maiatza 17, 2017

LEGE SALIKOAREN OIHARTZUNA ARAMAION, 1830-33

Fernando VII
Espainiako historian 1830eko martxoaren 29ko data esanguratsua izan zen, egun hartan gertatu baitzen “Pragmática Sanción” edo Berrespen Pragmatikoaren aldarrikapena, Fernando VII.aren aldetik. Beraren bidez, Lege Salikoa deuseztatzen zen, hau da emakumeak ezin zitezkeela erreginak izan adierazten zuena. Fernando VII.aren emaztea haurdun zegoen data hartan.

Aramaioraino ere iritsi zen espainiar Gortean bizi zen zurrunbiloa eta 1830eko ekainaren 10ean Aramaioko udalak Fernando VII.aren emaztearen haurdunaldiaren eta Lege Saliko bezala ezagututakoaren indargabetzearen berri izan zuten, batera.  

“Se leyó una Real Orden expedida en veinte y nueve de Marzo, relativa a la sucesión regular de la Corona de España para la observancia perpetua de la Ley Segunda, título quince, partida segunda”
...
Isabel II
“Se leyó otra real orden de nueve de mayo, relativa a la preñez de la Reina y que en acción de gracias al Divino se hiciese rogativas públicas y secretas, suplicándole de bien dispensar a la Reina un feliz alumbramiento, y que cubriese con el escudo de su omnipotencia el fruto de nuestra venturosa vida para que prosperen la religión y el estado”

Haurdunaldi hartatik urrian neskatila bat jaio zen, Isabel II izango zena. Fernando VIIak “Pragmatica Sanción” izenarekin ezagututakoa aldarrikatu zuen alaba jaio baino lehen. Neskatila hura erregina izan zitekeen, baina…

Fernando VII.aren anaia Karlosek presioa egin zuen bere aldekoekin eta erregea gaixorik zegoela aprobetxatuta Fernandorengandik lortu zuten Berrespen Pragmatikoa balio gabe uztea 1832ko irailean, Karlosek berak bere burua erregegaitzat hartuz. Hala ere, erregearen ustekabeko osasun-susperketa izan zela eta, Fernando VII.ak ostera betiko ezabatu zuen Lege Salikoa 1832ko abenduaren 31n, eta hiritarrei erret-agindu baten bidez azaldu zitzaien erabakia. Aramaioko udal batzordeak 1833ko urtarrilaren 25ean irakurri zen agindua:

Karlos erregegaia
“Se leyó una Real Orden fecha cuatro del corriente relativo como su Real Majestad restablecido de la enfermedad, ha determinado volver a encargarse del despacho de los negocios desde el mismo día; Otra de la misma fecha declarando por su Majestad nulo el decreto que se le arrancó por sorpresa en los momentos más graves de su enfermedad, derogando la Pragmática sancionada de veinte y nueve de marzo de mil ochocientos y treinta, que trata de la sucesión regular a la corona de España; y enterados dichos señores, acordaron su cumplimiento”

Une haietan Simon Etxebarria zen Aramaioko alkatea. Handik zenbait hilabetetara Fernando VII hil zen eta Isabel II erregina koroatu zuten. Gerra karlistaren hastapenetan zeuden.

Argazkiak: Wikipedia






maiatza 10, 2017

podcast. ARRASATEKO PARROKIAREN KANPAIAK (2tik bigarrena). podcast


Aurreko batean eman nuen Arrasateko eliza nagusiaren dorreko kanpaien berri laburra. Segitzen dut gaiarekin, informazio iturria ez dagoela agortuta adieraziz. Oso gai interesgarritzat jotzen dut eta historialari gazteek - edo ez hain gazteek- badute non arakatu. Noan, dena den, aurrera.
Kanpai-danbadek zentzu desberdina izan dute beti. Hona hemen kasu batzuk: 

Angelusa: “Goiz, arratsa ta eguarditan, Ama goresten zaitugu” Hiru aldiz jotzen zen egunean, kanpantorpetik bigarren finkoaren sokari tiraka: goizeko 5etan, eguerdiko 12etan eta arratsaldeko 6etan.Goizekoa ez zen nolanahikoa,: hiru danbada lasairekin hasten zen eta jarraian beste …  hogeita hamairu!! arin.

Iratzarpen ederra, bai alajaina! Baina dena uler daiteke, kontuan badugu garai haietan iratzargailurik ez zegoela etxeetan eta lanean goizeko 5´30etan hasten zela. “Albakua” esaten zitzaion goizeko errepike horri.

Eguerdiko eta iluntzeko danbada jotzea desberdina izaten zen. Bietan, lehenik hiru ezkil kolpe lasai eta jarraian hiru kolpeko hiru serie ematen zituen enkargatuak, hots denetara hamabi danbada. 


Arimak: Anima bedeinkatuak, Jaungoikuak daixela barkatuak" azken Angelusen ondoren eta ezkilen soinuarekin amaitzeeko Garbitokiko arimen aldekoa jotzen zen. Finkoetakoa handienaren mihiari lotutako sokari tiratzen zion kanpai-joleak, bi toke arineko hiru serie burutuz. "Animena" esaten zitzaion.

Biatikoa: Ahal zenean, bigarren finkoarekin publikoki iragartzen zen azken sakramentuen – aitortza, jaun hartzea, oliadura- ematea, hiru serietako bost kolperekin. Zerbitzua baserriren batera eraman behar bazen, kanpai jotze horri gehitzen zitzaizkion beste hiru kolpe. 

Heriotzak: “Agonia” zeritzan tokearekin iragartzen zen heriotza, lehen finkoarekin – handiena-  hiru serietako hiru kolpe geldi emanez. Hileta elizkizunetarako deian, berriz, bi finkoen eta “Ezkila makurra” eta “San Francisco”ren jotzeak tartekatzen ziren, azkenean bi mihiak batera erabiliz bi kolpe ematen ziren hildakoa emakumezkoa izanez gero eta hiru kople gizonezkoekin. 

Hildakoak haurrak zirenean, kanpai txikietan – iraulketakoak- jotzen zen mihia, kanpaia irauli gabe. Azkenean, bi toke hildakoa neskatoa bazen eta hiru mutikoen kasuan.

Gorpuaren garraiaketan ere kanpaiak etengabe ari ziren. Apaizak hildakoaren etxerantz elizatik abiatzen zirenetik berriz elizara gorpuarekin itzuli bitartean jotzen zuten, finkoetako handiena, modu geldiaz. Eta berdin egiten zen mezako Sanctus ofizioan eta azken unean kanpantorpean, amaierako errespontsoa egiten zenean. Azken toke honi “kanpantorpeya” esaten zitzaion. 

Ostiralak: Urteko ostiral guztietan, arratsaldeko 3etan Jesukristoren heriotzaren ordua gogoratuz, finkoetako handia jotzen zen, bi tokeko bi serietan. 

Jai bezpera: jaiaren iragarpena egiten zen, iluntzean, kanpai-joleak “Ezkila makurra” eta “San Francisco” batera joz. Baina jai handien bezperan errepike eta iraulketa kanpai guztiekin burutzen zen. Tartekatu egiten zen iraulketa finkoetako errepikearekin edo “San Juan” edo “San Vicente” kanpaien “soluak” zeritzanarekin. 

Amaitzeko, diodan, Arrasateko zenbait elizetako kanpaien soinu desberdinak zirela eta, herritarren artean istorio bat ezaguna egin zela. Arrasate Zientzia Elkartearen blogean Javier Bengoak idatzitakoa irakur daiteke:
“Las campanas de un convento de monjas del pueblo decían:

     - Beti miseriya, beti miseriya (Siempre miseria, siempre miseria)

La del otro convento de monjas contestaba:

     - Guk ere bai, guk ere bai  (Nosotras también, nosotras también)

La de los frailes replicaba:

     - Izango da izango, izango, izango (La
Kontzezinoko komentua, 1978an
tendréis y la tendréis, tendréis y tendréis)
 
  La parroquia terminaba el diálogo diciendo, por la voz de la campana grande:
      - Hor konpon, Hor konpon; gu ongi gaude, ongi gaude (Ahí os las arregléis. Ahí os las arregléis; nosotros estamos bien,  estamos bien) 

Juan San Martinek Euzko Gogoa aldizkariaren 1958ko martxoa-apirileko zenbakian idatzi zuen, oreixa agertuz bat Soraluzeko San Andres baselizatxoko kanpaiak “An, an, an” zioen bitartean, parrokiakoak “Nun da, nun da, nun da?” galdetzen zuela; erantzuna mojen komentuko kanpaiak ematen zuen: “Tella-tuan; tella-tuan; tella-tuan…”
 
Argazkiak: JMVM

                       Kanpaien gaineko lehen zatia:
https://txemax3.blogspot.com.es/2017/05/arrasateko-parrokiaren-kanpaiak-2tik.html