“Herriaren oihua” da Ander Letamendia adiskidearen azken liburua eta bertan Zarautzeko Oleskariak abesbatzaren historia kontatzen digu. Ander abesbatzaren zuzendaria da 1983tik, lantegi horretan Imanol Urbietari hartu ziolarik erreleboa.
Liburu bikaina da, eta Oleskariak taldeak, bere bertsio desberdinetan –otxote, kamera taldea, abesbatza...- izan dituen aldietako zehazkizunak ederto aurkezten dizkigu Anderek. Orrialdeetan barrena eginda, topo egin dut hainbat eta hainbat anekdota ezagunekin, Oleskariak taldearen miresle isila izan bait naiz, gutxi gora behera 1967tik, hain zuzen Arrasateko Gurean abestu zutenetik.
Nire adinekook ongi gogora ditzakegu, garai hartan euskal musika espektroan genuen lehiaren oihartzunak, otxoteen modalitatea zela-eta. Portugaleteko Danok Bat, Aretxabaletako Alkar, Oñatiko Irrintzi, Aramaioko Aramaixo, Añorgako Ertizka, Zarautzeko Oleskariak eta abar luzexka batek gure antzoki eta elizak betetzen zituzten euren ahotsekin.
Ordurako bazebilen Sabin Salaberri aramaixoarra buru belarri sartuta, lehiaketa horietako epai mahaikide gisa, eta inork baino hobeto gogoratzen ditu sasoiko gorabeherak, hirurogeietako hamarkadan Euskal Herriko herri askotara heldu zirenak. Garai haiek ezagutu ez zituztenek ulertzeko zail samar duten arren, diodan Euskal Herriak pairatzen zuen askatasun eza gainditzeko beste ihes-bide bat zirela otxoteen arteko lehiaketak. Sabinek esan ohi duen moduan, zentsuraren aurrera garaiz azaldu behar ziren kantuen testuko “alaitasuna” “askatasuna” bihurtzen zen, azkenik, abeslarien ahoetan.
Arrasateko Gurea Zineman jokatu zen hiru urtez lehiaketa haiek eta 1967koan Oleskariak gertatu zen txapeldun, urtarrilaren 29an, igandez, zine aretoa jendez beteta zegoela, sarrera guztiak agortu zirelarik.
Finalera, Ertizka, Oleskariak, Alkar, Karnaba (Errenterikoa) eta Ondar Beltz heldu ziren. Jaialdia Joxe Mari Iriondo Loiola Irratiko esatariak zuzendu zuen.
Bost otxoteek batera kantatutako Festara piezarekin hasi zen ekitaldia. Eta jarraian, banan-banan ekin zioten epai mahaiak ezarritako lanari. Taldeen lan bikaina osatu zuten publikoaren gozamenerako, eta azkenik Oleskariak atera zen garaile eta bigarrena Ertizka. Oleskariak otxoteko zuzendaria Imanol Urbieta genuen, Gureako eszenatokian bertan ataratako goiko argazkian hirugarrena eskuinetik hasita. Hemen daukazu, Oleskariak taldeko kideek 1967 urte hartan bertan grabatu zuten diskoko abesti bat.
Argazkiak: "Herriaren Oihua" liburutik
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina