. Duela laurogei urte ere, auzi horretan ari ziren...

Margo lana: Aramaioko Udaletxea (Eguzki Erripa auzoa)

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina