martxoa 06, 2013

CANUTO ARANZABAL DENDA-TABERNA





Canuto Aranzabal

Adineko arrasatearren gogoan “Canuto” izena herriko denda-taberna batekin egon da lotuta. Eta txoko honetan azaldutako beste kasu batean bezala –Karrikiri dendari nagokio- gutariko askok urtetan uste izan genuen Canuto ere izengoitiren bati zegokiola. Bada, ez. Izen propioa genuen eta Arrasatera XIX mendearen hondarretan heldutako Angiozarreko gizakume batena zen. Angiozartarra izanik, ezin zuen beste abizenik eduki: Aranzabal.

Canuto Aranzabal Aldekoa Angiozarren (garai hartan Elgetako auzorik garrantzitsuena) jaio zen, 1852ko urtarrilaren 19an. “Agurlaeta” –Aguleta bihurtua- baserrian hiru seme munduratu ziren 1846 eta 1852 bitartean, eta Juan Paulo nagusia geratu zen maiorazko, beste biek –Canuto eta Maximo- Ameriketarako bidea hartu behar izan zutelarik. Lehenik Cuba hautatu zuten helburu baina karibear uhartean txakurrak ere oinutsik zihoazela ikusi ondoren Mexikora aldatzea otu zitzaien eta horixe egin zuten 1872an. Cuba artean espainiar kolonia zelako, bertako gobernadore politikoak luzatu zien anaiei Mexikorako beharrezko igarobidea.

Canutoren igarobidea, Cubatik Mexikora joateko 1872an
 Baina mexikar lurraldean ere ez bide zitzaien panorama kolore argiz azaltzen eta bi anaiek Euskal Herrira itzultzea erabaki zuten, XIX amaitu aitzin. Eta bi anaiak Angiozarrera ailegatu ziren lehenik baina aurki Arrasaten ipini zituzten begiak euren bizimodua aurrera ateratzeko.

 Canuto 1892ko ekainaren 8an ezkondu zen Arrasateko San Juan Bataiatzailean Saturnina Gantxegi Idigorasekin. Gantxegitarrak Bergaratik zetozen, aita Juan herri hartan jaio zelarik. Saturninaren ama Karmen, aldiz, Bedoñakoa (garaian Aretxabaletako auzoa) zen. Eta Ferrerias kaleko 30. zenbakian bizi ziren, Frantzisko, Saturnina eta Inozentzia seme-alabekin. Sendiko burua ofizioz sarrailaria zen eta Vergarajauregui, Resusta y Cia enpresan lan egiten zuen.

Canutoren denda-taberna, 1915ean
 Etxebizitzaren Olarte kaleko aldean gantxegitarrek denda-taberna bat zeukaten –“gantxegixena”- eta Canuto beraiekin hasi zen lanean. Eta negozioetarako erakutsitako trebetasun eta gogoa zela-eta, handik gutxira negozioaren titularra bilakatu zen. Canuto oso gizon atsegina bide zen eta aurki biderkatu zuen bere bezeroen kopurua. Apopiloak ere hartu zituen etxean eta negozioa oso ondo joan zitzaion. Feriako ostiraletan bikain betetzen zuen kutxa baserritarrekin, ederto prestatutako okel egosia eta tripakiek erakarrita. Ardo pitxarrak ere bata bestearen ondoan husten ziren. 

 Eta dendan, batez ere baserri-gaiak saltzen zituen: igitaiak, aitzurrak, aizkorak, sardak, sokak eta hamaika produktu gehiago. Etxe-kontsumorako gaiak ere han zeuzkan Canutok saltzeko prest: xaboiak, zartaginak, buztinezko eta metalezko eltzeak, kontserba-poteak, likorrak… A! Eta kirol-gailuak ere bai: kainaberak, kartutxoetarako polbora, perdigoiak, …

Denda-tabernak zeukan abantailarik handienetakoa zen, toki estrategikoan zegoela kokatua. Establezimenduaren aurretik igarotzen zen errepide nagusia eta zalgurdi zein automobilak (gutxi, baina banaka batzuk bai) Canutoren denda paretik pasatzen ziren. Zer esanik ez, "ferixara" euren ganaduekin hurbiltzen ziren baserritar askok ere Canuto agurtu behar zuten derrigor euren joan-etorrietan. Horrek guztiak ondu zuen gure gizonaren negozioa.

Canutok landatutako gaztainondoa
Arrasaten hain ezaguna dugun Arbolapetako gaztainondoa Canutok landatu zuen XXaren lehen hamarkadan. Ondoko “barrenderixie”-ren albotik errekarako eskailerak ziren eta handik bidaltzen zuen Canutok Jose Mari semea, gaztainondorako ur bila.

Canuto-Saturnina bikoteak hiru seme-alaba izan zituen: Anizeto, Jose Maria eta Jesusa. Aurrena Unión Cerrajerako enkargatua izan zen eta geroago La Industrial Mondragonesa “Kutxarera”ra igaro zen, bazkide gisa. Bere bigarren ezkontzan Dolores Resusta Olañetarekin egin zuen, hain zuzen ere Karrikiri dendaren laugarren belaunaldiko titularra izango zenarekin. Horregatik, Karrikiri eta Canuto dendak “lehengusuak” dira. Saturnina 1903an hil zen eta Canuto bigarren aldiz ezkondu zen, emazte berria Lorenza Uribarri abadiñotarra izan zelarik.

Amaren heriotzak Jesusa Gellaoko “Arkasuena”ra eraman zuen eta bertan hazi zen, moja sartzea erabaki zuen arte. Meseedetako Karmeldarren abitua jantzi eta gutxira Ameriketako bidea hartu zuen, Montevideo eta Buenos Airesen lan egin zuelarik. Argentinako hiriburuan hil zen.

Canutoren Jose Mari semea eta Maria, senar-emaztea
 Jose Maria semeak Unión Cerrajera ihardun zuen 14 urte bete zuenetik bere jubilaziora arte. Modelista izan zen. Baina lantegian hamaika ordu ematen zituen arren bera izan zen “Canuto Aranzabal” negozioaren jarraitzailea. 

Jose Maria 1925ean ezkondu zen Gellaoko “Tellalde” baserriko Maria Guruzeta Aranzabalekin. Eta senar-emazte berriak Ferrerias kaleko sendi-etxera joan ziren bizitzera. Maria ezkondu berria “Canuto”enean hasi zen lanean. Baita “gantxegixena”ko laugarren belaunaldikoak –Esperantza eta Jose Luis- ere gazte-gaztetatik aritu ziren tabernan. Jose Luisek gogoratzen du Aprendizetako Eskolan ostiral arratsaldeetan jai hartzen zuela, tabernan laguntzeko.

Baina Maria ama nekatu egin zen, taberna egunero irekitzera behartzen zuen bizimodu gogor hartaz eta Olarte kaleko negozioa kentzea erabaki zuen sendiak 1944ko azaroaren lehenean. Ordutik eta hamabost bat urtez “Txantxote” sendiak eraman zuen taberna eta 1959an arraindenda bihurtu zen, 1990ra arte. Gaur egun bazar bat dago, Canuto Aranzabal denda-taberna egon zen tokian.

Erdian Jose Luis Aranzabal, Canutoren biloba
Aranzabaldarrek, ordea, Olartekoa kenduta Ferrerias kaleko 30era aldatu zuten denda. Eta espezializatu egin ziren kirol gaietan. Arrasaten izan zen lehen denda espezialdua izan zen. Arrantza edota ehizarako zaletasuna izan dugunok ongi ezagutu genuen denda hura, 1993an betiko itxi zena. Berrogeita hamar urte izan ziren, salmahaiaren atzean Maria (1976an hila) Jose Maria (1993an) eta Esperantza eta Jose Luis alaba-semeak eduki genituelarik.

Arrantza eta ehiza zaleok ongi gogoratzen ditugu Ferrerias kaleko dendan emandako egon-tarteak. Oraindik ere nire tramankuluen artean "Canutonien" erositako kainabera eta gainerako gailuak dauzkat. Oroitzapen onak ekartzen dizkidate. 

otsaila 27, 2013

ELURTE HANDIA ARAMAION, 1830ean



Otsaila izenaren etimologia  otso hitzetik etor daitekeela diote gaiari buruz dakitenek. Bada esaera zahar bat ere, negu eramangarria denean “Otsoak ez du negua jango” dioena, lehenago edo geroago hotzak eta berak dakartzan kalteak agertuko direla gogoratu nahi izango balu bezala. Oraintsu izan ditugun elurteak esaera horrekin muga genitzake. Eta ziurrenik, aramaixoarrek horrelako zerbait oroitu zuten 1830eko otsailean ere, egundoko elur jasa izan baitzen ibarrean, biztanleen artean beldurrak toki hartuz.

Elur ekaitzak sekulako neurriak izan bide zituen eta Udalak bere ahuleziatik erabaki behar izan zuen herritarrengana nolabaiteko babes eta laguntza eramateko. Horrela, otsailaren 25ean, Frantzisko Antonio Ruiz de Mazmela alkatearen agindupean udal-justiziako arduradunek bilera egin zuten. Begira nola hasten zen bilerako akta:

 
“Los señores constituyentes manifestaron la triste situación en que se había visto y se hallaba aún en el dia el valle a consecuencia de las nebascadas tan extraordinarias, por las cuales un número grande de habitantes habían quedado en grave situación..”
 
“Nebascada” hitza erabiltzen du Frantzisko Maria de Zuazu idazkariak. Bideak itxita zeuden eta ezin zen baserrietara iritsi. Bestalde, eraikinek kalteak pairatu zituzten eta hotzak arriskutan jartzen zituen baserritarren biziak.
 
“…que en tales circunstancias  no pudiendo mirar con indiferencia la suerte desgraciada de los habitantes en temporal tan extraordinario, y sin embargo de hallarse absolutamente sin fondos algunos…”
 
Aramaioko Udala defizitean zegoen. Frantziarren kontrako gerran pilatutako zorrak artean ordaindu gabe zituen eta Arabako Diputazioak estu lotzen zituen aramaioar sakelak, ahalik eta diru gehien atera nahian. Gauzak ez zeuden bat ere goxo. Hala ere:
 
“… para hacer frente a las precisas urgencias que requiere el caso, no teniendo caudal ni arbitrio alguno el Santo Hospital de este valle, y no queriendo por ahora recurrir a exacciones violentas a los pudientes, se acuerda se exija el arbitrio de dos reales en azumbre de vino clarete hasta fin de febrero, destinando exclusivamente su producto al socorro de los infelices necesitados para lograr el loable objeto de que no perezcan por falta de subsistencia, y mediante a que el arbitrio acordado no puede producir para atender en el momento las necesidades que son indispensables y remediarlas, se admitió la oferta del Regidor Preheminente (1) de hacer los adelantos necesarios, autorizándose al mismo para hacer los socorros según le dicte su prudencia, esperando no llegara el caso de perecer persona algua por falta de subsistenca precisa y dando cuenta a esta junta si el temporal siguiese en su crueldad, para resolver lo conveniente y todo ello bajo la reserva de dar cuenta al valle en la primera reunion general”
 
Gure historia hurbilak behin eta berriz erakusten digun bezala, gehien ahal zutenei eskatu edo exijitu beharrean, txurruteroen ahalmenean utzi zen orduan ere kaltetuentzako laguntza. Bestalde, bilera 25ean egiten ari zela kontuan izanda, ez dirudi diru asko egingo zenik otsailaren amaiera bitartean.
 
Alkateak bileran adierazi zuenez, auzoetako egoera oso larria zen eta ezinbestekoa zuten baimena ematea teilatuen konponketari ekiteko, udal sindikoaren aldez aurreko inspekzioa burutu aitzin, udal arauak markatzen zuen bezala. 
 
(1) Urte hartan Julian Domingo Etxebarria zen karguan zegoena.


Argazkiak:

b) http://www.flickr.com/photos/54989697@N02/8499164383/