| Viteriren monumentua, 1915ean |
Historikoki, udal erabakien artean gizartearen beraren bilakaera etengabea antzeman daiteke, samur asko. Eta udal aktetan herriak bizi izan duen aldakuntza islatzen da gardenki. Gaurkoan bi adibide ekarri nahi ditut, 1918ko udal aktetan islatutakoak
Juan Goñi Aranguren zen alkatea urte hartan, eta zinegotzien artean pentsamolde desberdinetako kideak ziren. Liberalak, abertzaleak, karlistak, monarkikoak… Hau da, sarritan nor beraren ideologia – ez bakarrik politikoa- lehenago zen, herritarren onura baino.
Pedro Viteriren heriotzaren hamargarren urtebetetzea zen egun haietan eta efemeridea ospatzera deitu zuten Viteri Fundaziotik. Pedro Viteri 1908ko maiatzaren 21ean hil zen, eta hamar urte geroago Arrasateko Udalak erabaki bat hartu behar zuen, Fundaziotik aurkeztu zitzaion eskabidea zela eta. Fundaziokoek – Ricardo Añibarro medikua tokiko ordezkaritzaren lehendakaria zela- Arrasateko mezenas izan zena gogoratzeko maiatzaren 28an egin nahi zituzten ekintzetan, herriko Udal Musika Bandak jotzea eta herriko eskoletako neska mutikoak euren maisu eta maistrekin agertzea eskatzen zuten, jaiari behar bezalako “tornuia” emateko.
Juan Goñi alkateak, ospakizuna izango zen asteko osoko udal bilkuran garbi utzi zuen bera ez zela agertuko, Viteri baino – beraren ustez- Fundazioa bera nabarmendu nahi baitzen eta pertsona bezala ez zegoen ados Fundazioaren jokaerarekin, “ya que le falta un punto esencial para un buen católico, cual es la intervención de la iglesia en la enseñanza de materia religiosa, que le corresponde por derecho…” Goñi alkateak gehitu zuen, ordea, Añibarrok adierazi ziola Fundazioan ez zela ezelako eragozpenik herriko erretorea Patronatoaren herriko batzordean parte hartzeko.
Arexola Leyba liberalak gogoratu zuen omenaldia ez zihoala Fundazioa goraltzeko, Pedro Viteri herriko gizon esku zabala baizik. Eztabaidaren ostean Garay abertzaleak irtenbide bikoitza planteatu zuen: a) Udal Musika Bandako kideei askatasun osoa ematea, ekintzara joateko ala ez b) Maisu-maistra eta haurrei, ekintzara joatea guztiz debekatzea.
| Juan Goñi alkatea |
Gauza da bi irtenbide horiek bozketara atera zirela udal agintarien artean eta emaitza honakoa izan zen: Bandako kideek askatasuna edukitzearen alde zortzi zinegotzik bozkatu zuten eta lauk kontra. Bestalde, zenbaki berdinekin haurrei eta maisu-maistrei debekua ezarri zitzaien.
Urte hartako udal aurrekontuan – eta gaur egunekoan ere bai- diru sarrera bat herritarrei ipinitako isunen aldetik zetorren. Baina itxuraz ez zuen gastu handirik estaltzeko nahikoa izaten eta alkateak urtarrilaren 16ko bileran proposatu zuen beste formula bat isunak bideratzeko. Goñi jaunaren esanetara: “el importe del 35% de las multas municipales es insignificante y observo la necesidad de estimular las denuncias para corregir conductas por incumplimiento de las ordenanzas municipales, mejorando así las costumbres públicas, el respeto a las personas y, en fin, el cumplimiento más exacto posible en la práctica de las expresadas ordenanzas…”
Eta alkateak proposatu zuen isunaren kopurua beste modu batean banatzea: %70 salatzailearentzat; %20 idazkaritzarentzat eta %10 estatuarentzat. Goñik uste zuen horrela biderkatu egingo zela salakuntzen jarioa. Zinegotziek ez zuten gaizki ikusi proposamena, garbi utzi bazuten ere egokiena salaketak udaltzain, mikelete eta guardia zibilen eskutik jasotzea zela. Ez dakiguna da formula hark eragin zuzena izan ote zuen salaketen igoeran eta, beraz, diru iturrien hobekuntzan.
Egun hartako bileran ere beste gai bitxia izan zuten zinegotziek esku artean: zorriak, konkretuki diru eskaleen zorriak. Eta horrela irakurtzen da aktan: “.. Habilitar un local alejado en lo posible del casco del pueblo, para Estación de despiojamiento de mendigos, gitanos y nómadas para evitar la introducción del tifus exantemático que reina en Portugal; y cuyo servicio se organizará bajo la dirección de los médicos municipales”
Baina perspektibaren aldetik gehien harri gaitzakeena ondoko hau da: urtarrilaren 23an udal zinegotziek aztertu zuten estatu Eskola Militaretik jasotako eskabidea. Gauza zen haren teniente batek proposatzen ziola Udalari Arrasaten tiro eskola bat irekitzea, bost ehun pezetaren truke, soldadutzara joan behar zutenek praktikak egin ahal izateko. Ez noa proposamenaren ontasuna epaitzera garai desberdinak baitira, baina bitxikeria handiagoa iruditu zait zinegotzi liberala zen Juan Martin Arexola Leybaren jarrera, zioenean: “no sólo es útil para los reclutas sino también veía interesante la oferta del teniente de organizar un batallón infantil” Arexola Leybaren iritziz, ume haiek soldadutzara iristean soldaduen bide erdia eginda izango zuten eta besterik gabe maila altuago karguetara helduko ziren, denbora instrukzio eta tiroa alperrik galdu gabe.
Esan behar da, Segundo Etxebarria eta Esteban Garay zinegotzi abertzaleak zeharo kontra zeudela eskola militarraren egitasmoarekin. Bi horiek, gaia eztabaidatu zen saioetan bilkura gelatik ateratzea eskatu zuten, baita horrela egin ere. Diodan, nik dakidanez, eskola hura ez zela inoiz gauzatu.
Argazkiak: "Guipúzcoa 1915" aldizkarikoak
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina