uztaila 12, 2023

PEDRO VITERIREN LEHEN MENDEURRENA. 1933


Pedro Viteri da Arrasatek emandako pertsonaiarik ospetsuenetakoa, eta eraginkorrenetakoa. Denboran haren irudia gero eta zirriborrotsuago geratzen zaigun neurrian, garrantzitsuagoa iruditzen zait mezenasaren gaineko erreferentzia idatziak sortzea, XX. mendeko Arrasateko garapen sozial, ekonomiko eta kulturalean hain oinarrizkoa gertatu zen pertsona datozen belaunaldiek ahaztu ez dezaten. Hori guztia, jakina, Viterik abian jarri zuen hezkuntza sistemaren bidez erdietsi zen eta justiziakoa da noizean behin ozen aldarrikatzea gizon haren lana. 

Behin idatzi nuen,  arrasatearrok —edo nire kasu bezala hemen ia-ia bizitza osoa eman dugunok— oroitzapen freskoak ditugula, herriko gune zentrikoan genituen eraikin bikain haietaz. Viteri eskolak ziren, eta argazki zaharretan neur daiteke beren osotasunean eraikin haien bikaintasuna. Arrasaten —ziur asko— sekulan eman den laguntza filantropiko handienaren emaitza ziren. 1833ko uztailaren 18an Iturriotz kalean munduratutako Pedro Viteri Aranak pilaturiko bere diruekin finantzatutako eskola zaharrak genituen. Zer gogorapen ederrak, ezta? Zenbat une goxo, eskailerako harmailetan, arratsalde pasa, edota Unión Cerrajerako langileen joan etorriari begira! Eta gaztaina pilongak (indigaztainak) lorategi zabalean? Zenbat borroka gaztainak elkarri jaurtikiaz! Eta petrinak egiten genituen gaztaina haiekin... Eta neskatoak soka-saltoka “Don Cirilo pastelero” edo “Al cocherito lere”-ka, aurreko jardinean. Eta abar, eta abar. Viteriko Lorategiak arrasatear askoren lekurik gustukoena ziren.

Gaurkoan gizon haren jaiotzako lehen mendeurrena gogoratu nahi dut, garaiko prentsaren bidez, eta horretarako “La Voz de Guipúzcoa” egunkarira jo dut. 

Viteri Kasinoa genuen XX.aren bigarren eta hirugarren hamarkadetan Arrasateko gizarte eragilerik prestuenetakoa. Eta elkarte horretakoak izan ziren udalari planteatu ziotenak omenaldi aproposa eratu behar zitzaiola Pedro Viteriri; baita udalak ideia bere egin ere. Aurreneko albistea eman zen, orduko alkateak – Eugenio Resusta Olañeta- Diputazioko lehendakariari bisita egin zionekoa da, maiatzekoa,eta probintziako lehen erakundearen babesa jaso zuen udalak egitasmoarekin aurrera segitzeko. Laster Arrasaten egitaraua prestatzeari ekin zioten Kasinoko kideek. Lehen ideia izan zen, Ricardo Añibarro Santa Agedako medikuari ponentzia bat eskatzea, hitzaldia eman zezan herriko antzoki batean. Baina Añibarrok – Viteri bertatik bertara ezagutu zuena- uko egin zion gonbiteari.
Ekitaldia uztailaren 23an, igandea, antolatzea erabaki zuten eta horrela egin zen. Eta 25eko edizioan, aipatutako egunkariak zioen: 

“Orgulloso puede sentirse Mondragón ante la magnificencia de los actos celebrados el domingo con motivo del centenario de don Pedro Viteri. Orgullo justo que acarició un tiempo suave y una alegría sin límites. Fiesta de cultura, de emoción, de gratitud. Expresión evidente de que la semilla esparcida por el filántropo ha dado sus frutos. El homenaje del domingo es el mejor comprobante de esa floración” 

Publikoa Viteri Lorategietarantz, 1933-07-23an
Igande goizean iritsi zen Luis Castro Casal Diputazioko presidentea heldu zen eta herriko agintariekin ostera bat egin zuen herritik barrena. Ordurako herriko txistulariak ari ziren bazterrak alaitzen. Esan behar da, herriko alkatea ez zela Resusta, Luis Martinez de Ubago baizik, aurrekoak osasun arazoak zirela eta egun batzuk lehenago dimisioa azaldu baitzuen.  Agintariekin batera, Eugenio Etxebarria Viteri Kasinoko presidenteak lagundu zien kanpotik etorritakoei. Udaletxean banderak ageri ziren eta baita Zentro Errepublikazalean eta Viteri Kasinoan ere. Viteri Fundazioaren Gipuzkoako eskoletatik maisuak eta ikasleen ordezkaritza bat ailegatu zen Arrasatera ekitaldirako; eta Viteri Fundazioa presente zegoen udalerrietako ordezkariak ere garaiz heldu ziren. 

San Frantzisko elizan ospatutako meza batekin ekin zitzaion egitarauari, eta amaieran “Euzko Gaztedia”ren orfeoiak “Libera me” abestu zuen. Jarraian, Errepublikako Plazatik Viteri Lorategietarainoko martxa egin zen, komitiba Udal Musika Bandak ireki zuelarik. Lorategietan, Angelita Arano maistrak prestatutako hitzalditxo bat irakurri zuen Arrasateko Viteri Fundazioko Basilisa Larrañaga ikasleak. Txalo beroak jaso zituzten maistrak eta ikasleak.

Lorategietatik publikoa Coliseo Bedia aretora joan zen eta bertan Alberto Casas Donostiako maisuak hitz egin zuen Viteriri buruz. Biografiaren daturik esanguratsuenak eskainita gero, oroipena izan zuen Felix Arano maisuarentzat, Arrasatera sistema didaktiko aurrerakoiak ekarri zituen maisu ahaztuezina, alegia. Eta berea amaitzeko, Casasek esan zuen inoiz Arrasatera Viteriren gorpuzkinak ekarriz gero, bere hilobian ez litzatekeela “Hemen datza Viteri” ipini behar, “Hemen Viteri bizi da” baizik. 
 
Diputazioko presidentea ere mintzatu zen eta besteak beste “Arrasatear bat dagoen tokian biterizale bat izango da beti” adierazi zuen. Bedia Koliseoko ekitaldia amaituta Musika Bandak kontzertua eskaini zuen plazan. Eta eguerdiko ordu batetan bazkaria izan zen udaletxean. Hirurogei bat bazkaltiar bildu zen eta presidentzian Martinez de Ubago alkate berria eta Arano maisuaren alarguntsa eseri ziren. Bazkal ondoko diskurtso laburren ostean, taldea Gazteluondoko Eskola Berrietako obrak ikustera joan ziren, artean inauguratu barik zeudenak. Eta amaitzeko, gauean Viteri Lorategietan dantzaldia eskaini zuen Udal Musika bandak. Hori duela ehun eta laurogeita hamar urte.

Honaino egun hartako kronika laburra. Pedro Viteri pertsona konprometitua izan zen, eta bere obrak bere biziko garrantzia du Arrasateko historian. Nekez uler daiteke gure herriko oraina Viteri eta Aranoren ekarpena ezagutu gabe.



Argazkiak: JMVM
190717an

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina